Bideko profila eta hortzak zorroztu ditu

Italiako Giroko mendiko sei etapak aurkeztu dituzte. Lau etapak mendate gainetan izango dute helmuga; nagusia, Salo eta Aprica artean

Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Italiako Giroaren errezetari gatza bota diote. Su motelean kozinatzen ari dira 2022ko aldia; astearen lehen egunetan, esprintean amaitzera bideratutako eta malkar erdiko etapak aurkeztu zituzten, eta, atzo, ezinbesteko osagaia gehitu zioten, produktua bizitzen duena: maldatzarretako etapen sorta, alegia.

Sei izango dira guztira, eta, hasieran, hango aldapetan erabakiko da hurrengo urteko garailearen izena. Oro har, azken urteetako joerari segiz, kilometro kopuru gehiegizkorik gabeko etapak jokatuko dituzte goi mendietan; trukean, desnibela gehitu dute.

Luzetara, mendiko etapa bakarrak gaindituko du 200 kilometroen langa. Salo eta Aprica artean jokatuko da hamaseigarren jardunaldia. Huraxe izango da Italiako Giroko etapa nagusia: kilometro sortaz gain, desnibelik handiena izango duen eguna izango da —5.044 metrokoa—. Etapa horretan, hiru mendate nagusi igo beharko dituzte txirrindulariek; Goletto Di Cadino, azken aldiz 1998an igotakoa, Mortirolo mitikoa, eta Valico Di Santa Cristina. Giroa azkenekoz 1999an igaro zen handik.

Hara ailegatu aurretik ere izango da hanka zainak puzteko moduko maldarik, ordea. Siziliako errepideetan jokatuko da mendiko lehen etapa, lasterketako laugarrena, Avola eta Etna sumendiaren artean. Maldan gora amaituko den lau etapetako bat izango da, eta Sapienzako babeslekuan izango du ailegaera. Azken igoerak 25 kilometro izango ditu, eta %5,6ko pendiza, tarte batzuetan%15ekoak izateraino.

Lehen aste exijenteari halakoxe bigarrena gehitu diote antolatzaileek. Bederatzigarren etapa izango da goi mendiko bigarrena. Apeninoetan barrena, bi mendate kateatuz amaituko da. Lanciano izango da lehendabizikoa, eta handik Lettomanoppellora jaitsi ostean, Blockhaus gogorra igoz amaituko da. Ia 14 kilometro izango dira aldapa gora, batez beste %8,5eko maldekin, eta haiek gogortzera egingo dute amaiera gerturatu ahala.

Alpeak,eta azken estutua

Koskak leunduz igaroko dituzte hurrengo etapak, harik eta berriz gorabidean jarri arte. Alpeetan barrena hiru egun egingo dituzte, 15., 16. eta 17. etapetan.

Lehenengoan, Rivarolo eta Cogne lotuko dituzte ziklistek, 177 kilometro eta hiru mendateetan barrena: lehen mailako Pila-Le Freus eta Verrogne, eta bigarreneko Cogne. Aldapan gora amaituko den etapetako bat izango da; azken 23 kilometroetan ariko dira

langintza horretan. Osorik, 4.030 metroko desnibela izango du.

Jardun astun horri Salo eta Aprica arteko etapa nagusiak hartuko dio erreleboa, eta hurrengoa ere ez da atzera geratzekoa izango. Ponte di Legno eta Lavarone arteko ibilbide hautsia izango da, 165 kilometrokoa. Lehen mailako Vetriolo eta Menador igo beharko dituzte, suge formako errepideetan. %10eko pendizak ditu zortzi kilometroan.

Giroko azken aurreko etapak ere zapore klasikoa izango du. Bellunon hasi eta Passo Fedaia-Marmoladako mendatetzarrean amaituko da, 2.057 metrotara, 167 kilometro egin ostean. BideanSan Pelegrino (1.918 metro) etaPordoitik (2.239 metro, Giroko punturik altuena) igaro beharko dute. Hori, eguraldiak ameto ematen badu: aurten ez da posible izan.

Behin ibilbidearen osagai gehienak aurkeztuta, Giroaren amaiera non izango den gaur iragarriko dute antolatzaileek. Postre gozoa nahi dute. Veronan izan daiteke, pandoro bizkotxaren hirian. Gozoa, bezperetako maldek garrazten ez badute, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.