Imanol Rojo. Eskiatzailea

«Materialarekin arazoak izan ditut hasieratik»

Sasoi onez ekin zion 50 kilometroko probari Iraupen Eskiko Munduko Txapelketan, baina ez zuen bukatu, eskietan izandako arazoengatik.

MARKKU OJALA / EFE.
Unai Ugartemendia.
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ez da Imanol Rojoren (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) asterik onena izan. Lahtin (Finlandia) jokatu den Iraupen Eskiko Munduko Txapelketan parte hartu badu ere, esperientziak gazitik gehiago izan du gozotik baino. Hiru probatan parte hartu du, baina ez du espero zuen emaitza lortu. Esprintean (74. postua), eta eskiathlonean (53. postua) hasieratik emaitza onen bat lortzeko aukera handirik ikusten ez bazuen ere, 50 kilometrokoan zituen jarriak bere esperantza guztiak. Baina materialarekin izandako arazoek lasterketa uztera bultzatu zuten.

Nola joan da Lahtiko Munduko Txapelketa?

Egia esan, ez dira izan espero nituen emaitzak. Banekien esprintean oso zaila izango zela, baina eskiathlonean, 30 kilometroko proban, oso goiz geratu nintzen tropeletik kanpo. Gero, bukaeran, kilometroak pasatu ahala, hobeto sentitu nintzen. Erosoago sentitzen naiz distantzia luzean. Nire helburua 50 kilometroko proba zen.

Hala ere, bertan behera utzi zenuen. Zer gertatu zitzaizun?

Pena handia dut. Oso ondo sentitzen nintzen, baina txapelketaren hasieratik arazo larriak izan ditut materialarekin. Ezin nintzen gustura joan, eta erretiratzea erabaki nuen. Urte guztiko lana hor geratu da.

Zein izan zen arazoa?

Ez dakit zer gertatu den eskien ertzekin, bazirudien erreta zeudela. Zerbait arraroa gertatu zen: jaitsieretan ez zuten eusten eta igoeretan geldiarazi egiten ninduten.

Egun gogorrak izango dira hurrengoak, baina ahaztu eta aurrera egin beharra dago.

Bai, ez dago besterik.

Zein distantziatan aritzen zara gustuen?

Distantzia luzeetan ondo sentitzen naiz, eta azkeneko denboraldietan emaitza onenak distantzia horretan lortu ditut. Hala ere, badakit hamabost kilometroko lasterketa batean ondo egiteko aukera dudala.

Lehiaketa askotan lau distantziatan ere aritu izan zara lehian. Ez al dizu kalte egiten?

Batzuetan, bai, eta beste batzuetan, ez. Ondo sentitzen naiz asko lehiatzen naizenean, eta lasterketa batzuek beste batzuetarako prestatzen laguntzen didate. Azkeneko munduko txapelketan hiru probatan bakarrik parte hartu dut, ikusten dudalako distantzia luzeetan hobeto sentitzen naizela.

Ez al litzateke hobea lasterketa batean bakarrik zentratzea?

Ez dakit ba. Berrogeita hamar kilometroko distantzia nire baldintzetara egokitzen da, eta horretarako egin dut lan. Hala ere, beharrezkoa da lasterketa motzek ematen duten bizitasuna.

Zein oroitzapen duzu 2014ko Sochiko Olinpiar Jokoez?

Orain artean iraupen eskian dudan oroitzapen onena da. Errusiako joko haietan amets bat betetzea lortu nuen, eta ez zait inoiz ahaztuko.

2018an Pyeongchangen, Hego Korean, izango dira Olinpiar Jokoak. Nola ikusten dituzu sailkatzeko aukerak ?

Oso ondo, egia esanda. Gaur egungo sailkapenekin Olinpiar Jokoen barruan egongo nintzateke, baina sailkapena hilero aldatzen da, eta pixkana-pixkana joan behar da.

Zer izango litzateke zuretzat ez sailkatzea?

Ez zait burutik pasatu ere egiten; gertatuz gero, desengainu handia litzateke. Nire etorkizuna ere asko aldatuko litzateke.

Jendearen presioa nabaritzen al duzu?

Egia esan, Olinpiar Jokoen hurrengo urtean asko nabaritu nuen, baina azkeneko bi urteetan oso ondo jasaten ari naiz eta emaitzetan nabari da. Gero eta gehiago gozatzen ari naiz kirol honetaz.

Zer espero dute zugandik?

