ATZEKOZ AURRERA. Anartz Zuazua. Antzerki zuzendaria

«Futbolaren errealitateak fikzioa gainditzen du»

'Jokoz kanpo' eta 'El txiringo' zuzendu ditu Zuazuak, futbol munduko «espektakulua» islatzen duten bi antzezlan. Antzerkia du bokazio, eta komediak protagonismoa izaten du haren lan guztietan.

JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Etxetik jaso du antzerkigintzarako grina Anartz Zuazuak (Donostia, 1973), txikia zela ama oholtzaren gainean antzezten zegoela sartu baitzitzaion antzerki zuzendari izateko arra. Komedia bidelagun duela, zenbait telesail eta antzezpen zuzendu ditu; azkena, datorren ostegunean, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko duten El txiringo futbol parodia, Korner, Kultura eta Futbol Festibalak antolatua. Emankizuna gazteleraz izango da, Reala fundazioak eta Kornerrek eskatuta.

Jokoz kanpo, eta azkena, El txiringo, futbolarekin lotura zuzena duten bi antzezlan zuzendu dituzu. Zer dela eta?

Lehen antzezlanaren kasuan, nire autobiografia islatzeko aukera izan nuen, haur asko bezala futbolean aritu bainintzen, eta ez nuen nire ametsetako errealitatea izan. Haurtzaroan tratu txarrak jasan nituen; adibidez, 8 urte nituela, final bateanaulkian utzi ninduten kapitaina izanda, eta aurkariak nitaz trufaka aritu ziren. Antzerkiak bizipen horiek azaleratzeko bide eman dit.

Zer behar da antzerkia sortzeko?

Askotan, sortzaileak musak behar ditu. Nire sorkuntza irudi batetik abiatzen da, baina, kasu honetan,gaztetan bizitako oroitzapen batetik sortu dut ideia. Halere, argi utzi nahi dut ez dudala inondik ere mendeku moduan egin; oinarrizko futbol munduan gertatzen diren basakeriak salatu nahi ditugu modu komikoan.

Futbolak antzerkigintzarako jokorik ematen du?

Asko. Futbola, berez, antzerkia da. Realarekin egin ditugun emanaldietara klubetako entrenatzaileak eta gurasoak joan dira. Denek esan izan digute errealitatearekin alderatuta motz geratzen garela. Errealitateak fikzioa gainditzen du. El chiringito de jugones telebista saioan, esaterako, ordubete pasa dezakete partidan gertatzen den huskeria batez berriketan. Niretzat, hori artea da.

Antzezlanak futbolean dabilen jendea kultura mundura erakartzeko balio du?

Jokoz kanpo-ren moduko antzezlan batek futboleko jendea lehenengo aldiz antzerki batera eramatea lortu du. Hori oso garrantzitsua izan da, kulturan gaudenok ardura hori baitaukagu: nola erakarri antzerkira kontsumitzen ez duen jende multzoa? Kalitatea emateaz gain, amuak jarri behar dira ikusle mota hori erakartzeko.

Zer mezu helarazi nahi izan duzu?

Antzezlanaren amaieran, ikus-entzuleen artean galdera bat zabaltzen dugu: «Merezi du honek guztiak?». Ahotik aterako zaizun lehen hitza «ez» handi bat izango da, baina denetariko erantzunak egon daitezke.

Bietan aktore berberekin jardun zara: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota. Zer moduz moldatu zarete?

Komiko oso iaioak dira hirurak.Haiek gabe, ez nintzateke ausartuko antzezlan horiek aurrera eramatera.

Eta zu zuzendari gisa?

Nire izateko era zuzendariarena da. Antzerki munduan, sorpresaz, aktore lanetan hasi nintzen, baina hasieratik antzerkia zuzentzeko nahia neukan. Antzerki eskolan sartzeko elkarrizketan esan nuen aurreneko gauza izan zen: «Zuzentzeko, jakin egin nahi dut aktore batek zer sentitzen duen oholtza gainean».

2012an, Borobil Teatro konpainia sortu zenuen. Nolatan?

Ordura arte, aktore zuzendari moduan ibili nintzen. Wazemank eta Brinkola telesailak amaitu zirenean eta nire alaba jaio zenean, niretzat inflexio puntu bat izan zen. Erabaki nuen nire ogibidea zuzentzea izango zela, eta, hala, Teatro Borobil konpainia sortu nuen. Gazteentzat klaseak euskaraz, gazteleraz eta orain ingelesez ematen hasi gara, eta peoi oso onak dira zuzentzen ikasteko.

Publikoa antzerkigintzara erakartzeko amuetako bat da komedia?

Komedia ona bada, jendea zureganatu egiten duzu. Halere, komedia ardi beltz bat bezala tratatzen dugu, eta ez diogu garrantzi eta baliorik ematen. Komedia egitea ez da batere erraza. Barrea eragitea negarra eragitea baino askoz ere zailagoa da.

Komediak badu loturarik norberaren izaerarekin?

Komedia nirea dut. Aurpegi komikoa daukat, eta nik uste dut horrek kutsatu egiten zaituela. Pentsatzen ditudan ideia guztiak barre eragitekoak dira, eta beti saiatzen naiz aktore komikoekin lan egiten.

Zer traza hartzen diozu euskal antzerkigintzari etorkizunerako?

Antzerkigintzan gaudenok antzerkia egiten jarraituko dugu. Halere, jendea erakartzeko lanketa sakon bat egin behar dugu. Guk kalitatea eskaintzen dugun arren, erantzun bera ez dugu jasotzen. Programatzaileek ere kontuan hartu beharko lukete zer den kalitatea eta zer ez. Jendea hezi beharra dago antzerki ona edo txarra aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.