Akatsek eta joak erabaki dute partida

Irribarria-Rezustak 11-22 irabazi diete Ezkurdia-Tolosari. Galtzaileak punturik lortu ez duten bikote bakarra dira, hiru jardunaldiren ostean

Irribarria pilota jotzen, alboan Ezkurdia dagoela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Luzea da binakako txapelketa, eta mota guztietako partidak daude bikoteentzat. Badira ondo egindako gauzengatik irabazten dituztenak; baina baita besteen akatsengatik irabazitakoak ere. Atzo, Irribarria-Rezustak aparteko distirarik gabeko partida jokatu zuten. Baina ederki baliatu zituzten Ezkurdia-Tolosaren ezina eta akatsak, txapelketako bigarren puntua nagusitasunez kolkoratzeko: 11-22. Nahikoa izan zuten biek duten joa tantaka erakustea, eta partida aurrera joan ahala tantoak argitasun handiagoz menderatuz joatea. Hala, bost bikote dira bi punturekin.

Galtzaileek, berriz, nahiz eta oraindik hirugarren jardunaldian egon, kolpea hartu zuten. 10-12ra arte baino ezin izan zioten eutsi. Orain arte punturik lortu ez duen bikote bakarra dira. Ezkurdiak tanto bakarra egin zuen, eta Tolosak, zortzi galdu. Hala, ezinezkoa izan zuten ezer egitea.

Parekatua izan zen Bergarako pilotalekuan jokatu zen neurketaren hasiera, aparteko jokorik gabekoa. Ez bikote batek, ezta besteak ere ez zuten lortzen zuloa irekitzea. Gehiago izan ziren galdutako tantoak, lortutakoak baino. Irribarriak aurrean eta Tolosak atzean bizpahiru galdu zituzten.

Irribarria-Rezustak lortu zuten lehen abantaila: 10-7. ikusgarria izan zen hamargarren tanto hori, Rezustak ia errebotean jarritakoa. Urduri zegoen Tolosa. Hori ikusita, Ezkurdia saiatu zen aurreko koadroetan jokoa nahasten. Baina horretarako aukera gutxi izan zituen. Albiste onena haientzat: ondo sentitu ez arren partidan sartuta zeudela. 10-12. Artean, Irribarria-Rezustak ez zuten lehia apurtu.

Handik gutxira lortu zuten, ordea, Rezustak egindako tanto oso on baten eta Ezkurdiak galdutako beste bati esker. Adierazgarria izan zen tanto horretan Arbizukoak egindako etsipen keinua: 10-15. Abantailak ematen duen lasaitasunarekin, tantoak aise menderatu zituzten irabazleek. Zortzi egin zituzten segidan: 10-20. Partida erabakita zegoen. Beste tanto bat baino ez zuten egin galtzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.