Espero, espero, ezer ez, baina kanpora lehiatzera joaten naizenean dena ematea gustatzen zait. Ahal bada, telebistan ateratzen saiatzen gara. Eurosporten edo halakoren batean irtetea oso zaila izaten da aurrean ez bazaude.

Hainbesteko aldea al dago errusiarrekiko eta norvegiarrekiko?

Prestakuntza aldetik, egia esan, ez; baina haiek ez dituzte guk adina bidaia egin behar elurra aurkitzeko. Iraupen eskian materiala ere oso garrantzitsua da. Zenbat eta aurrekontu handiagoa, material hobea eta eski azkarragoak. Oso zaila da horri aurre egitea, baina gu saiatzen gara horri ez begiratzen. Gure prestakuntzarekin eta baliabideekin potentzia handiei aurre egiten saiatzen gara, erraza ez bada ere.

Iraupen eskiko goi mailako lasterkari bat bizi al daiteke eskiatzetik?

Bizi, bizi, ez dakit zer esan... Zeresan handia dute bakoitzaren babesleek eta diru laguntzek. Oso zaila da eskiatzetik bizitzea Olinpiar Jokoetara joaten ez bazara. Emaitzek asko baldintzatzen dute, baina bizitzeko mundu honetan gauden bitartean aurrera jarraituko dugu.

Zuk esana da munduko hogei onenen artean egon nahi duzula. Posible al da?

Oso zaila, gure baliabideekin; baina aurten ondo sentitzen naiz, eta, zirkuitu oso gogorra denez, uste dut hor egon naitekeela, Sochin egin bezala.

Orain eskiatzaile ezaguna zara, baina nola hasi zinen eskian?

Aralarren, 5 urterekin hasi nintzen nire gurasoekin. Haiei asko gustatzen zitzaien elurretara joatea. Aurrena lerarekin-eta hasi ginen, eta, gero, eskia probatu genuen.

Zein izan ziren zure lehen eski irakasleak?

Beñat Azurmendi amasarra izan zen nire lehen irakaslea, lehenik Tolosan Alpino Uzturre mendi taldeko ikastaroetan eta gero entrenatzaile gisa taldean.

26 urte dituzu; gaztea zara. Zein dira urterik onenak iraupen eskian lehian aritzeko?

Bai, arrazoi duzu, oraindik gaztea naiz kirol honetarako [barreak]. Esaten dute 28 urtetatik 32 urtera izaten dela sasoirik onena, baina bada jendea Munduko Kopan 40 urterekin ondo aritzen dena.

Zer-nolako maila dago Euskal Herrian?

Egia esan behar badut, oso apala. Hala ere, gure klubean bada gogo handia duen jendea, eta atzetik ere badatoz gazteak. Euskal Herrian daukagun desabantaila zera da, elur gutxi izaten dugula, eta gutxienez bi orduko bidaiak egin behar ditugula elurretan ibili nahi badugu. Gogo handia behar da, eta gurasoen laguntza ere bai, asteburuan elurretara eskiatzera joateko eta Espainian zehar lasterketa ezberdinak egiteko.

Etorkizunik ba al dago?

Bai. Lan handia egin behar da, baina bai, jende ona badago.

Zenbat urtetarako izango dugu Imanol Rojo iraupen eskian?

Hori gogoaren arabera izango da. Gozatzen jarraitzen dudan bitartean eta hobekuntza ikusten dudan bitartean, urte askotarako. Diru laguntzak eta babesleak ere oso garrantzitsuak dira honetan jarraitzeko.

Betidanik anaia izan duzu ondoan. Nola moldatzen zara orain hura gabe?

Entrenamenduetan batzuetan haren falta nabaritzen dut, baina beti ondoan izaten da skimen [eskiatzaileen laguntzailea] lanetan.

Nolakoa da zure urteko plana?

Gurea ia urte guztiko lana izaten da. Maiatzetik apirilera arte atsedenik gabe entrenatzen naiz. Apirilean izaten dugu atsedenerako aukera. Maiatzean hasten gara oinarrizko lan asko egiten, rollerskiekin, gimnasioan, korrika, mendian korrika, bizikletan... Abuztura arte denetik, eta kontzentrazioren bat egiten dugu hilabetero, zazpi edo hamar egunekoak. Gero, irailetik aurrera, eskiatzera joaten gara glaziarretara, Austriara edo Italiara. Eta azaro erdialdetik apirilera arte lasterketak, Europan zehar normalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.