Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Lamarca. 'La suerte de Regi' liburuaren idazlea

«Homofobia zela eta, hainbat pertsona bakartu egiten ziren»

Homofobiaz eta indarkeriaz zipriztindutako gizartea erakutsi du Lamarcak liburu batean. Frankismo ostetik 2019ra, lehen eskutik bizi izandako hainbat indarkeria islatu ditu fikziozko lanean.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2021eko urriak 19

Frankismo ostean hasi eta 2019ra arte, homofobiaren eta beste hainbat indarkeriaren erradiografia egin du Iñigo Lamarcak (Donostia, 1958) La suerte de Regi eleberrian. Pertsonen arteko harremanetan jarri du arreta, eta horien bidez islatu du testuingurua.

Hainbat indarkeria adierazi dituzu liburuan. Zeintzuk, zehazki?

Testuinguruak pisu handia dauka, eta indarkeria da horren zati garrantzitsu bat. 1974. urtean hasten da eleberria, eta lehen indarkeria frankismoak hainbat herritarrengan sortutakoa da. Gero, ETA, GAL, Batallon Vasco Español, eskuin muturreko taldeen ekintzak, tortura... horiek guztiak agertzen dira.

Eta homofobia, ezta?

Bai, testuinguruan beste ardatz garrantzitsu bat da homofobia, eta pertsonaia bat LGTB mugimenduko militante egiten denean islatzen da egoera. EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua aipatzen da, eta baita Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bixesual eta Intersexualen elkartea ere.

Nola kontatu duzu hainbeste urtetan gertatutakoa?

Sei kapitulutan banatu dut liburua, eta bakoitzean, garai jakin batean pertsonaiak nola dauden kontatu dut, kamera batekin begiratuko banitu bezala. Pertsonaia gehienak gay eta lesbianak dira, eta ondo ezagutzen dudan errealitatea denez, adin desberdinetako jendea sartu nahi izan dut, lagun taldeak sortzerakoan, kolektiboan adin desberdinetako pertsonen harremanak sortu izan direlako.

Indarkeria horiek izandako bilakaera azaldu duzu?

45 urte hartzen dituenez, irakurleak ikus dezake, batetik, kutsu politikoa daukaten indarkeriek nolako bilakaera izan duten Euskal Herrian, eta, bestetik, homofobiak eta homosexual izateak ere zer bilakaera izan duten urte horietan.

Harreman pertsonalak izan dituzu hizpide.

Niretzat oso gai garrantzitsua da harremanena; bizipen asko izan ditut eta ikusi ditut. Era guztietako harremanei buruz hitz egin dut: laguntasun harremanak, bikote harremanak, sexu harremanak, familia harremanak... Nahiz eta tituluan izen bat bakarrik agertzen den, lagun talde bat da protagonista. Fikziora eraman ditut bizi izandako gauza asko.

Eleberriak ezinbestean dakar ostrazismoaz hitz egitea, ezta?

Bai, oso nabarmena da hori liburuan. Nire bizipen propioa ere izan zen, eta Gay nauzu liburuxkan ere aipatu nuen. Inguruan zegoen homofobia zela eta, bakartu egiten ziren hainbat pertsona. Bakartzea ez zen bakarrik norberaren buruarekiko; izan ere, gizartean, neurri batean, beren zati bat ezkutatu egiten zuten. Hori ere agertzen da eleberrian.

Nola gogoratzen duzu garaiko LGTBI borroka?

Oso oroitzapen onak ditut, nahiz eta une gogorrak ere izan nituen. Ni berandu xamar hasi nintzen aktibismoan, 38 urterekin; Gehitun aritu nintzen, eta harreman ona genuen beste taldeekin ere. Aurrerapen izugarriak egin genituen, besteak beste, aurrekoek egindako lanari esker. Estrategia onak sortu genituen, eta gai izan ginen gizarte eredu berrian ikusgaitasuna lantzeko eta oso ondo oinarritutako diskurtsoak egiteko. Harrotasuna sentitzen dut. Izan ere, LGTB pertsonen eskubideek aurrera egin duten neurrian, giza eskubideak eta demokraziak ere aurrera egin dute.

Gaur egun, erasoak areagotu direla uste duzu?

Homofobia ez nuke esango indartu egin denik, baina beste forma batzuk hartu ditu. Garai batean, irainak bazeuden, erasoak bazeuden, baina ez ziren salatzen. LGTB kolektiboko pertsona asko ezkutuan bizi ziren. Gaur egun, zorionez, gazteak batez ere, ahalik eta modurik normalenean bizi dira. Baina homofoboak direnek beren erasoen intentsitatea handitu egin dute, eta forma berriak oso erasokorrak dira.

Eta nola egin horiei aurre?

Homofobiak hartutako forma berri horien aurka egin behar da, beti egin dugun bezala, hitzarekin eta eskubideetan oinarritutako eskakizunak direla esanez. Eskoletan hitz egin behar da heziketa afektibo sexualaz eta horrek daukan aniztasun guztiaz. Familiek ere ardura handia dute, eta gaur egun, sare sozialek ere bai. Eskolaz kanpoko ekintza asko egiten dituzte gazteek, eta balioak jasotzen ari dira sozializatzen duten gune guztietan.

Aurrerantzean, idazten jarraituko duzu?

Betidanik idatzi izan dut, baina gehienbat saiakera munduan argitaratu ditut testuak orain arte. Ziurrenik erretirora itxaron beharko dut gehiago idazteko, lanpetuta nagoelako. Ez dakit beste eleberri bat idatziko nukeen; irakurleen iritziaren arabera ikusiko dut hori.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Emakume informatikari erreferenteak behar dira»

Unai Etxenausia

II. Gladys saria jasoko du gaur Perez de Viñasprek. Gaztea izan arren, ibilbide oparoa du informatikan. Nabarmendu duenez, gustatzen zaizkion ikerketak egiten aritu nahi du aurrerantzean ere.
Txikiren ama Antonia Maria Manot, haren semearen hiletan. ©BERRIA

Ez ahanzteko ariketak

Gotzon Hermosilla

Natalia Ginzburg idazleak testu bat argitaratu zuen garai hartako prentsan 1975eko irailaren 27ko fusilamenduen harira. Orain, testu hori euskarara ekarri du Josu Zabaletak; itzultzaileak FRAPeko hiru kondenatuak ezagutu zituen espetxean.
Fusilamenduen 40. hurrenarekin batera Vigon herri-harpidetzaz ezarritako iragarkia. ©INFO.NODO50.ORG

Fusilaturik isilgordeena, Garcia Sanz

Miel A. Elustondo

1975eko irailak 27 beti. Frankismo garaiko azkeneko bost fusilatuak. Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Baena, Txiki, Otaegi. Haien ondoan militante ez gutxi, heriotzara kondenatuak izanak, zigorra kommutatuak. Askoren artean, Manuel Blanco Chivite. Bizi-bizirik du egun haietako oroitza samina. Ilun beltzaren muturrerainoko bidaia. Azkena.
Imelda Staunton aktorea, Elizabeth II.aren paperean, <em>The Crown</em> telesailean. ©NETFLIX

Netflixen sasoi berria: zaharrak berri

Enekoitz Telleria Sarriegi

AEBetako plataformak bere telesailak eta filmak aurkeztu ditu Tudum ekitaldian: 'The Crown'-en itzulera eta 'The Witcher'-en prekuela, esaterako

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ane Insausti Barandiaran

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.