ELBk ez du parte hartuko laborantza ganberan

Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Laborantza ganberako hauteskundeen kari Pauen lortutako bi eserlekuak hutsik uztea erabaki du ELB sindikatuak. «FDSEAko kideek gure hautetsiekin duten jarrerak, etengabeko mespretxuak eta gure proposamenen ukatze sistematikoak berretsi digu denbora galtze bat dela instantzia horretan bestelako laborantza baten defendatzeko mintzatzea», adierazi dute. Beraz, azken mandatuan parte hartzeko «hamaikagarren saiakera» egin ondotik, 2001-2013 epealdian hartutako jarrerara itzultzea erabaki dute. «Nahiago dugu gure indarrak modu pragmatikoagoan kontzentratu, laborariak eta laborantza herrikoia gure eguneroko ekintzen bidez tokian toki defendatuz, eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren garapen lanaren bidez».

Halaber, ELBk berretsi du Euskal Elkargoaren eremuan laborantzako eragile guziak bilduko dituen Laborantza eta Elikaduraren Erakunde Publikoa sortzearen alde lan eginen duela. Egitura horretan, laborarien lansaria, kalitatezko laborantza eta etxaldeen atxikitzea izanen dira «lehentasunak» sindikatuarentzat.

Emaitzen faltan, bi irabazle

Urtarrilaren 31n iragan ziren Pirinio Atlantikoko Laborantza Ganberako hauteskundeak, eta lehengo astean jakinarazi zituzten departamenduko emaitzak: FDSEA nagusi 2.825 bozekin (%53,98), ELBk 1.267 boz (%24,21), Biarnoko Laborarien Konfederazioak 690 boz (%13,19), eta Landa-koordinazioak 451 boz (%8,62). Horraino denek bat egiten dute, baina tokian tokiko kontaketarik egiten ez denez, Ipar Euskal Herriko emaitzak ateratzeko bakoitzak bere kalkuluakditu. Otsailaren 6an, lehen indarra zela aldarrikatu zuen ELBk agiri batean; eta otsailaren 11n prentsaurrekoa eman zuen FDSEAk, ministeriotik jasotako datuen arabera lehen indarra zela baieztatzeko. Datu berdinekin, «itxura guzien arabera» lehen indarra dela berretsi zuen atzo ELBk prentsaren aitzinean.

Nor sinetsi? Bakoitzaren kalkulu eta hipotesiak baztertuta gaur-gaurkoz baiezta daitekeen bakarra da Ipar Euskal Herriko bozen kontaketarik ezean ezinezkoa dela lehen indarra nor den erratea. ELBk adierazi zuenez, 2017ko udatik eta EHLGrekin batera, behin baino gehiagotan jo dute FDSEA sindikatua eta departamenduko laborantza ganberarengana, lauen artean, Ipar Euskal Herriko bozen kontaketa egin dezala eskatzeko administrazioari; FDSEAk eta ganberak uko egin diote. «Ipar Euskal Herriko parte hartze datuak ikusirik, bakoitzak duen indarra jakitea merezi dute laborariek», uste du ELBk. «Zenbakien eta hipotesien batailak hautesleak okaztatzeko baizik ez du balio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.