Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Mikel Basarte. Filosofia irakaslea eta Anafieko kidea

«Izuturik egon naiz; baina arrazionala da?»

Energia krisiaren eta klima aldaketaren aurrean, filosofia aldarrikatu du Basartek, erabaki eraginkorrenak hartzeko ezinbestekotzat jotzen baitu arrazoian oinarritzea. Altruismo eraginkorrean aritzen da orain.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko ekainak 10

Pentsamendu ikasgelak antolatzen ditu Anafie Nafarroako Filosofia Elkarteak Iruñeko Civican aretoan. Astelehenean, ekologismoaz ariko dira, galdera baten bueltan: Zerbait egin behar da?. Saio horretaz Mikel Basarte arduratuko da (Marcilla, Nafarroa, 1984). Filosofia irakaslea da Marcillako institutuan, eta ekintzaile ekologista, nahiz eta orain altruismo eraginkorrera bideratzen dituen indarrak. Galderak etorri dira bata bestearen atzetik.

Ekologismoari helduko diozue filosofiatik. Zein da egoera?

Uste dut klima aldaketari buruzko kezka orokor bat dagoela, baina energiaren eta krisi energetikoaren garrantzia gutxiesten dela.

Egoera ikusirik, zein da galderarik egokiena: Zerbait egin behar da? edo Zerbait egiterik bada?

Ongi dago ñabardura hori. Joera dago pentsatzeko egoeraren bilakaera dramatikoa dela; horregatik, gogo bat sortzen zaigu planteatzeko ea zer egin dezakegun hori gerta ez dadin. Erabakiak hartzeko tenorean, askotan alderdi emozionalak agertzen dira, eta batzuetan hankamotz gelditzen da arrazoizkoena. Geure buruari galde diezaiokegu gizarte gisa egindakoan zer izan den eraginkorra eta zer ez.

Zer egin dezake jendeak?

Gogo horren atzean bestea laguntzeko kezka dago. Hori oso gizatiarra eta naturala da. Ekologismoaren gaian, gainera, etorkizuneko besteak ere sartuko lirateke zakuan. Eragin ekologikoa apaltzeko norberak zer egiten duen aztertzean, afera alor arrazionalera bideratzea litzateke filosofiaren zeregina.

Arrazoia da filosofiak ekologismoari eskain diezaiokeena?

Nork bere eran ulertzen du filosofia. Batzuek hausnarketa abstraktuagoak egiten dituzte; literatura kontzeptuala. Beste joera batzuek logikaren, pazientziaren eta arrazoiaren erabileran jartzen dute arreta. Bide horretatik, alor ekologikoan hobetzeko erabakiak hartzean, zenbait okertasun saihestuko ditugu. Uste dut hausnarketa ezinbestekoa dela, baina badago nolabaiteko metahausnarketa bat: aldaketak lortzeko, noraino bultza dezake arrazoiak edo noraino izan da gai haur bat telebistan bost minutuko solasaldi batean gobernu gehiago mugiarazteko arrazoiaren erabilera hutsa baino gehiago?

Bada, galdera itzulita: zergatik lor dezake gehiago telebistan agertzen den haur batek?

Uste dut badagoela antropozentrismo identitario moduko bat: uste dugu espezie bezala oso-oso ezberdinak garela gainerakoetatik. Zenbait faktorerengatik biziraun dugu gure ibilbide ebolutiboan. Batetik, karga emozional handiko erabakiak lehenetsita, eta, bigarrenik, joera dugulako arriskua ikusteko eta gehiegizko garrantzia emateko. Oso naturala da, eta ekologismoarekin, areagotu egiten da. Ni izuturik egon izan naiz; ekoantsietatea deitzen zaio. Baina hori arrazionala da?

Galdera egokiak egiten dira?

Eraginkortasunarekin nolabaiteko desoreka dago. Adibidez, birziklatzea, egunerokoan, ahalegin handia da. Eragina, noski, positiboa da, baina planetaren ikuspegitik, luzera begira, garrantzi txikiagoa izan dezake, esaterako, dietan zenbait aldaketa egiteak baino. Birziklatzeak antsietatea arindu dezakeen sentsazio psikologikoa dakar, baina hainbesteko gogo ongizatea sortzen ez duten beste gauza batzuk eraginkorragoak izan daitezke. Hotzean pentsatuta, arrazionaltasunak ekarpen handia egin diezaguke.

Nola eramaten duzu filosofia zure ohiko ikasgelara?

Helburua da ikasleak ideia berak eta beste ideia batzuk izatea, pixka bat edo oso ezberdinak, baina, nolanahi ere, emandako zerbait izatetik propioa den zerbait izatera pasatzea hausnarketan oinarritu den ikasturte bat pasatuta.

Zer rol jokatu dezake filosofiak gaur egungo gizartean?

Ez dakit erantzuten. Uste dut gizaki oro filosofoa dela, gai den heinean hausnarketa, jokabide kritikoa eta gauzen ikuspegi osoa erabiltzeko. Gero, gradualtasun bat dago horren erabileraren arabera. Ekarpena egin dezake norberaren bizitzarako ideia eta hausnarketak ematen dizkion heinean.

Ekintzaile ekologista zara gaur egun ere?

Besteen sufrimendua saihesteko giza pultsio horrek eraman ninduen AHTaren eta frackingaren kontra ekitera. Orain, nire aktibismoa altruismo eraginkorrarena da.

Zer da altruismo eraginkorra?

Elkartasunari arrazionaltasuna aplikatzeko sortutako mugimendu bat da, duela urte batzuk Ingalaterran hasi zena. Gizartean GKEekiko mesfidantza dago, gure baliabideen erabileraren inguruan. Egin dudan ekarpenak kartelak egiteko balio du, edo bizitzak salbatzeko? Mugimendu honek arrazionalki aztertzen du zein diren euro bakoitzeko bizitza gehien salbatzen duten proiektuak, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Bitxia da, ezagunenak ez baitaude goiko postuetan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...