Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Gonzalo Etxebarria. Margolaria

«Bide berriak bilatzea beti da motibagarri»

Etxebarriak lengoaia berri bat atzeman du ilunaren eta argiaren arteko lauso anbiguoan, bolumenekin jostatuz. Uztaritzeko Ttok galeriarako prestatu duen erakusketari esker ediren du; pozik da.
GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko azaroak 23 - Uztaritze

Erakusketa bat estreinatuko du Gonzalo Etxebarriak (Bilbo, 1954) etzi, 19:00etan, Uztaritzeko (Lapurdi) Ttok galerian. Ikusgai izanen da abendu hondarrera arte. Lanketa horretan, erosotasunetik ilki duen «lengoaia» berri bat ediren du artistak, bolumenekin jostatuz, hori eta grisen arteko anbiguotasunean.

Erakusketak badua norabiderik?

Ez, espazioaren arabera antolatu dugu, kontrasteekin jostatuz. Estetikari jarraiki diogu, pezuegi izan gabe, eremua ez itotzeko.

Eta izenbururik badua?

[Francis] Bacon margolariak zioen literatura literatura dela, eta pintura pintura. Ene anbizioa litzateke nork bere obra, poesia edo istorioak eraikitzea margolanak ikustean.

Buztinetik abiatu zara.

Atelierretik pasatu diren jendeen eskultura bakoitzak badu bere irakurketa. Pentsatu gabe egin ditut, Txinako tinta eta luma baliatuz. Segur aski, ene baitan zerbait agertzen zen. Gerora konturatu naiz jende arranguratua zela, preseski garai hauetan hola baikara.

Nola izan da prozesua?

Ohartu nintzen itzulika ari nintzela, ideia berririk gabe. Hola, ikusi nuen posible zela bolumenaren arabera egitea beste irudi edo pertsonaia bat, argiaren ibilbideari jarraituz. Kontent naiz, uste baitut ez dudala hori oraino egin. Lau hilabetez landu dut erakusketa hau. Oso motibagarria da beste hizkuntza bat eta bide batzuk erabiltzea, bestela tranpa izan baitaiteke erosotasunean egotea. Alta, bide berriak xerkatzea beti da motibagarri.

Ez dut figuratiboa egiteko beharrik sentitzen; alta, artetarik zerbait figuratiboa agertzen da: bien arteko zerbait da. Maite dut zerbait agertzea, baina argiki ez.

Mugan.

Maite dut ilunabarreko irudi hori, gauzak badaudelarik, baina ez direlarik ageri.

Manikeismotik urrun.

Justu erdian. [Rene] Magritte surrealistak hain ongi erran zuen: ikusten direla, baina existitu gabe; polisemia da. Zuhaina ageri da, baina ez zuhaina bera. Anbiguotasun hori.

Erran izan duzu pintura lengoaia bat dela zuretzat.

Garai honetan, manipulaturik gaude. Alta, pintatzen, edo zernahi adierazpidetan ari garelarik, ene utopia da pentsatzea ez gaudela manipulaturik. Hori nahi nuen: ene baitan zen zerbait kanporatu. Ez da errealitatea, baina hori da justu orain bizi duguna. Ageri zena hau zen: arrangurak, hauskortasuna, dudak, lotsak eta esperantza. Esperantzaren esperantza.

Erran izan duzu norberaren nortasunaren manipulazioaren kontrako babesa dela artea.

Arteak bide ematen dio hori agertzeari. Ikusle gisa ere, enetako interesgarriena ez da ulertzea, baizik eta galto bat pausatzea gure baitan.

Erakusketak badua galtorik abiapuntu gisa edo horren erantzunik?

Nahiko nuke galtoak sortzea. Teknika aldetik, eta segur aski ikonografian ere, galtoak pausatu litzake baina... Adibidez, Errenazimentu garaian, gauza berak ageri ziren. Iruditzen zait arlo zenbaitetan historia errepikatzen dela. Alemanian, laborariak oldartu ziren XV-XVI. mendean, baina artistekin. Ageri da zerbait izugarri espresionista; maite dut paketa bat.

Artea protesta gisa erabili zuten?

Ikonoak egitea debekatu zieten, zeintzuk erabiltzen baitziren jendea mugitzeko eta oldartzeko. Harrapatuz gero, artistak torturatu eta hiltzen zituzten.

Zeure burua erromantikotzat daukazu. Zeure baitako sentimenduak dituzua iparrorratz?

Bai, intuitiboki pintatzeko. Espresioan ematen ditut sentimenduak. Ilusioa badut, eta esperantza. Gero, hitzekin azaltzeko, ez naiz trebe. Maite dut gauzak egitea eta neure burua harritzea, hori dut helburua. Kontent naiz espero ez nuen zerbait ikusten dudalarik.

Zerk zaitu harritu aldi honetan?

Koloreak ditut kanbiatu, beste lengoaia bat xerkatzeko: grisa eta horien gamak dira. Argiarendako oso baliagarria da, indar emaile baitira.

Esperantza aipatu duzu. Koloreek dute hori adierazten?

Ez, forman baizik ez dut pentsatzen: argia non ibiltzen den; adierazpen aldetik, bilatzen dut kontraste bat ikonoari indarra emateko. Gizakiak badu muga bat: aski duelarik, momentu batez, behar du berrikasi bizitzen dirua errege den munduan, denak lotsa garelarik, ez dakigularik gerra izanen denetz... Beti bada presioa, baina ez da errealitatea. Caminante elkartean, eri psikikoekin lan egin dugu, eta liburu bat atera dugu Robinsonen inguruan. Interesgarria izan da errealitatea non den ikusteko: gurea dea, ala haiena? Seguru badirela arrangurak, baina, bestalde, ez zioten galderarik pausatzen beren buruari, izugarri ontsa baitzekiten gauzak nola egin. Bada esperantza oraino: COVID-19tik landa, ez da inoiz izan hainbesteko biltzeko beharra; ez da dena galdurik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©GEJA KUIKEN

«Bildtsez idatzitako lehen nobela ez dadila azkena izan»

Olatz Silva Rodrigo

Bildts dialektoan idatzitako lehenengo eleberria argitaratu du Gerard de Jongek. Nortasunari eta kidego batekoa izateko sentimenduari buruzko liburua da. Tradizio baten lehenengo urratsa egin duela adierazi du.
Haur bat eta haren mentorea, iazko agur festan. ©SOS ARRAZAKERIA

Urretxindorra, bidean lagun

Amaia Jimenez Larrea

Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak duela bederatzi urte abiarazi zuen Urretxindorra, gazte migratzaileak eta goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleak elkartzen dituen programa. Zortzi bat bikoterekin hasi ziren proiektu pilotuan, eta ia berrogei dira aurten.
Jorge Ribera Eguzki irratiko esataria, artxiboko irudi batean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Eguzkik dio lege berriak ez diela lizentziarik bermatzen irrati libreei

Urtzi Urkizu

Hala ere, Iruñeko Eguzki irratiak lizentzia eskaera egingo du. Uste du lege berriaz ezin dela fidatu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainize Madariaga

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.