ATZEKOZ AURRERA. Christo Casas. Kazetaria eta antropologoa

«Eskubide bat edukitzeko maritxu ona izan behar bada, ez da eskubidea»

LGTBI komunitatekoak haien produkzio ahalmenaren arabera errespetatzen ditu sistemak, Casasen esanetan. Adibidez, ezkontzen direnak dira «maritxu onak». Aldarriak despolitizatzen ari direla nabarmendu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Homosexuala medikuntzak erabilitako berba bat dela dio; gay, kontsumismoak hauspotutakoa. Hala, maritxu eta marikoi hitzak hobetsi ditu Christo Casas kazetari eta antropologoak (Henarejos, Espainia, 1991)bere burua izendatzeko. Maricas malas liburuan (Maritxu gaiztoak; Paidos, 2023), kritiko ageri da maritxu onen eta gaiztoen arteko bereizketarekin. Larunbatean aurkeztu zuen liburua Bilboko Sinsorga kulturgunean, Zuriñe Rodriguez kazetariarekin batera.

Produktibitatearen araberakoa al da tolerantzia?

Bai, erabat. Familia eredu zisheteronormatiboa inposatzen digute ez soilik aberastasuna sortzeko, baita langile klasearen hurrengo belaunaldia erreproduzitzeko ere.

Liburuan diozu asko aldatu direla aldarriak trantsiziotik gaur egun arte. Zer gertatu da bidean?

Espainiako Estatuko lehen LGTBI manifestazioa 1977an egin zuten, Bartzelonako Rambletan. Dekalogo bat egin zuten, eta ez zuten aipatzen ezkontza igualitarioa. Kontrara, familia abolitu nahi zuten harreman eta ekoizpen eredu moduan. Baina GIBaren eta hiesaren epidemian, LGTBI pertsona asko bakarrik hil ziren. Estatuak aitortutako harreman eredu bat nahi izatera bultzatu zituen, agian. Baina 2006an, ezkontza igualitarioa lortu zenean [Espainian], ematen zuen kolektiboak eskakizun guztiak lortu zituela.

Alde materiala galdu da, sinbolikoaren mesedetan?

Materialismo historikoaren arabera, sinbolikoa beti dator materialetik. Uztartuta daude, marikoia eta langile klasekoa izatea bezala. Ez banintz langile klasekoa, ez nintzateke marikoia izango, gay baizik; hau da, kontsumo eredu bat.

Eskubideak izateko, baldintza batzuk daudela diozu: kontsumitu beharra, esaterako. Baldintzatuta badago, eskubidea al da?

Eskubide bat edukitzeko maritxu ona izan behar baduzu, ez da eskubidea. Sari bat da, men egitearen trukean emana. Errespetagarriak izateak ez ditu baldintzatzen gure eskubideak: zikinak, gaiztoak izan arren, eskubide berberak merezi ditugu.

Maritxu gaiztoa-ren eraikuntzan, gakoetako bat sexualitatea da. Tximino baztangaz mintzo zara: gizon homosexualen sexualitatea kriminalizatzeko erabili zen.

Instituzio medikoek sexualitate disidenteak kriminalizatzeko duten ahalmenaren hamaikagarren eredua da —noski, GIBarena eta hiesarena izan zen argiena—. COVID-19rekin, OMEk alfabeto greziarra proposatu zuen aldaerak izendatzeko, eta ez jatorria, estigmatizatzailea eta arrazista baitzen; bada, tximino baztanga heldu zenean, OMEko idazkari nagusiak [Tedros Adhanom Ghebreyesu] eskatu zien gizonei uzteko sexu harremanak edukitzeari beste gizonekin. Heteroek har ditzaketen gaixotasunetan, ordea, konponbidea sendagaiak dira, profilaxia...

Halako diskurtsoak behin eta berriro azaleratzen dira?

Maritxu onen eskakizunak onartzen direnean —zuriak, aberatsak, familiak sortzen dituztenak...—, gogorragoa egiten da LGTBIfobia maritxu txiro, arrazializatu, elbarri edo zerrientzat. Estatuak, enpresa pribatuek eta are eskuin muturrak onartzen dutenean maritxu ona, jada haien indarkeria ez da LGTBIfobia: izan ere, normala izatekotan, onartzen dute, baita babestu ere, hari erasotzera etorriko den musulmanaren aurrean. Ezkontzak nazioaren parte bihurtu gaitu, eta hori da ondorioetako bat.

Estatu batzuk ere eredugarritzat aurkezten dira eskubideei dagokienez, eta beste batzuk barbarotzat jotzen dituzte. Kolonialismo kontua ere bada?

Eskubideak instrumentalizatu egiten dira diskurtso arrazistak justifikatzeko. Adibide bat da Gazako genozidio potentzialarekin gertatzen ari dena: Israel LGTBI paradisu bat da, Mendebaldeko herrialdeen antzekoa, eta, Gazan jendea hiltzen dutenean, LGTBI pertsonak defendatzen ari dira; horrek ezkutatu egiten du arabiar herrialdeetan ere badagoela LGTBI jendea eta, sarritan, emantzipazio estrategia propioak dituztela. Ezkontza igualitarioa esportatu egiten dute, halaber.

Punitibismoaz ere mintzo zara. Askotan, gorroto delituen aurrean Polizia aldarrikatzen da. Zuk uko egiten diozu, ordea.

Definizioz, Poliziak ezin du deliturik eragotzi, beti ondoren esku hartzen baitu; erakunde punitibista bat da, ez pedagogikoa, ez prebentiboa. Gainera, berriro biktimizatzen du. Sarri, esaten da gertuagoko Polizia bat behar dela, hezi behar dela, eta horrek konponduko dituela arazoak. Baina Alex S. Vitaleren azterketen arabera, Polizian LGTBI komunitateko agenteak, agente arrazializatuak edo emakumezko agenteak daudenean, korporatibismoa gailentzen da: prestago daude agentea defendatzeko, haren biktima baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.