ATZEKOZ AURRERA. Jon Ariño. Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko kidea

«Osasun publikoko arazoa da zarata»

Urteak daramatza bere etxe inguruko tabernen eta dantzalekuen inguruan sortzen den zarata jasaten. Ez jasaten bakarrik, baita salatzen ere. Uste du herritarrak ez direla jabetzen osasun arazoaz.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jakes goikoetxea
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko Uribitarte Anaitasuna bizilagunen elkarteko kidea da Ion Ariño (Zalla, Bizkaia). Urteak daramatzate haien etxe inguruan eta auzoetan gauetan jasan behar izaten duten zarata salatzen. 7 Ordu Lo plataforma osatu zuten iazko urte bukaeran, arazo berari aurre egiten dioten Bilboko, Durangoko, Barakaldoko (Bizkaia), Gasteizko eta Donostiako bizilagunen beste elkarte batzuekin. Clown performance bat egin zuten herenegun, Bilboko Ledesma kaleko terrazetan, lotarako arroparekin jantziak zituzten aktoreekin, jendea jabetzeko terrazetan eta taberna inguruetan sortzen duten zarataz eta bizilagunek atseden hartzeko beharraz.

Zer-nolako harrera izan zuen performanceak?

Jendeak asko enpatizatu zuen gurekin. Aldarrikapen ludikoa eta dibertigarria izan zen, aktoreek besarkadak eman zizkieten bezeroei. Herritar batzuek onartu zuten oso ozen hitz egiten dutela, jarrera aldatu beharko lutekela...

Gauean egin beharko zenukete, tabernetan, dantzalekuetan eta haien kanpoaldean jende gehien biltzen denean.

Gaueko festa eremua terrazetakoa baino bihurriagoa da. Ordu batetik aurrera, jendea alkohol asko edanda eta bestelako substantziak hartuta egoten da.

Henao kalean bizi zara. Zer arazo izaten dituzu?

Arazo nagusia Uribitarten bizi direnek daukate. Jendeak kalean edaten du, edukiontzietan eta ezkaratzetan pixa, botaka... Ez da hiri eredu jasangarria.

Atseden hartzeko arazoak dituzue?

Bai. Merkatuko leihorik lodienak jarri genituen. Gontzak indartu behar izan genituen, kristalen pisuagatik. Hala ere, zarata entzuten da.

Zaratak bizitza baldintzatzen du?

Bai, asko. Aurrekoan, emakume batek esan zidan astelehenetik ostegunera kalera begira daukan logela batean lo egiten duela, eta ostegunetik igandera, berriz, barrura begira dagoen beste batean.

Zer esaten dizuete Bilboko Udaleko ordezkariek?

Zenbait aldiz bildu gara alkatearekin eta zinegotziekin. Esaten dute guztia kontziliatu behar dela; baina eskubideak behin eta berriro begiratuta, osasunerako eskubidea dago oinarrizko giza eskubideen artean, ez aisialdirako eskubidea. Esaten digute ostalaritza negozio bat dela, lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituela. Bai, baina bizilagunon osasunaren bizkar.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan zuen gaueko aisialdia beharrezkoa dela «hiri bizi batentzat».

Bizilagunen bizkar. Esan diegu: batzuen etekina bizilagunen osasunaren kontura da, horrek ez du balio.

Elkarbizitza arazoa da?

Elkarbizitza arazoa bada, baina batez ere osasun publikoko arazoa da.

Zaratak osasunean dituen ondorio kaltegarriak gizarteratzea falta da? Gaixotasun isila da zarata.

Behar bezalako atsedena ez izateak sekulako ondorioak ditu eguneroko bizimoduan. Osasunaren Mundu Erakundeak esaten du 55 dezibelioak gainditzen dituen gaueko zaratak bihotzeko eta zirkulazioko arazoak eragin ditzakeela, neurodegeneratiboak... nahi adina dokumentazio zientifikoa dago. Gaixotasunak eragiten ditu, baina ez da behar beste zabaldu, eta herritarrek ez dute barneratua zaratak zer neurritan eragin dezakeen osasunean.

Bizilagunen elkarte bateko ordezkariak esan zuen arauak badaudela, arazoa horiek betearaztea dela.

Halaxe da.

Udalak zigortu nahi ez badu, kontzientziazio kanpaina serioak egin beharko ditu, ezta?

Bartzelonako aisialdirako eremu beroenetan, enpresariek beraiek bultzatuta, mimoak kontratatu dituzte: bezeroak lokaletatik atera ahala, keinuekin-eta, ozen ez hitz egiteko eta zaratarik ez sortzeko eskatzen diete. Bizilagunen arabera, emaitza ona da, zarata gutxitu da. Horrelako zerbait egin daiteke.

Bilboko ostalaritza lokal batzuek Latxi ardia sortu zuten, jendeari zarata ez ateratzeko eskatzeko.

Adar jotzea da ostalarien elkarteak udalari Latxi ardiaren kanpaina proposatzea eta udalak diruz laguntzea. Zertarako balio du oihu ez egiteko dioten kamiseta batzuk egiteak? Ezertarako ez.

Zer neurri proposatzen dituzue?

Tabernek-eta baimendu egiten dute edariak euren lokaletatik kalera ateratzea. Hori debekatuko balute, nabarmen gutxituko litzateke zarata; konpondu ez, baina nabarmen gutxitu. Hala ere, goi kargudun batek esan zigun euskaldunon DNAn dagoela kalean edatea.

Uribitarte eta Albia arteko tabernetan eta dantzalekuetan 3.800 lagunentzako lekua dago. Halako kontzentrazioak hiriaren antolamenduan aintzat hartu behar dira?

Bai, jakina. Esaten digute aspaldikoa kontua dela. Bale, baina lizentziak ez dira betirako. Dantzalekuak lekuz aldatu daitezke, herritarrak molestatzen ez dituzten lekuetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.