Euskal Herriko Itzulia

Berriz ere, ahaltsuenen legea

Daniel Martinezek irabazi du Itzuliko laugarren etapa, onenen arteko esprintean. Bilbao bosgarren izan da, eta postu bat galdu du nagusian: seigarren dago orain. Roglicek eutsi egin dio lidergoari

Berriz ere, ahaltsuenen legea.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Izar asko dago Itzuliko tropelean, eta dir-dir ari dira egiten etapa bakoitzean, zaleen gozamenerako. Alabaina, itzalpean ari dira uzten gainerako ziklistak. Eklipsea erabatekoa da. Askok dastatu nahi dute garaipenen gozoa, baina, orain arte, ahaltsuenek papurrik ere ez diete utzi. Ibon Ruizi (Kern Pharma) loriak oso gutxirengatik egin zion ihes asteartean; atzo, berriz, Victor Lafay (Cofidis) gelditu zen arrakastaren atarian. Ihesaldia azken unean zapuztu, eta berriz ere esprinta lehiatu zuten Itzuliko ziklista onenek. Eta, haien artean, Daniel Felipe Martinez (Ineos) izan zen azkarrena Zamudioko helmugan, Julian Alaphilipperi (Quick Step) oso tarte txikiz aurrea hartuta. Hirugarren Diego Ulissi (UAE) izan zen.

Martinez zortzigarren zegoen sailkapen nagusian, baina, gainsariei esker, hirugarren posturaino egin zuen jauzi. Ondorioz, Pello Bilbaok (Bahrain) koska bat egin zuen atzera, seigarren postura. Hemeretzi segundoren atzerapena dauka oraindik Primoz Roglicekin (Jumbo Visma). Esloveniarrak arazorik gabe eutsi zion atzo liderraren maillotari.

Ihesaldian arrakasta lortzeko aukera zegoen atzo. Ibilbidea oso iradokitzailea zen etapa ehiztarientzat, eta ez zuen ematen onenak Gangurenera iritsi aurretik mugituko zirenik. Hori horrela, lehen kilometroetan tropeletik hanka egiteko saiakera ugari izan zen, eta, azkenean, hamalau txirrindulari nabarmendu ziren. Bi euskal herritarrak ziren: Oscar Rodriguez (Movistar) eta Mikel Iturria (Euskaltel-Euskadi). Badira nor ihesaldietan, Vueltan etapa bana baitute irabazita. Maila handiko beste ziklista asko izan zituzten iheskide: Lafay, Geraint Thomas (Ineos), Davide Formolo (UAE), Mauri Vansevenant (Deceuninck), Cristian Rodriguez (Total Energies), Ruben Guerreiro (Education First), eta Bruno Armirail (Groupama), besteak beste.

Tropelak ez zien tarte handirik eman, badaezpada. Roglicen lidergoa mehatxa zezaketen Rodriguezek eta Armirailek, eta Jumbo Vismak hurbiletik zaindu nahi izan zituen. Iheslariak 1.45en aldearekin iritsi ziren Elorritxuetara, eguneko lehen mendatera. Rodriguez pasatu zen buruan, eta Jatan ere hark poltsikoratu zuen puntu gehien. Sendotu egin zuen mendiko sailkapeneko lidergoa. Bigarren mendatea jaitsita, bakarrik abiatu zen Tsgabu Grmay (Bike Exchange). Buruz buru, nekez azpira zitzakeen aldamenean zituen txirrindulariak. Aurretiaz saiatu behar. Ia minutu baten aldea lortu zuen, baina iltzatuta gelditu zen Urruztimendiko aldapa pikoetan. Ziztuan pasatu zuten Thomasek, Lafayk, Guerreirok eta Armirailek. Guztiz xehatu zen ihesaldia.

Gangurengo igoera besterik ez zen gelditzen, eta, hara bidean, aurreko laukotearekin bat egin zuten Iturriak, Formolok eta Vansevenantek. Minutu baten aldearekin hasi ziren mendatea igotzen. Onenen hatsa garondoan sentitzen hasita, gogor jo zuen Lafayk. Hasierako zatian zegoen mamia: kilometro batez %15etik gorakoa zen malda. Han abiatu zen frantziarra, eta gurpiletik aise atera zituen aurkari guztiak. Tropelean, gauza bera egiten saiatu zen Pierre Latour (Total Energies), baina kate motzean lotu zuten. Aurpegia eman zuen Roglicek. Liderrak nortasunez kontrolatu nahi zuen egoera. Dani Martinezen lehen erasoari ere berehala ihardetsi zion.

UAEren lan erabakigarria

Aldaparik tenteenak igota, ekinean jarraitu zuten faboritoek. Erne zeuden Bilbao eta Ion Izagirre (Cofidis), eta Evenepoelen erritmo aldaketak ez zituen itsumustuan harrapatu. Gero Alaphilippe oldartu zen, errepide bazterretik. Martinez eta Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) irten ziren harekin. Alabaina, oilar guztiek bat egin zuten berriz ere, eta denak elkarrekin iritsi ziren gora. Han 1.10en aldea zien Lafayk. Formolo, Thomas, Guerreiro eta Armirailekin, berriz, 50 segundoren aldea zeukan. 20 kilometro gelditzen zitzaizkion aurretik.

Jaitsiera bakean egin zuten onenek, Latourrek izan ezik. Hankaz gora joan zen, eta bederatzi minutu baino gehiago galdu zuen helmugan. Lafayren kalterako, gizendu egin zen hautagaien tropela, eta UAE taldeko txirrindulariak indarrez jazarri zitzaizkion. Ulissiren aukera jorratu nahi zuten. Amaiera gerturatu ahala, geroz eta garbiago zegoen etapa indartsuenen artean erabakiko zela. Aurreko egunetan bezala, Evenepoel burura pasatu zen kilometro eta erdiren faltan. Hala bukatu zen Lafayren abentura. Esprintean, Martinez izan zen argiena eta indartsuena.

Azken-aurreko etapa jokatuko da gaur, Zamudio eta Mallabia artean. 163 kilometro egingo dituzte, eta bost mendate igo: Paresi, Bedaroa, Gontzagaraigana, Trabakua eta Karabieta. Helmuga horma batean izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.