«Gustura eta asebeteta» amaitu du

Taldeak izandako «oreka» eta erakutsitako «indarra» nabarmendu ditu Imanolek. Ez du argibiderik eman datorren sasoiko taldeaz

Imanol Alguacil, agindua ematen, Sevillaren aurkako partidan. JUAN HERRERO / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Igandean Europa ligarako sailkatzea lortu eta gero, «gustura, lasai, harro eta asebeteta» dago Imanol Alguacil, Realeko entrenatzailea. Denboraldiaren balantzea egin zuen atzo Orioko teknikariak. «Urte guztian merezitako saria jaso genuen azken partidan». Onartu zuen atzo bertan ikusi zuela azken aldiz Januzajek sartutako gol erabakigarria. «Atzo [herenegun] ikusi nuen lehen aldiz, semearekin; eta, azkena, gaur [atzo] Zubietan, bizikleta egiten ari nintzela. Oilo ipurdia jartzen zait oraindik ere, oso berezia izan baitzen lortutakoa. Atsedenaldian, jokalariei esan nien bizirik iritsiko ginela eta lortuko genuela, eta hala izan da».

Konfinamendua «kolpea» izan zela aitortu zuen. «Denboraldiko onenean ginen, eta etenak min egin zigun». Horren ondoren iritsi zen sasoiko boladarik txarrena. Baina denbora horretan taldeak egindako lan «ikaragarria» eta mentalki erakutsitako «indarra»nabarmendu zituen. «Emaitzak ez ziren iristen, baina jokoan eta lanean denboraldi osoan izandako oreka erakutsi genuen. Horrek asko esan nahi du.Uste dut lehen itzulian baino hobeto jokatu genuela Real Madrilen, Getaferen, Celtaren eta Granadaren aurka».

Une «zail» horiek gogoan atxikiko ditu. «Momentu gogorrak eta txarrak izan ziren, baina une guztietan zuzendaritzaren,zaleen eta hedabideen babesa sentitu dugu, eta niretzat hori izan da bereziena». Jokalariek erakutsitako jarrera nabarmendu zuen. «Sailkatzea lortu ondorengo ospakizunean ikusi zen jokalariek nola sentitzen duten armarri eta elastiko hau. Oso harro nago». Bere garaian, teknikariak berak esan zuen emozionalki ez zekiela nola kudeatuko zuen Realeko entrenatzaile izateak esan nahi zuena. «Ondo baino hobeto dakizue zein barruraino sentitzen dudan hau, eta alde horretatik banuen beldur apur bat. Baina uste baino hobeto eraman dut. Lasai egon naiz, entrenatzaile lanetan hasi nintzenetik egin dudana egin baitut: lan asko egin, eta nire onena eman».

Beste urtebeterako kontratua du, baina bere etorkizunak ez du kezkatzen. «Denek dakigu nolakoa den futbola; Callejari [Vila- realeko entrenatzailea] zer pasatu zaion ikusi besterik ez dago. Bosgarren amaitu du, eta kargutik kendu dute. Baina esan dezakedana da zuzendaritzaren babesa eta erabateko konfiantza sentitzen dudala eta, egunen batean hau hondoratzen bada, Imanolek lemari heldu diola gogor azken unera arte. Espero dut, dena den,hala ez izatea, eta nik hartzea uzteko erabakia». Oraingoz, «indarrez eta ilusioz» dago.

Ez du mehatxu gisa ikusten Xabi Alonso bigarren taldeko aulkian egotea. «Oso lasai eta ziur nago egiten dudanarekin, eta pozik Xabi hemen dagoelako guri laguntzen eta klubari ekarpena egiten. Gainera, esan bezala, lemari gogor helduko naiz. Izan ere, munduko klubik onenean nago, eta entrenatzaile mordo batek nahiko luke nire lekuan egon».

Hurrengo sasoiari begira

Aurrera begira ere jarri zen Imanol, hurrengo sasoira: «Bost lehiaketatan arituko gara, eta dena desberdina izango da. Beraz, aldaketak egin beharko ditugu egunerokoan lan egiteko dugun moduan, baita bestelako hainbat gauzatan ere. Hasiak gara horri begira lanean. Izan ere, behar bezala prestatzen ez bazara, Espanyoli gertatu zaiona pasatzeko arriskua dago, eta ez dugu halakorik nahi». Baikor da. «Langa oso goian jarri dugu, baina hobetzeko ilusioa eta ardura dugu. Taldeak erakutsi du gai dela hiru egunez behin lehiatzeko, eta dena emango dugu».

Printzipioz, abuztuaren 14an ekingo dio taldeak denboraldi-aurreari. Ez zuen argibiderik eman datorren denboraldiko taldearen inguruan, nahiz eta hainbat jokalariren inguruan galdetu. Martin Odegaarden eta Miguel Angel Moyaren izenak aipatu ziren gehien. «Bilera bat egin behar dugu Jokinek [Aperribai], Robertok [Olabek] eta hirurok, denboraldia lasai eta ondo aztertu, eta erabakiak hartzeko. Baina biek jarraitzea nahiko nuke, asko eman digutelako».

Utzita aritu diren jokalariek «lan ona» egin dutela nabarmendu zuen. «Imanol Agirretxe aritu da haien jarraipena egiten, eta aipatutako bilera horretan ere haien azterketa egingo dugu. Erabakiak ondo hartu nahi ditugu. urtea oso gogorra izango delako». Harrobiko jokalariek lana ere goraipatu zuen. «Ikaragarria izan da zenbat lagundu diguten. Sinetsi egin behar dute. Izan ere, ez da nahikoa atea jotzearekin, eraitsi egin behar dute».

David Zurutuza, ordea, ez da egongo Zubietan abuztuaren 14an. Astelehenean berretsi zuen erretiroa hartuko duela. Laudorioak izan zituen harentzat Imanolek. «Eredu on bat joan zaigu. Berak zelaian agurtzeko izugarrizko ilusioa zuen, baita guk ere. Baina taldeak asko zuen jokoan, eta ez nuen prest ikusten. Espero dut merezitako agurra izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.