ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Elorriaga. Idazlea

«Baikor hitz egin behar zaio buruari»

Auto istripu baten ondorioz, hutsetik hasi behar izan du Elorriagak. Baikortasuna da bere bizitzako iparrorratza, eta hori islatzen du bizitakoari buruz argitaratu duen liburuak: 'Bizitzeko gogoa'.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Busturia
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Medikuek 2004ko urriaren 15ean bigarren aldiz jaio zela esaten diote Ainhoa Elorriagari (Busturia, Bizkaia, 1980). Auto istripu baten ondorioz, neuronen arteko konexio guztiak galdu zituen, eta hartutako burmuineko kaltea pairatzen du. Gaur egun, %84ko desgaitasuna dauka, eta hutsetik hasi behar izan du, oinarrizko gauzak egiten ikasi.

Elorriagak Bizitzeko gogoa liburua argitaratu du El Gallo de Oro argitaletxearekin, bere istorioa baikortasunez kontatzeko. Etxeko egongelan dago, eta, liburuaz gain, zortzi koaderno ditu eskuetan: harro begiratzen die.

Hauek dira zure egunerokoak?

Bai, 2006an, begietatik operatu nindutenean, idazten hasi nintzen. Eskuina izan arren, ezkerreko eskuagaz hasi nintzen idazten, eskumako aldea geratu zitzaidalako okerren. Gero, hasi nintzen ezkerreko orria ezkerreko eskuarekin idazten, eta eskumakoa eskumakoarekin. 2010etik aurrera, ordenagailuan egunerokoak idazten ditut. Eta beste dokumentu bat daukat, gauza garrantzitsuena.

Zenbat aldiz idatzi duzu «lehen aldiz» bertan?

Imajinatu ere ezin duzu egin. 800orritik gora dauzkat dokumentu batean, lehen aldiz egin ditudan gauza guztiekin.

Urtez urte lortuz joan zaren gauzak zerrendatu dituzu, ezta?

Bai, dena: arnasa hartu, jan, zutunik jarri, ikusten hasi, idazten ikasi... automatikoki egiten ditugun gauzak berriro erakutsi behar izan dizkiot burmuinari. Zu txikia zarenean badakizu gauzak egiten, baina, nire kasuan, burmuina zeroan geratu zen, ezerezean.

Bizitzeko gogoa-n, baikortasunez kontatu duzu gertatutakoa?

Positiboki idatzita dago, zeren hain gogorra izan da dena... Ez nion neure buruari esan nahi: «Zutunik jarri nahi dut, eta ezin dut». Badakizu zergatik? Buruak badakielako. Beraz, buruari esan nion: «Ikasi beharko duzu, zeren ahal duzu; eta ez baduzu ikasten, gogaitu egingo zaitut. Neuronak, entzun: ikasi ezean, atrofiatu edo akabatuko zaituztet». Baikor hitz egin behar zaio buruari, bestela gehiago kostatzen zaio aginduak ematea.

Istripuaren aurretik, ez zinen geldirik egoten: ikus-entzunezko komunikazioa, errealizazioko eta marketineko masterrak... Baina gero, dena aldatu zen.

Bai, eta orain egiten ari naiz nire karrerarik zailena. Ohorezko matrikula hemen atera nahi dut. Zertarako? Nire bizitza ahalik eta osasuntsuena eta hoberena izateko.

Istripuaren ondoren, koman egondako lehen hiru asteak ametsetan gogoratzen dituzula diozu.

Ametsetan baino hobeto. Berriz bizitzen ariko banintz bezala izan zen. Istripuaren aurreko urteak askoz ere hobeto gogoratzen ditut istripua eduki ondorengoak baino.

Eragindako koman, ordea...

Bat-batean, ezin nuen ezer ere ikusi, arnasa hartzeak ere mina ematen zidan. Medikuei entzuten nien: «Hau gehienez egoera begetatiboan geratuko da». Uste nuen ametsetan nengoela. Nire ama entzuten nuen argazkiak esplikatzen, eta argazki horretan sartzen nintzen. Baina badakizu noiz izaten ziren momenturik onenak?

Noiz?

Mikel Urdangarin entzuten nuenean. Nik uste neuronak aktibatu egiten zirela, gorputza piztu egingo balitz bezala sentitzen nuen. Gutun bat idatzi nion Mikeli, terapiarik onena izan dela esateko.

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Oso gogorra eta mingarria. Urte asko egon nintzen 30 kilorekin. Bi urtetik gora fetu posizioan. Ez nuen uste gorputza gai zenik horrelako mina jasateko.

Nahikoa baliabide izan dituzu eskura?

Ospitalean ondo egon nintzen, baina handik ateratakoan, zer? Aita Menni zen aukera bakarra, eta pribatua da. Baliabide publikoak behar dira.

Liburuan diozu hainbat bidesari ordaindu behar izan dituzula. Gizartearen begirada da horietako bat?

Nekatu naiz entzuteaz: «Ainhoa, buruan kolpe bat besterik ez daukazu eta! Ez daukazu beste gaixotasunik». Gutxietsi egiten zaitu jendeak, pena eman nahi duzula esaten dizute. Hori ez da onartu behar, autoestimua jaisten dizulako.

Nola lortu duzu honaino iristea?

Baikorra izaten, eta neure buruari esaten: «Zuk ahal duzu». Beti izan naiz burugogorra, baina orain askoz ere gehiago, eta eskerrak. Gurasoek ere izugarri laguntzen didate.

Zer erronka daukazu etorkizunera begira?

Sendatzen jarraitzea. Nik badakit ez naizela lehengo moduan egongo, baina hori zu ere ez; denok aldatzen gara, segundotik segundora. Ahalik eta min gutxien sentitzea, niretzako hori da funtsezkoena. Nire lana errehabilitazioa egitea da, eta ez daukat ez oporrik, ez jaiegunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.