Erabakitzeko eskubidea. Abertzaletasunik harago?

Katearen zabalera

Gure Esku Dago-k ez du bilatu giza katerako alderdi eta eragileen atxikimendurik, baina iritzi ezberdinak piztu ditu hainbaten artean, baita abertzaletasunetik haragokoetan ere.

Joan den larunbatean Gure Esku Dago-k Irun eta Hendaia artean egindako giza katea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Herritarren atxikimenduarekin, eta erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta, gehiengo berriak aktibatzea. Horixe da Gure Esku Dago mugimendua bultzatzen ari den filosofia. Gehiengo berriak lortzeko, argi dago historikoki autodeterminazioa edo erabakitzeko eskubidea defendatu duten familia politikoetatik haragoko babesa behar dela: abertzaletasunetik haragokoa. Izan dira seinale batzuk egindako bidean, herriz herri lortutako argazki batzuek erakutsi dutenez. Eta, alde horretatik ere, mugarria ezar dezake igandeko giza kateak, eremu berri horietan eragiten duen jarreraren arabera. Dinamikaren bultzatzaileek ez dute bilatu alderdi eta eragile mailako babesik, baina azpitik, ingurutik, zeharka, erabakitzeko eskubidearen aldeko esparruaren zabalera neurtzeko balio dezake.

UGTk, esaterako, ez du aurreikusi, «printzipioz», ohar edo baloraziorik egitea, ezta CCOOk ere. Badira, ordea, dinamikarekin bat egin duten kideak, eta igandean beste hainbaten eskutik joango direnak. CCOOko exekutibako kide Alfonso Rios, adibidez, ezin izango da bertan egon arrazoi pertsonalengatik, baina begi onez ikusten du egitasmoa, eta ahal balu, joango litzateke. Are gehiago, «CCOOko jende dezente» joango dela dio.

Gure Esku Dago-koek sindikatura jo zutela kontatu du Riosek, beren izaera eta helburuak azaldu eta norbanakoen babesa bilatzeko asmoz. «Pertsonalki, iniziatiba ona iruditzen zait. Erabakitzeko eskubidea, horrela esanda, ez dago inongo ordenamendu juridikotan gaur egun, baina errespetatu behar den eskubide bat da. Euskaldunok bizi garen marko autonomikoak errespetatu behar du herritarren borondatea. Hori argi dago, nire ustez behintzat». Eskoziako adibideari begiratu dio, herrialde haren «partikulartasunak» ahaztu gabe, bide ona dela iritzita: «Eskozia ere gizarte plural bat dela esan liteke, geurea bezala, eta erabakitzeko eskubidea izan da jendea ados jarri duena».

Podemos-Ahal Dugu-k, berriz, dei egin die herritarrei giza katean parte har dezaten: «Ez da abertzaleen eskakizuna, eskakizun demokratikoa baizik». Lander Martinezek gogorarazi du herrien erabakitzeko eskubidea jasotzen dutela beren programan, eta begi onez ikusten dituztela horren aldeko ekintza guztiak: «Gure Esku Dago iniziatiba integratzailea iruditzen zaigu, eta horren alde lan egingo dugu ».

Equon ari dira eztabaidatzen erabakitzeko eskubideari buruz, baita Gure Esku Dago-k piztutako dinamikaz ere. «Eztabaida sakona» egin dute Jose Ramon Becerra bozeramailearen hitzetan, eta datozen hilabeteetan ere jarraituko diote bide horri. Kasu honetan, ordea, igandeko ekitaldia «ez babestea» erabaki dute, baina parte hartzeko erabakia alderdiko kide bakoitzarena izango da. «Batzuk joango dira».

«Zehaztasun falta»

Barne eztabaidan, erabakitzeko eskubidearen alde agertu da Equo ere, «zalantzarik gabe». Horrekin batera, «eraikitzekoa» ere aipatu dute, «biak batera» doazela iritzita: «Gure eredua eta etorkizuna eraikitzeko eta erabakitzeko eskubidea eduki behar dugu; ez bakarrik eredu politikoa, baita eredu ekonomikoa, soziala eta energetikoa ere».

Hala ere, zenbait «akats larri» ikusi dizkiote Gure Esku Dago-ri. Batetik, «zehaztugabea» izatea: «Bizpahiru lelo polit ikusi ditugu, baina horren atzean ez dago erabakitzeko proposamen zehatzik, oraingoz. Erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da zerbait edukitzea, dinamika babesten duen jendearen itxaropen eta gogoari kale egiteko arriskua dago bestela». Bestetik, «sentsibilitate identitario ezberdinen arteko akordioa» ezinbestekoa dela diote, eta ez dute halakorik ikusi orain arte. «Horretarako, esaten denean nazio bat garela, erantzuna esaten da. Irekiagoa izan behar da, herriaren sentsibilitate identitario guztiak sartu ahal izateko, dinamika erakargarriagoa egiteko».

Bide beretik jota, Ezker Anitza-IUkoek ere «frontismo identitarioagatik» kritikatu dute Gure Esku Dago dinamika. Hala adierazi dute igandeko giza katea ez dutela babestuko jakinarazteko Iratzarri-Ekirekin batera ateratako oharrean, eta hala adierazi du Sabin Zubirik ere. «Printzipioetan» ados daudela dio: «Autodeterminazioarekin ados, marko juridikoan gauzatu ahal izatearekin. Identitateen arteko elkarbizitza hobetzea da gure helburua».

«Estrategia» da, gehienbat, Zubirik kritikatu duena, «EAJren eta EH Bilduren babesa». Azaldu duenez, beste bide bat defendatzen dute haiek, Espainiako Estatuko indar politikoekin egin beharrekoa. «Estatu mailan, Europan eta nazioartean sortzen ari diren aliantzek aukera ematen dute arlo ezberdinetan erabakitzeko: monarkia edo errepublika, arlo ekonomiko-soziala... [Espainiako] errepublikak eta prozesu konstituziogileak izugarrizko aukera irekitzen du autodeterminazioa lortzeko, frontismo identitariorik gabe».

Subjektua

Ezker Anitza-IUk eta Iratzarri-Ekik dinamika «nahasia» dela kritikatu dute, atzo ateratako oharrean. «Aurretik argi eduki beharreko» auziak badaudela uste du Zubirik, horien artean, lurraldetasunarena eta subjektuarena. «Planteatzen da oinarrizko printzipio bat, oso era abstraktuan. Euskal Herriko barne harremanek errespetatu egin behar dute Nafarroako herritarren edo Ipar Euskal Herrikoen borondatea. Hori funtsezkoa da guretzat. Harremanak eta erakunde komunak edukitzearen alde gaude, baina beti beren borondate demokratikoa errespetatuta».

PSE-EE eta PP hasieratik agertu dira erabakitzeko eskubidearen eta Gure Esku Dago-ren aurka. Bai, behintzat, beren ordezkari nagusien ahotan. Herenegun, «identitate arrazoiengatik bereizi» egiten duela leporatu zion dinamikari Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak: «Denen arteko kateak behar dira, ez batzuek besteen aurka eginak». Baina badira salbuespenak. Alderdi bereko Gemma Zabaleta, esaterako, giza katean izango da. Hala esan zion BERRIAri apirilean: «Ideia denak gauzatu al daitezke? Bai, alde gehiengo zabal bat badago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.