Euskal Herriko Itzulia

Tourrean baleude bezala

Pogacar esprintean gailendu zaio Roglici Ermualden, buruz buru lehia estua izan ostean. Beste lau segundo kendu dizkio liderrari gainsariekin, eta 20 segundora du orain. Landa bosgarren izan da

Tourrean baleude bezala.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Itzulia biren kontua da. Hala erakutsi zuten atzo Tadej Pogacarrek (UAE) eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma), Ermualdeko horma bortitzean amaitu zen etapan. Lasterketako bi txirrindularirik indartsuenak dira, eta ikuskizun aparta eman zuten amaierako malda pikoetan %23ko pendizeko tarteak zeuden ia lau kilometroko igoeran, iazko Frantziako Tourreko irudiak gomutara ekarriz. Pogacarrek hiru erritmo aldaketa egin zituen, liderra atzean utzi nahian, baina ez zuen halakorik lortu. Irabazi egin zion esprintean, hori bai, eta 20 segundora hurbildu zitzaion sailkapen nagusian. Azken bi etapetan zortzi segundo kendu dizkio gainsariei esker. Mikel Landa (Bahrain) koska bat beherago egon zen: bosgarren bukatu zuen, esloveniarrengandik bost segundora. Arabarrarekin batera helmugaratutako Alejando Valverdek (Movistar) osatu zuen etapako podiuma.

Euskaltel-Euskadi taldebururik gabe gelditu zen herenegun, Mikel Bizkarrak ezker lepauztaia apurtu baitzuen, erorita. Bada, kolpetik altxatu nahirik, Gotzon Martin sartu zuen atzo ihesaldian. Caja Ruralek, berriz, Oier Lazkano bidali zuen aurrera. Hura zen ihesaldiko txirrindularirik gazteena, 21 urterekin. Kern Pharmak ere gaztetasunaren alde egin zuen apustu, ekimena Roger Adria kataluniarraren esku utzita. Haietaz gainera, beste lau ziklistak egin zuten ihes tropeletik: Mikkel Honorek (Deceuninck), Felix Gallek (DSM), Larry Warbasek (AG2R) eta Dani Navarrok (Burgos).

Tropelak bidea egiteko baimena eman zien lasterketaren lehen zatian, eta zazpi minututik gorako aldea lortu zuten. Tarte horretan, hirugarren mailako Altube eta Tejera igo zituzten, eta bietan Lazkano igaro zen buruan. Alabaina, berriketak amaitu egin ziren onenen multzoan azken 80 kilometroetan sartzean. Izan ere, helmugako gainsarien balioaz jakitun ziren hautagaien taldeak. Etapa garaipenak berak ere arduratzen zituen, inoiz igo gabeko pareta batean baitzegoen helmuga. Israel, Bike Exchange eta Education First izan ziren erritmoa bizitzeko erantzukizuna hartu zuten lehenak, Michael Woods, Esteban Chaves eta Sergio Higuitaren aukerak jorratze aldera. Geroago, Landaren Bahrain eta David Gauduren Groupama batu zitzaizkien.

Hori horrela, iheslariak abantaila galduz joan ziren pixkanaka: 60 kilometroren faltan, bost minutu baino gutxiagora zuten jada tropela, eta 40ren faltan, hiru minutu eskasera. Adam Yates (Ineos) moztuta gelditu zen une batez, baina behin hura tropelera itzulita, abiada bizitu egin zuen Ineosek. AG2R ere agertu zen buruan. Ihesaldiaren itxaropena lausotzen hasia zen, eta, Laudiora bidean, Lazkanok bakarkako ahalegina egin zuen, helmugatik 27 kilometrora. Protagonista izan nahi zuen etxeko etapan. Malkuartura lasterketa buruan iristea zen gasteiztarraren erronka, eta iheskideekin minutu erdiko tartea zabaldu zuen. Ziztu batean zetorren, ordea, onenen multzoa, eta doi-doi lortu zuen helburua Lazkanok; mendateko lehen aldapetan harrapatu zuten. Israelek hartu zuen ekimena bi kilometro pasotxoko igoera motz eta pikoan lehen kilometroan %11tik gorakoa zen pendiza.

Roglicen defentsa irmoa

Maldan gora ez, jaitsieran egin zuen Landak taldea luzatzeko saiakera. Arriskatzeko gogoa zuen, eta bihurgune batean apur bat atera zen errepidetik. Geroago, lurrera joan zen Woods, eta ezerezean gelditu, hortaz, haren taldeak eginiko lan eskerga. Behin Ermualdera iritsita, erasora jo zuen Pogacarrek. Hiru ahalegin egin zituen: 2,6 kilometrora bata, 2,1era bestea, eta 1,5era azkena. Hiru aldietan, soilik Roglicek hartu ahal izan zion gurpila. Itxuraz behintzat, aise erantzun zien liderrak herrikidearen erasoei. Pareta gogorrak kadentzia handiz igotzen ditu, halako aldapetan batere ohikoa ez den bizitasunarekin. Normalena gorputza bihurritu behar izatea zen. Horrela ibili zen Landa, esloveniarrak harrapatu nahian. Lortu zuen haiekin bat egitea, Yates, Gaudu eta Valverderekin batera, baina azken kilometroan bakarrik gelditu ziren berriro Roglic eta Pogacar, liderrak erritmoa aldatu eta gero.

Bukaerak beheranzko joera zuen, eta oso teknikoa zen. Irabazteko, funtsezkoa zen buruan izatea. Pogacar nagusitu zen kokapenaren lehian, eta harentzat izan zen, horrenbestez, etapa. Ez zen alde handirik egon: hogei segundoren barruan izan ziren lehen hamar sailkatuak. Galtzaile nagusiak, Borako Maximilian Schachmann eta Emanuel Buchmann, eta Astanako Ion Izagirre eta Jakob Fuglsang izan ziren, minutu erditik gora galduta. Sailkapen nagusian, aurrera egin zuten Landak eta Pello Bilbaok (Bahrain): zazpigarren eta zortzigarren daude orain, minutu bateko eta 1.08ko atzerapena dutela, hurrenez hurren.

Laugarren etapa jokatuko dute gaur, Gasteiz eta Hondarribia artean. 189 kilometroko lana egin beharko du tropelak, eta amaieran Jaizkibel eta Erlaitz kateatuko ditu, Donostiako Klasikoan igo ohi diren bi mendate. Lehia bizia izango da berriro oilarren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.