ATZEKOZ AURRERA. Nagore Belastegi. Kazetaria

«Niretzat, biluztea bezala izan da liburu hau sortzea»

Ustez kontatu behar ez zituen horiek kontatzeko ausardia izan du Nagore Belastegik 'Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak' liburuan. Helduentzako hamahiru ipuinez osatutako liburua da.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Legazpi
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Unibertsitateko ikasgai baterako blog bat sortu behar izan zuen, eta, gustatu zitzaionez, bere blog propioa sortzea erabaki zuen Nagore Belastegik (Legazpi, Gipuzkoa, 1987). Besteak beste, kontakizun laburrak jartzen zituen bertan. Urte askoan albo batera utzi ostean, kontakizun horietako batzuk liburu batean biltzea erabaki zuen, bi lagunekin batera. Azkenean, lagun horiekin sortu ordez, Koldo Landaluze ilustratzailearekin elkarlanean sortu du Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak liburua.

Izenburuari erreferentzia eginez, zeintzuk dira, bada, zirriborro eta kontatu behar ez zenituen horiek?

Liburua egiteko ideia sortu zenean blogetik ateratako kontakizunekin nire ordenagailuan sortutako karpetaren izena da zirriborroak. Izenburu gisa gustatzen zitzaidan, baina beste zerbait falta zitzaiola iruditzen zitzaidan. Buelta asko ematen nizkion, eta burura nirekin bat ez zetozen gauza asko etortzen zitzaizkidan. Lankide batekin lotsati izatearen inguruan hitz egiten egon nintzen behin, eta hark esaten zidan berarentzat txarra zela lotsati izatea. Ni ere txikitan lotsatia nintzen, eta nik ere beti izan dut etiketa hori. Hala ere, gaur egun gauzak esateko lotsa edo filtro hori galdu egin dut, eta esan nion batzuetan nahiago nukeela kontatu behar ez ditudan gauzak ez kontatzeko gaitasuna berriro izango banu. «Hara, hortxe duzu zure liburuaren izenburua», esan zidan lankideak.

Errealitatea eta fikzioa tartekatzen dituzu ipuinetan. Errealitateari dagokionez, edozein pertsonaren egunerokotasuneko kontuak aipatzen dituzu.

Bai hala da. Hamahiru ipuinetatik bi bakarrik dira niri benetan gertatutakoak. Jendeak ez du jakingo zein bi istorio diren; nire ingurukoek, ordea, badakite, behin baino gehiagotan kontatu izan baititut. Pauso handia izan da nire ingurukoei soilik kontatzeari utzi eta mundu guztiari kontatzea. Niretzat, biluztea bezala izan da liburu hau sortzea.

Liburuaren hasieran zuk zeuk diozu ez dela «korrika eta presaka» irakurtzeko liburu bat. Zergatik?

Hasteko, liburu txiki bat delako, eta dena jarraian irakurriz gero ordu erdian amaituta izango duelako irakurleak. Jendeak ipuin bat irakurri eta gogoeta egitea nahiko nuke: zer gertatu zaion pertsonaia horri, zer gertatu zaion aurretik, edo ondoren... Ipuin batzuetan egoera edo sentimenduak deskribatzen saiatu naiz, irakurlea ipuinean murgiltzeko.

Agian gaur egun dauden presei aurre egiteko saiakera bat da jendeari motel irakurtzeko egindako gomendio hori?

Bai, izan daiteke. Egunean bost minutu hartzea besterik ez da, eta ez dago egunero irakurri beharrik. Gainera, gomendatzen dut ipuinak denbora batez irakurri gabe izan ondoren berriro irakurtzea, beste sentimendu eta sentsazio batzuk sorraraziko dituzte eta. Norberaren bizipenen arabera aldatzen da.

Agian zuk ere zerbait gehitu nahi izango diezu hemendik denbora batera.

Bai, hala da. Oraintxe bertan liburua berriro irakurriko banu, seguruenik zerbait aldatu nahiko nioke.

Ia erditzear zaude, eta liburuko azken ipuinak erditzeari egiten dio erreferentzia. Pentsatua zenuen zerbait izan da?

Aspaldi idatzitako ipuin bat da. Ni ama izan aurretik idatzi nuen; orain bigarren haurra izan behar dut. Nire lagun baten erditzea nolakoa zen imajinatuz idatzi nuen ipuin hori. Haren sentsazioak kontatu nahi nituen. Ama izan naizenean ikusi dut nahikoa asmatu nuela, nire esperientzia nahiko antzekoa izan dela.

Koldo Landaluzeren ilustrazioak ditu liburuak. Zeren arabera sortu ditu irudiak?

Ipuinen lehenengo irudipenarekin marrazkia sortzea nahi nuen, inongo azalpenik jaso gabe. Irudietan ipuinen bere interpretazioak ageri dira. Agian irakurleak ez ditu ipuinak horrela ulertzen; norberaren araberakoa da.

Nolakoa izan da autoedizio prozesua?

Lehenengo, Euskal Herriko argitaletxeetara jo nuen, eta ezezkoak jaso nituen. Gomendio batzuk ere eman zizkidaten; tartean, autoedizioarena. Circulo Rojo argitaletxearen berri banuen, eta errazena haiengana jotzea zen. Egia da euskarazko produktu bat denez apur bat konplikatua izan dela.

Non lor daiteke liburua?

Legazpiko denda batzuetan eta Zumaiako [Gipuzkoa] Otaño liburu dendan ere badago. Hala ere, norbaitek liburua nahiko balu, [email protected] helbidera idatz dezake. Irakurleen iritzia eta gomendioak ere jaso nahiko nituzke helbide horretan, norbait animatzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.