Eskolara gona jantzita, protesta egiteko asmoz

Gona jantzita joan zen eskolara mutil bat urrian. Iseka egin, eta psikologoarena bidali zuten. Babesa adierazten ari zaizkio toki askotan.

Oñatiko (Gipuzkoa) Zuazola-Larraña institutuko ikasleak, gona jantzita. GOIENA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ikastetxera gona jantzita joatea erabaki zuen Mikelek. Urriaren 27a zen. Horretarako gogoa zuela adierazi zuen, eta, beraz, nahi hori bete zuela; «besterik gabe». Hala ere, eskolara iritsi orduko iseka egin zioten ikaskideek 15 urteko bilbotarrari. Irakasleek ere janzkera gaitzetsi, eta psikologoarena bidali zuen horietako batek: «Han etengabe galdetu zidaten ea emakume sentitzen ote nintzen. Esan diet ez diodala generorik jartzen neure buruari, baina, zerbait izatekotan, mutila naizela». Areago, ikaskide emakume batzuek ere gona zeramaten jantzita, baina, soilik Mikeli aholkatu zioten hura kentzeko, ea hotzik ez zuen nabarmenduta.

Gertakari horren ostean, hainbat ikastetxetako ikasleek izan dituzte elkartasun eta protesta keinuak. Hain zuzen, gazteak Tiktok sare sozialaren bidez azaldu zuen gertatutakoa, eta oihartzun izugarria izan zuen istorioak. Hala, zenbait gaztek, gona jantzi, eta protestarako hautua egin dute; besteak beste, arropak generorik ez duela aldarrikatzeko eta elkartasuna adierazteko. Lehena, azaroaren 4an egin zen, eta Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere izan du eragina.

Hain zuzen, ezustean, mugimendu bat sortu zen, inor janzteko moduagatik, itxuragatik edo bere sexualitateagatik baztertzearen aurkakoa. Mikelen kasuan ere mugimendu bat dago oinarrian. Haren arabera, ikastetxera hala jantzita joan nahi izan zuen Europako beste herrialde batzuetan mutilek gona jantzita eramaten zuten «mugimendu feminista bat» ikusi zuelako: «Hori egiteko gogoa nuen».

Oñatin ere, ekintza bera

Gazteak gertatutakoa azaldu zuenetik, ehunka gazte joan dira eskolara gona jantzita. Herenegun, adibidez, hala izan zen Oñatiko (Gipuzkoa) Zuazola-Larraña institutuan. Gaiaren inguruko gogoeta egin zuten aurrez ikasgela batean, baina, azkenean, egitasmoa institutu osora zabaldu zuten, eta maila guztietako ikasleek egin zuten bat aldarrikapenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.