Azkarrena esprintean, bigarren aldiz

Pedersenek irabazi du Vueltako 16. etapa. Roglic erori egin da, eta Evenepoelek zortzi segundo galdu ditu matxura baten ondorioz

Pedersen garaipena ospatzen, atzean Roglic lurrean dela. JAVIER LI ZON/ EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltako aurreneko esprintetan bigarren egiteaz gogaitu ere egin zen Mads Pedersen (Trek). Sam Bennettek (Bora) ez zion aukerarik utzi, baina irlandarrak lasterketa utzi zuenetik, Pedersen ari da nagusitzen. Hark irabazi zuen atzo Espainiako Vueltako 16. etapa.

Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) erasoa jo zuen azken hiru kilometroetan, eta, harekin batera, zenbait txirrindularik egin zuten aurrera; horien artean Pedersenek. Taldetxo horretako ziklisten artean erabaki zen garailea, esprintean. Erraz gailendu zen danimarkarra, eta Roglicek eroriko itsusia izan zuen. Remco Evenepoel (Quick-Step) liderrak matxura bat izan zuen azken hiru kilometroen barruan. Ordurako Roglicen erasoa joa zuen, eta tropelean zen flandriarra. Tropela zortzi segundora iritsi zen helmugara, eta denbora hori eman zioten liderrari. 1.26ren aldea dauka liderrak orain, Roglicekiko.

Aurtengo Espainiako Vueltako azken atseden egunaren ostean, hirugarren eta azken astean murgilduta dago lasterketa. Beroa eta haizea izan ziren atzoko oztopo nagusiak. Lehen 175 kilometroetan ez zen nabarmentzeko askorik izan. Ibilbidea laua zen arren, azken hamabost kilometroetan gailur handi bat zegoen, eta hori zen eguneko mugarrietako bat. Amaiera zorrotza eta sigi-sagatsua zen: Azken kilometroan 600 metroko gainari (%8ko pendiza) egin behar izan zion aurre tropelak, eta handik helmugako aldaparaino (%4an) ibilbidea estua eta teknikoa zen.

Ander Okamika (Burgos-BH) eta Luis Angel Mate (Euskaltel-Euskadi)izan ziren eguneko ihesaldian, eta elkarrekin egin zuten egunaren zati handiena. Tropelean lasai aritu ziren, baina hogei kilometro gelditzen zirenean abiadura handitu zuten. Helmugarako hamahiru kilometrora harrapatu zuten bikotea.

Abiadura bizian egin zituzten azken kilometroak. Roglicek erasoa jo zuen azkeneko maldetan gora, eta esprinterrez beteriko talde txiki batekin egin zuen aurrera. Tarte txiki bat zabaltzea lortu zuten, eta orduantxe Evenepoel liderrari gurpila zulatu zitzaion.Taldetxoan erabaki zen garailea. Pedersenek abiatu zuen esprinta, eta erraz lortu zuen garaipena.

Emakumezkoena, gaurtik

Gaur hasiko da emakumezkoen Espainiako Vuelta. Marina de Cudeyon izango du hasiera, erlojuaren aurkako saioan, eta Madrilen amaituko da, igandean. Bost euskal herritar arituko dira: Eukene Larrarte (Bizkaia-Durango), Ane Santesteban (BikeExchange), Usoa Ostolaza, Idoia Eraso eta Tania Calvo (Laboral Kutxa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.