Uztaila, bisitarien hilabetea

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek eta landetxeek iaz hilabete berean baino 39.000 turista gehiago hartu dituzte uztailean: 314.000

Turista talde bat Bilbon, Guggenheim inguruan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2015eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Turismoaren sektorean lan egiten dutenak uda sasoiaren zain egoten dira urte osoan. Bada, badirudi gustura egoteko arrazoiak dituztela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako uztaileko datuak eman ditu Eustatek, eta, horien arabera, turista gehiago igaro dira aurten hoteletatik eta landetxeetatik. Hain zuzen ere, iaz hilabete berean baino %14 gehiago. Duela urtebete, 275.000 turista hartu zituzten; aurten, berriz, 314.000. Igoera hori igarri da bisitariek igarotako gau kopuruan ere. Guztira, 647.468 gau igaro dituzte, iaz baino %12 gehiago. Batez beste, bakoitzak bi gau. Abuztuko datuen zain, inoizko daturik onenak dira sektorearentzat.

Datuak lurraldeka aztertuta, turista kopuruak hiruretan egin du gora. Uztailean, Bizkaira etorri zen bisitari gehien: 144.428. Haren atzetik gelditu ziren Gipuzkoa —123.283—, eta Araba —45.904—. Ehunekoei erreparatuta, ordea, Arabak izan du hazkunderik handiena; iaz baino %20 bisitari gehiago igaro ziren lurraldetik. Eustaten arabera, bisitariek Gipuzkoan igarotzen dituzte gau gehien: 2,2 gau, batez beste.

Kultur jaialdien bultzada

Hiriburuetako datuak ere ezagutarazi ditu Eustatek. Gasteizen, Bilbon zein Donostian iaz baino bisitari gehiago ibili da aurtengo uztailean. Eta, bereziki, okupazio tasa handia izan dute zenbait kultur ekitaldi egin diren asteetan.

Uztailaren 9tik 11ra arteko egunak, adibidez, arrakastatsuak izan ziren Bizkaiko ostatuentzat. BBK Live jaialdia egin zen egun horietan Kobetamendin, eta %80 izan zen okupazio tasa Bizkaian —%95 inguru Bilbon—. Hilaren amaieran, Donostian antzeko efektua eragin zuen jazzaldiak. Okupazio tasa %90 inguru izan zen hiriburuan, eta %80, Gipuzkoa osoa kontuan hartuta.

Gasteizko Jazz Jaialdiaren eragina txikiagoa izan zen. Hala ere, igarri zen izandako bisitari kopuruan. Iaz baino %2,7 turista gehiago hartu zituzten Arabako hotelek eta landetxeek. Uztailaren 14tik 18ra egin zen jaialdia, eta okupazio tasa %67 izan zen Gasteizen; txikiagoa, Araban: %62.

Hotelen kasuan, bisitariaren jatorriaren berri ere ematen du Eustatek. Bi multzotan banatzen ditu turistak; batean, Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak sailkatzen ditu —149.737—; bestean, berriz, gainontzeko bisitari guztiak —143.975—. Bi multzoen arteko aldea gero eta txikiagoa da. Izan ere, azken urteetan, gorakada nabarmena izan du atzerriko turisten kopuruak. Uztailean, adibidez, iaz hilabete horretan baino %21 gehiago etorri ziren mundu osoko herrialdeetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.