ATZEKOZ AURRERA. Sandra Garaioa. Irudigilea

«Orbanen bidez sortzen ditut irudiak»

Testura, gorputza eta bizitza duten irudiak egiten ditu. Irudigiletzat du bere burua. Irudigilearen bizimodua ez da egiten dituen irudiak bezain ederra, eta mamuak eta beldurrak izaten ditu bueltaka.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sandra Garaioa irudigilearen (Donostia, 1993) lanaren lagin txiki bat ikus daiteke abenduaren 11ra bitartean Donostiako Aiete auzoko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Uneotan eleberri grafiko bat bukatzen ari da Bertol Arrieta idazlearekin. Bere webgunean bildua du orain arte egindako lan oparoa: sandragarayoa.com. BERRIAren Mantangorri gehigarrian kolaboratzen du.

Margolari, marrazkilari, ilustratzaile, irudigile...?

Irudigile. Agian ilustratzailea ere bai. Marrazkilaria ez.

Zerk bereizten ditu?

Marrazkilaria gehiago lotzen dut marrazten duen jendearekin. Nire lan egiteko modua ez da lerrotik abiatzen; normalean kolorearekin edo orbanekin hasten naiz. Orbanen bitartez sortzen dut, ez marren bidez. Uste dut horrek bereizten dituela. Irudigilea kontzeptu askeagoa iruditzen zait; dena sar daiteke.

Noiz edo nola sentitu zenuen irudigile izan nahi zenuela?

Ez da egon une zehatzik, prozesu organiko bat izan da. Beti eduki dut oso argi artearen edo sormenaren inguruan lan egin nahi nuela. Gurasoei esker batxilergo artistikoa egiteko aukera izan nuen.

Gurasoei esker?

Batxilergo artistikoak izan du estigma bat. Agian orain gutxiago, baina lehen ez zegoen hain onartua edo ondo ikusia. Gurasoek bultzatu ninduten hori ikastera.

Umetan guztiek margotzen dute. Ondo pasatzeko, barne mundua irudikatzeko... balio du. Zergatik uzten zaio gero marrazteari?

Besteen iritziek baldintzatu egiten gaituzte. Jendeak esaten du ez dakiela ondo margotzen, koloreak aukeratzen... Azkenean, barneratzen da marraztea zerbait modu jakin batean egitea dela; ez da hori, ordea, edozer gauza izan daiteke. Kortse moduko bat dago, beldurra.

Bizi daiteke irudigile lanetik?

Neu hala bizi naiz, baina justu samar. Bi urte daramatzat autonomo gisa, eta ez dakit zenbat iraungo dudan. Mamuak eta beldurrak etortzen zaizkit burura, eta pentsatzen dut agian hasi behar dudala beste zerbaitekin, agian lanaldi erdiko lan bat... Zaila da. Laguntza batzuk jaso ditut, beka batzuk jaso ditut, eta hori gabe ez litzateke posible izango.

Zure kasuan, liburuetarako irudiak egiteaz gain, taberna bateko burdinazko sareta eta jatetxe bateko hormak ere margotu dituzu.

Bai. Jasotzen ditudan eskaerak gustatzen bazaizkit, egiten ditut. Saretarena, esaterako, erronka izan zen. Inoiz ez nuen espraiekin margotu, eta ez nuen nire irudi bat hain neurri handietara eraman. Gauza berriak egiteko prest nago.

Zuen lana gutxietsi egiten da?

Orokorrean, bai. Asko. Jendeak pentsatzen du gure pasioa dela, gustatzen zaigula, eta ez dagoela ahaleginik atzean. Ez duzu kontuan hartu behar irudia egitea kostatu zaizuna, baizik eta horra iritsi arte egindako ibilbide osoa. Horrek guztiak balio bat du, eta zaila da neurtzea.

Irudien uholde etengabea jasotzen da gaur egun, gehienak ikus-entzunezkoen bidez. Irudi garbi eta koloretsu horien aurrean, zureek atentzioa ematen dute: eskuz eginak, orbanetan oinarrituak, testura dutenak.

Bai, erabat. Gaur egungo joera da irudi digitalera jotzea. Sekulako tresna da; neuk ere erabiltzen dut prozesuaren bukaeran, baina nire ardatza paperean dago. Ematen didan goxotasuna ez da berdina. Testura behar dut, eta teknika ere garrantzitsua da kontzeptuan.

Kasu batzuetan ikusi egiten da margoa sakatu egin duzula.

Horrek ere garrantzia du kontzeptuan. Ez dut egiten egiteagatik edo polita delako. Naturala da. Horrela ateratzen bazait, zerbaitengatik da.

Marrarik ez duzu erabiltzen? Marrazkiak ez dituzu inguratzen?

Orban batetik abiatzea gustatzen zait, gehienetan eskuekin. Sentitzen dut puskatu egiten dudala lerro hori, eta horrek erakartzen nau. Orban horren gainean lerro bat sor dezaket, baina orbana ez da egoten lerroaren barruan. Umeen moduan, niri berdin zait lerrotik ateratzea.

Irudigilearen lana haur eta gazte literaturari lotuta dago batez ere?

Geroz eta gutxiago, baina bai.

Helduentzako liburuetan marrazkiak falta dira? Bai istorioei laguntzeko, bai liburua bera janzteko.

Niretzat bai, baina guztiek ez dituzte behar ilustrazioak. Liburu asko biribilagoak lirateke ilustrazioekin.

Bertol Arrieta idazlearekin suizidioari buruzko eleberri grafiko bat prestatzen ari zara?

Suizidioa da ardatza edo motorra, baina doluaren prozesuari buruzkoa da. Bi urte daramatzagu lanean. Abenduan kaleratuko dugu.

Nolakoa da irudigilearen harremana idazlearekin? Erabateko askatasuna izan duzu?

Prozesua organikoa edo nahiko naturala izan da. Ideia eta gidoia Arrietarenak dira, baina ez dit mugarik jarri, ez dit esan zer egin behar nuen. Konfiantza izan du nigan. Prozesu polita eta ona izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.