Behin-behinekotasuna jaisteko eredua landu du mahai sozialak

xabier martin
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Kontratatuen behin-behinekotasun handiari muga jartzeko helburua du Espainiako Gobernuak, luze gabe onartu nahi duen lan erreforman, eta, hain zuzen, sindikatuekin eta patronalarekin langileei egonkortasun handiagoa emateko ereduaz aritu ziren eragileak, atzo, mahai sozialean. Langilearen Estatutuaren 15. artikuluaren inguruko gai bakarreko saioarekin berrekin die Madrilek lan erreformaren negoziazioei, PPren lan erreforma «indargabetu» egingo dela erabaki ondoren, baina baita CEOEk akordioaren parte izan behar duela jaso ondoren ere, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko itun politikoan.

Bileran ez da adostasun handirik egon, patronalak 2012ko lan erreformaren espiritua defendatzen jarraitzen duelako. Madrilek %15eko tasara jaitsi nahi du afiliatu kontratudunen behin-behinekotasuna, eta, horretarako, aldi baterako kontratuak egiteko baldintzak gogortu nahi dizkie enpresei, eta kontratu finko etenak sustatu. Baina CEOEk esan dulangabeziaren azken datu onak indarrean dagoen lan araudiaren malgutasunean duela oinarria, eta ez dago prest Lan Ministerioaren plana hain erraz onartzeko.

Are gutxiago Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren azken proposamena ezagutu ondoren. Gizarte Segurantzaren kotizazioak puntu erdi igotzeko aukera ez da patronalaren gustuko, eta Lan Ministerioak berak onartu du ez zela garairik egokiena Escrivaren ideia plazaratzeko. Pentsioen erreforma ere bere bidea egiten ari da, ordea; hura ere Europako Batzordeak zaintzen duela, Next Generation funtsak tarteko, eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakin nahi du alderdiek eta eragile sozialek zein neurritan onartuko luketen bere proposamena.

Kontratu finko gutxiegi

Bada, lan erreformak lan kontratuen ereduak gutxitu egingo ditu, eta hezkuntza alorrarekin lotutakoak mugatu, Lan Ministerioak jakinarazi duenez. Espainian, behin-behinekotasun tasa handia dago, %25ekoa, eta Hego Euskal Herrian ere oso handia da: sektore publikoan %40era iristen da kontratu finkoez besteko kontratazioa, Europako handiena. Lan merkatuan arrakala handia eragiten ari da aldagai hori. Langile finkoek pilatzen dituzte baldintza onenak, eta haien aldean, behin-behineko kontratuarekin jarduten dutenek gehiago nabaritzen dute prekaritatea. Dualtasun hori bukatu nahi du Espainiako Gobernuak, baina ikusteko dago berdintzea goitik edo behetik egingo duen; alegia, kontratuen menu berrian, aldi baterako kontratuak finko bihurtzean, oraingo finkoen baldintza berak izango dituzten ala kontratu finkoek eskubideak galduko dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.