ATZEKOZ AURRERA. Alba Sotorra. Zinemagilea

«Sakrifizioa oinarrizkoa da emakume kurduen borroka ulertzeko»

Siria iparraldean Estatu Islamikoaren aurka jardun duten andre gerrillarien borrokari buruzko dokumentala egin du Sotorrak. Filmatzeko, taldeko beste kide bat izan da hainbat hilabetez.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Comandante Arian dokumentalaren egilea da Alba Sotorra zinemagilea (Reus, Herrialde Katalanak, 1980). Hain zuzen, izen bereko buruzagiaren bizitza filmatu du. Arriskuak arrisku, gerrillarien taldeko kide izan zen zuzendaria bera zenbait hilabetez, armen ordez kamera eskuan. Gaur Donostian emango dute filma, eta bihar Iruñean.

Zer izan du Siriako gerrak hain erakargarria, zure bizia arriskatzeko prest egoteko?

Emakumeak beren eskubideak defendatzeko arriskatzen direla.

Nola sortu zen gidoiaren ideia?

Hasieran, emakumeen ahalduntzearen inguruko istorio bat grabatzea zen asmoa, zeinean protagonista garaile aterako zen misio batetik; horregatik aukeratu nuen Arian komandantea. Kobaneko [Kurdistan] setioa bukatuko zuen emakume batailoi bat zuzentzen ari zen. Grabaketan, baina, Arian zauritu zuten, eta gidoia erabat aldatu zen. Dokumental bat izateko, edizioa oso bitxia da.

Zergatik?

Konplexua da. Atzera-aurrerako jauziak daude denboran zehar; denbora lerroak tartekatzen dira. Eta Arian komandantea ezagutuz goazen heinean, haren sakontasun desberdinak ezagutzen ditugu.

Nolakoa da emakume batentzat gerra baten erdian gerrari buruzko dokumental bat filmatzea?

Kasu honetan, ikaragarria izan da, emakumeez inguratuta egon naizelako. Emakume ahaltsu eta boteretsuak ezagutu ditut. Haiekin oso seguru sentitu naiz beti; sororitate eta laguntasun sentimendu indartsua zegoen gure artean.

Erraza izan da?

Ez, baina egia da norberari zaila gerta dakiokeena gero ez dela hainbesterako izaten. Beldurra beti agertzen da, baina, halako prozesu batean, egindako lagunak bidean galtzea izaten da gogorrena. Oso gogorra da emakume bat bere eskubideak defendatzearren hil dela onartzea.

Bakarrik murgildu zinen proiektuan. Horrek eragina izan du?

Bakarrik joan ez banintz, ez nukeen hain modu intimoan sartzeko gaitasunik izango. Bakarrik joan nintzen, baina ez nintzen inoiz bakarrik sentitu. Gerrillariek beste bat bezala tratatzen ninduten. Are gehiago: uniforme bat eman zidaten, seguruago sentitzeko.

Bizia galtzeko beldurra sentitu zenuen noizbait?

Inoiz bai.

Eta arriskuak merezi zuen?

Batzuetan, arriskatu beharra dago; aldaketa prozesuetan parte hartu nahi baduzu, behintzat, bai. Arriskatu ezean, ez da ezer aldatzen. Halaber, arrisku bat onuragarria bada, merezi du asumitzea. Bertan asumitutako arriskuek merezi izan zutela iruditzen zait.

Zein harrera egin zizuten gerrillariek eta Arian komandanteak?

Beste bat nintzen taldean. Armatua joan ordez, nik kamera bat neraman haiek egiten zutena filmatzeko. Oso polita izan zen esperientzia haiekin konpartitzea.

Nola komunikatzen zineten?

Gehienbat ingelesez, eta kurdu pixka bat ere ikasi nuen. Baina ia beti keinu hizkuntza unibertsalarekin; keinuak oso eraginkorrak dira elkar ulertzeko gogoa dagoenean.

Zenbat denbora eman duzu filmatzen?

2015 eta 2018 bitartean joan-etorrian ibili nintzen. Zazpi-zortzi aldiz joan nintzen, eta bakoitzean pare bat hilabete egiten nituen bertan.

Arian zaurituta ageri den eszena horiek zer ekarpen egiten diote dokumentalari?

Hasieran, ahalduntzearen ideia islatu nahi nuen, baina Arian komandantea zaurituta ikustean, konturatu nintzen sakrifizioa zela hondoan zegoen ideia. Sakrifizioa oinarrizkoa da emakume kurduen borroka ulertzeko, eta oso garrantzitsua, egiten ari diren iraultza gogorraren irudi idealizatua saihesteko.

Momentu gogorrez gain, batailen artean zer gertatzen den ere erakusten duzu.

Eguneroko bizitza ageri da. Oso berezia da haien egunerokotasuna, eta interesgarria. Mutilekiko desberdina delako.

Ulertzen duzu armak erabiltzea babesteko?

Ulertzen dut eta defendatzen dut. Bakerik gabeko halako testuinguru batean, ezinezkoak dira bide demokratiko guztiak. Ihes egitea edo defendatzeko arma bat eskuratzea da bidea.

Maila pertsonalean, nola eragin dizu Arian komandantearen istorioak?

Mugarri izan da, ez naiz dokumentalaren hasierako pertsona bera. Orain gehiago baloratzen ditut gauzak, eta egoeretara errazago moldatzen naiz. Erakutsi didate badugula gaitasuna erresistentziarako eta sinesten duzun horretan ekiteko. Horrez gain, herri kurduarekiko lotura emozional sendoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.