ATZEKOZ AURRERA. Maitane Alonso. Medikuntzako ikaslea eta ikerlaria

«Hanburgesak ez gosaltzeko irtenbide bat aurkitu nahi nuen»

Elikagaien bizitza luzatzen duen makina bat garatu du Alonsok. Etxeko barbakoetako soberakinekin piztu zitzaion ideia. Asmakuntzak mikrobiologiako nazioarteko sari bat jaso du.
ARITZ LOIOLA / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko irailak 24
Elikagaien kontserbazioa luzatzen duen makina bat asmatu du Maitane Alonso (Sodupe, Bizkaia, 2001) medikuntzako ikasleak. Aitak egiten zituen barbakoetan sortutako soberakinekin zerbait egin behar zela iritzita piztu zitzaion ideia. Hiru urteko ikerketen ostean, etxeko txoko batean «jakin-minetik» sortu zen asmakuntzak nazioarteko aitorpena jaso zuen iragan maiatzean, Phoenixen (AEB). Are gehiago, sariaren ondorioz, asteroide bati Maitane Alonso izena jarriko diote aurki. Alonsorentzat, baina, jendeari laguntzea da garrantzitsuena, gaixotasunak ekidin eta munduko goseari aurre egiten lagunduz, besteak beste.

Nola mantentzen dira elikagaiak ahaleginean hil gabe? izenburua jarri zenion ikerketari. Nola mantentzen dira?

Elikagai batek geroz eta mikroorganismo gutxiago badu, denbora gehiago irauten du. Horregatik, asmatutako makinarekin mikroorganismoen %75 murriztea lortzen dugu.

Zehazki zer da asmatu duzuna?

Nire asmoa zen kontserbatzeko modu naturalago bat bilatzea, iraupen luzeagokoa eta kontserbagarri kimikorik erabili gabe. Horretarako, sorgailu elektriko batekin airean dauden molekulak disoziatzen ditut. Mikroorganismoak hil egiten dira, eta berriz elkartzen dira aurreko atmosfera bera sortuz.

Nolakoa izan da prozesua?

Hasieran, makinaren prototipo bat egin nuen, etxean erabiltzeko modukoa. Etxeko txokoan ez neukan laborategi magikorik, eta 16 urterekin froga sinpleak egiten nituen. Hasierako makina egiteko, pertsiana apurtu bat, plastikozko bi kutxa, ordenagailuari kendutako haizagailua eta sorgailua erabili nituen. Gero, medikuntza ikasten hasi nintzen, eta irakasleek hasieratik proiektua bultzatu eta mikrobiologiako laborategian lan egiten utzi zidaten. Han, analisi konplexuak egiten nituen, eta makina industriala garatzen hasi nintzen.

AEBetan izan zara duela gutxi, makina aurkezten.

Elhuyarreko zientzia azokan egon nintzen lehenengo aldiz, etxeko makinarekin. Gero, Bartzelonako Exporecerca azokara joan nintzen. Han, lehen saria jaso, eta Txileko lehiaketa baterako pasea eman zidaten. NASAri nire proiektua azaltzeko aukera izan nuen bertan. Urtebete geroago, makina industrialarekin eta ziurtagiridun laborategi batean egindako analisi mikrobiologikoekin, berriz ere Exporecercara aurkeztu nintzen. Hartan, Intel sari berezia jaso nuen. Horrekin munduko txapelketarik handienera joateko pasea lortu nuen.

Gizartea prest dago produzitutako guztia momentuan kontsumitzeko?

Ikertzen hasi nintzenean, konturatu nintzen munduko produkzioaren herena zaborretara botatzen dugula, zainketa arazoengatik. Gaur egungo gizartea etengabeko garapenean dago, eta alternatiba bat behar du egungo metodoentzat. Ecofriendly izatea modan dago, baina produzitzen dugun guztia ezin dugu jan, eta behar dugu modu naturalago bat hainbeste janari ez gelditzeko kontserbaziorik gabe.

Espero zenuen proiektuak komunikabideetan izandako oihartzuna?

Hiru urte daramatzat ikerketa honekin, eta inoiz ez zaio halako garrantzia eman. Nik makina familiari laguntzeko egin nuen. Hau guztia egia bilakatutako amets bat izan da; hainbeste jenderi honen berri emateko aukera izatea sekulakoa da. Nire asmoa ez da inoiz izan lehiaketa hauetan parte hartzea. Hanburgesak ez gosaltzeko irtenbide bat nahi nuen.

Zure kasa aritu zara ikertzen?

Hasieratik enpresen babesa izan dut, eta azken urteetan Gueñesko [Bizkaia] Udalak ere lagundu digu. Enpresa horiek prestakuntza eman zidaten. Lotsa aspaldi galdu nuen; 16 urterekin, telefonoa hartu, eta enpresetara deitzen nuen makina saltzeko. Hasieran jende asko neukan aurka.

Familiaren babesa izan duzu.

Hala da; haiengatik ez balitz, hau guztia ez zen posible izango. Animoak emateaz gain, ekonomikoki lagundu didate. Azoketan pasea soilik lortzen duzu; gero, bidaiak norberak ordaindu behar ditu.

Makina merkaturatzea posible ikusten duzu?

Amestea oraindik ere dohainik da. Asko gustatuko litzaidake, baina ez niregatik, baizik eta munduari egin diezaiokeen ekarpenagatik.

Zein dira zure hurrengo erronkak?

Azkenaldian listeria kasu asko egon dira, eta metodo hau naturala da, baina mikroorganismoak hiltzen ditu. Asmoa dut datorren urtean analisi berriak egiteko, ea listeria akabatu daitekeen. Izan ere, gure hipotesia da metodo horiek erabiliz gaitz horiek saihestu daitezkeela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna