ATZEKOZ AURRERA. Viola Serra. Musikaria

«Emakume guztiok gaude perfektuak izatera kondenatuta»

Bakarrizketa eta abestien bitartez, indarkeria matxistaren biktima izan diren zortzi artista ezagunen testigantzak bildu ditu Serrak 'Blue Woman Voices' ikuskizunean. Bihar Euskaldunan egongo dira.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Zortzi abeslari, zortzi istorio eta zortzi abesti elkartu ditu Viola Serra musikariak (Cagliari, Sardinia, 1983) Blue Woman Voices ikuskizunean: Nina Simone, Billie Holiday, Aretha Franklin, Mia Martini, Britney Spears, Elza Soares, Rihanna eta Tina Turner. Indarkeriak elkartu ditu zortzi emakumeak, eta, horietako bakoitzaren bizipenak entzunez, itxuraz perfektua dirudien bizimoduaren alderdi iluna ezagutzeko aukera izango dute ikusleek. Ziortza Basagurenen ahotsa izango da ikuskizunaren gidaria, baina narrazio horietako bakoitza Richie Salvador piano jotzailearen eta Serraren ahotsaz lagunduta egongo dira. Bilboko Euskalduna jauregian izango dira bihar.

Zortzi artista ezagunen istorioak bildu dituzue ikuskizunean. Zeren arabera egin duzue aukeraketa?

Nire asmoa indarkeria mota desberdinak taularatzea izan da. Indarkeria fisikoa jasan duten pertsonen kasuak ezagutzen ditugu, baina, horrez gainera, beste mota askotako indarkeria ere badago: psikologikoa, soziala... Zortzi artista horietako bakoitzak indarkeria mota jakin bat bizi izan du, eta horien guztien bizipenak jaso nahi izan ditut.

Itxuraz haien bizitza perfektua dela dirudien arren, errealitatea bestelakoa da. Zer-nolako egoera bizi dute artista horiek?

Kontua da emakume guztiok gaudela perfektuak izatera kondenatuta. Hau da, gizarteak, orokorrean, zeregin jakin batzuk ezartzen dizkigula: familia bat osatu behar duzu, ama ona izan behar duzu, guztiaren ardura zure gain hartu beharra daukazu... Baina, artista horien kasuan, dirua eta arrakasta ere badute. Ondorioz, gizarteak emakume horiek kontrolatzeko beharra sentitzen du. Ikuspegi kritiko eta sozial batetik begiratuz gero, argi dago muga asko ezarri dizkigutela, eta artista horiek bizi dutena, nolabait, gainerako emakume guztion isla garbia dela. Egia da azken urteotan egoerak hobera egin duela, baina oraindik ere asko dago egiteko.

Hala ere, artista horiez gainera, beste artista ezagun asko izango dira matxismoaren biktima.

Inolako zalantzarik gabe. Asko dira indarkeria jasaten duten artistak, baina denak taularatzea ezinezkoa zen. Gainera, oro har oso esperientzia gogorrak direnez, ez nituen gehiegi ere jarri nahi.

Oraindik ere ezkutuan mantentzen da indarkeriaren gaia. Istorio horiek argitara ateratzea da nolabait ikuskizunaren asmoa?

Hori da. Ikuskizunaren amaieran, nik neuk ere, lehen pertsonan, nire testigantzak kontatzeko tartea hartzen dut. Duela urte batzuk ezkutatu egiten nituen, lotsagatik, baina konturatu nintzen horrela jokatuz gero errudun sentitzen nintzela. Hortaz, ausardiaz jokatu, eta ahoz goran nire bizipenak kontatzeko hautua egin nuen. Barrenak askatzeko modu bat da ikuskizuna, eta, aldi berean, publikoa sentsibilizatu nahi nuen. Baina, egia esan, ez nuen horrenbesteko oihartzunik espero.

Orain arteko ikuskizunek nolako eragina izan dute ikusleengan?

Denetarik dago. Emozionalki, sekulako inpaktua du ikusleengan, oso testigantza gogorrak direlako, baina norbanako bakoitzak esperientzia desberdinak bizi ditu.

Ohituta gaude halako testigantzen inguruan hausnartzera?

Bai eta ez. Azkenaldian, kalera ateratzen gara, manifestazioak egiten ditugu, baina, nire ustez, jendearen barrenak mugitzea da garrantzitsuena. Jendeak eraiki dituen hesiak emozionalki suntsitu beharra dago; sentsibilizatzea da gakoa.

Artista ezagunez gainera, badira indarkeria matxistaren biktima diren pertsona arruntak. Horiei ere keinuren bat egingo diezue?

Bai, noski. Artista ezagunen bizipenak taularatu ditut, ezezagunak diren horiei ikusgaitasuna emate aldera. Zoritxarrez, pertsona famatuen bizipenak entzuteak eragin handiagoa du, eta, horren bitartez, publikoak egunerokotasunean jasaten dugun indarkeriaren inguruan gogoeta egitea nahi dut. Azken finean, emakume guztiok bat garela erakutsi nahi dut, eta guztiok antzeko egoerak bizi ditugula.

Bakarrizketak musikaz lagunduta joango dira. Zer eskainiko dio musikak ikuskizunari?

Hitzak iristen ez diren lekura helduko da musika; zerbait mugituko du norbanako bakoitzarengan.

Pandemiaren ondorioz, asko handitu da indarkeria matxistaren biktima kopurua. Itxialdiak eraginik izan al du horretan?

Pandemiari aurre egiteko, lege ugari jarri dizkigute, ustez gu babesteko asmoarekin. Hala ere, beste behin ere, emakume asko ez dira babestuta sentitu, eta horietako batzuek sufritu egin dute. Sarritan ezikusiarena egiten dugu egoerak beldurtu egiten gaituelako, baina datuak hor daude, eta, egoera aldatu ezean, berdin jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.