ATZEKOZ AURRERA. Jone Markuleta. 'Mari' filmaren zuzendari taldeko kidea

«Ez da gaztetxearen inguruko film soil bat»

'Mari. Isilik nahi gaituztenan' Oñatiko Antixena gaztetxearen hamargarren urteurrenaren harira sortutako film bat da, fikziozkoa. Datorren astean estreinatuko da, Oñatin eta Durangoko Azokan.

JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Oñati
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gaztetxeen historia zabala da; bakoitzak bere ibilbidea eta istorioa du: hori bai, beti borrokaz betea. Oñatin (Gipuzkoa), 80ko hamarkadatik gaur egun arte bost gaztetxe izan dira, eta Antixena da horietatik azkena. Abenduaren 10ean, hamar urte beteko ditu, eta, urteurrenaren harira, fikziozko film bat ekoitzi dute: Mari. Isilik nahi gaituztenan. Jone Markuleta (Oñati, 1999) da filmaren zuzendaritza taldeko kideetako bat, Mikel Garai, Anjel Lera eta Xanti Ugarterekin batera.

Ez al da apur bat bitxia urteurren baten harira fikziozko film bat egitea?

Bai, hala da. Ez genuen dokumental arrunt bat egin nahi, eta fikzio kutsuak zituen dokumental bat egitea bururatu zitzaigun. Ezagun bati erakutsi genion, iritzia eman zezan, eta esan zigun ideia hori burutik kentzeko. Horregatik egin genuen fikzioaren aldeko hautua, zerbait desberdina egin nahi genuelako.

Zer kontatzen du filmak?

Hamar urte barru girotua dago, hau da, 2032. urtean. Gaztetxean 20. urteurrena ospatu behar dute, eta batzarrean ez dago indarrik hura antolatzeko, udalak gaztetxea uztera behartu nahi dituelako. Batzarraren indarra eta borrokatzeko gogoa pizteko, Mari protagonistaren bitartez, Oñatin egondako bost gaztetxeen historia kontatzen da. Aitak eta amonak piztuko diote protagonistari gaztetxeari zabalik eusteko grina.

Nola egingo dute hori?

Mariren amonak gaztetxean parte hartu zuen 80ko urteetan. Trantsiziotik atera berritan, gazteak aske izateko leku bakarra zen. Sentimendu hori transmitituko dio amonak. Aitak, bestalde, borrokatzen irakatsiko dio: «Gaztetxea itxi digute? Beste bat okupatuko dugu».

Oñatin bost gaztetxe egon zirela esan duzu. Zergatik itxi zituzten?

80ko hamarkadan, Olaitturri auzoan zegoen gaztetxea, eta Euskal Herrian eraikin bati gaztetxe izena jarri zioten lehen aldia izan zen. Esan daiteke gaztetxe hitza Oñatin asmatu zela. Indarra galduz joan zen, eta itxi egin behar izan zuten. Gerora, beste gaztetxe bat ere izan zen, eta udalak eraikina bota zuen. Antixena, berriz, sukaldaritza eskola bat zen lehen, udalak itxita zeukana.

Jendeak borroka eta lan asko egingo zuen gaztetxe horiei eusteko. Gaur egun bizirik al dago Antixena?

Bai, oso aktibo dago. Talde askok bat egiten dute han. Jende gaztea prest dago lan egiteko ere. Horrelako taldeetan beti izaten da beldurra, ea hurrengo belaunaldiak gure lanarekin jarraituko ote duen edo ez jakiteko.

Filma autoekoitzia eta autofinantzatua da. Nola egin duzue?

Udalari diru laguntzarik ez eskatzeko hautua egin genuen. Gaztetxe bat garenez, apur bat itxuratia iruditzen zitzaigun udalari diru eske ibiltzea. Diru nahikoa genuela ikusi genuen, eta boluntario moduan egingo genuela lan. Azkenean, militantzia egiteko beste modu bat da guretzat. Grabaketa egunetan otorduren bat egiteko edo kideren bati joan-etorriak ordaintzeko gastatu dugu dirua.

Nola lortu dituzue aktoreak?

Bagenekien nora jo, eta zeini galdetu; beraz, ez da hain zaila izan. Oñatin antzerki talde bat dago, eta rolak banatuz joan ginen, gure ustez pertsonaiei ondoen egokitzen zitzaien jendearen arabera. Izen posibleen zerrenda egin genuen, eta, ondoren, antzerki taldekoengana jo genuen, falta ziren pertsonaia batzuen bila.

Gaztetxea uztera behartuko dituzte protagonistak, beraz. Gaur-gaurkoz ere gerta daiteke horrelako zerbait.

Hala da. Nire ustez, gaztetxearen inguruko film bat denez, agian jende askok ez du ikusiko, aurreiritziengatik. Ez da gaztetxe baten inguruko film soil bat, kritikaz betea dago: botere harremanak ikusten dira, zapalkuntzak, askotariko familia egoerak, nerabezaroko arazoak... Jende asko identifikatuta senti daiteke pertsonaiekin edo egoerekin.

Zer-nolakoa izan da herritarren erantzuna filmaren berri izatean?

Jendea oso pozik dago. Oraingoz, trailerra bakarrik dago eskuragarri, eta jendeari gustatu zaio. Ni urduri nago, ea dena ondo aterako ote den. Jendea filma ikusteko gogoz dago.

Noiz estreinatuko duzue, bada?

Abenduaren 8an estreinatuko da, herriko kultur etxean. Egun bat lehenago, aurrestreinaldia izango da, gaztetxean, filmean parte hartu dutenentzat. Durangoko Azokan ere izango gara, abenduaren 9an, 18:30ean, Irudienean.

Durangoko Azokara joateak ate asko irekiko dizkizue.

Bai. Nahiz eta Oñatiko gaztetxearen historia kontatzen den, edozein herritan uler daiteke mezua. Urtarriletik aurrera, beste gaztetxe batzuekin elkarlanean, proiekzio gehiago egingo ditugu: antolaketan ari gara. Gaztetxe bira bat egin nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.