Euskal Herriko Itzulia

Azken estutuan, lasaitua

Bilbaok aurreneko garaipena lortu du Itzulian, esprintean Alaphilipperi irabazita. Bosgarren jarri da sailkapen nagusian, gainsariei esker. Erasoka aritu dira onenak, baina batera helmugaratu dira

Azken estutuan, lasaitua.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Itzulia zorretan zegoen Pello Bilbaorekin (Bahrain), iaz Hondarribian garaipenak zentimetro gutxi batzuengatik ihes egin zionetik. Azken ahaleginean oso lehia estua izan zuten gernikarrak eta Ion Izagirrek, eta epaileek ormaiztegiarra jo zuten irabazletzat. Bada, Bilbaok atzo atera zuen arantza, Amurrion bukatu zen etapan. Itzulian irabazteak meritu handia du berez, baina punta-puntako txirrindularia izan beharra dago Julian Alaphilipperi (Quick Step) esprintean irabazteko. Bilbaok azken estutuan aurreratu zuen frantziarra, errematatzailerik onenen sena eta indarra erakutsita. Atzo ez zen helmugako argazkiaren beharrik izan. Dena den, esprinteko irudiak betiko gordeko ditu Bahrain taldeko liderrak. Izan ere, aspaldiko ametsa zuen etxeko lasterketan besoak altxatzea. Bakeak egin ditu Itzuliarekin.

Beste amets bat ere badu: podiumera igotzea. Helburu horrekin ekin zion lasterketari, baina espero baino galera handiagoa izan zuen Hondarribiko erlojupekoan: 29 segundo atera zizkion Primoz Roglicek (Jumbo Visma). Atzo, ordea, 10 segundoko gainsaria lortu zuen, eta bosgarren jarri zen sailkapen nagusian.

Etapa esanguratsua izan zen ohorezko postuen lehian, oilarrak mokoka aritu baitziren. Ibilbidea aukerakoa zen horretarako, Opellorako hormara eta Ozekara egin beharreko bi igoerekin. %15etik gorako maldak gainditu behar zituzten. Ineos taldeak piztu zuen sua, eta bukaeran, hamabost txirrindulariren artean jokatu zuten garaipena. Hautagai nagusiek ez zuten hutsik egin, eta esprintean, mundu guztiak esperotako gidoia apurtu zuen Bilbaok, munduko txapeldunari aurrea hartuta. Hirugarren Aleksandr Vlasov (Bora) izan zen. Roglicek, berriz, tinko eutsi zion lidergoari. Remco Evenepoelek (Quick Step) ez zuen artegatu. Are gehiago, ahulezia zantzuak igorri zituen flandriarrak. Ion Izagirrek (Cofidis) ere sufritu egin zuen. Adam Yatesek (Ineos), berriz, matxura izan zuen azken kilometroan, baina ez zioten denborarik kendu.

Zalaparta handia izan zen lehen kilometroetan, eta asko kosta zen ihesaldia sortzea. Altube zen eguneko aurreneko zailtasuna, eta denak bat eginda iritsi ziren gora. Vingegaardek esprinta irabazi zien Evenepoeli eta Ibon Ruizi (Kern Pharma). Gasteiztarrak beste puntu bat harramazkatu zuen, baina ez zion mendiko maillotari eusteko balio izan. Gero, ihes egiteko saiakera egin zuten zazpi txirrindularik. Tartean ziren Jonathan Lastra (Caja Rural) eta Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi). Saialdia berehala gelditu zen ezerezean, eta, azkenean, Jan Polancek (UAE), Cristian Rodriguezek (Total Energies) eta Hugo Houlek (Israel) egin zuten aurrera, Aiurdin igaro ondoren, helmugatik 140 kilometrora.

Geroago, haiekin bat egiten saiatu zen Asier Etxeberria (Euskaltel-Euskadi), baina berandu zen jada: hiru minuturen aldea zuen hartua lasterketa buruko hirukoteak. Etsi egin behar izan zuen nafarrak. Etxeko taldeen ordezkaririk ere ez zen izan tropelari aurrea hartuta. Jumbo Vismak zeukan lema, baina Ineos ere oso buruan ageri zen, eta agintea hartu zuen bukaerako zirkuitu gogor eta bihurrira iritsi aurretik. Geraint Thomas jarri zen gidari. Erlojupekoan oso aurrean izan zen, baina lanera etorri da Itzulira, atzo ikusi zenez.

Rodriguez, bere kasa

Galestarra arduratu zen erritmoa jartzeaz Opellora eta Ozekako lehen igoeretan. Onenak elkarren inguruan zeuden, Sergio Higuita (Bora) izan ezik. Voltako irabazleak matxura izan zuen errepide estuetan sartu orduko, eta ezinean gelditu zen Opellorako malda tente eta lakarretan ?zementuzkoa zen zorua—. Aletzen hasi zen tropela; ihesaldia, berriz, erabat puskatu zen. Houlek ezin izan zien jarraitu Rodriguez eta Polanci, eta Ozekan, espainiarrak eraso egin zion esloveniarrari. Errazago zihoan, eta faboritoek harrapatu bitartean, bere kabuz jardutea deliberatu zuen. Bakarrik iritsi zen gailurrera, zale saldoaren animo eta txalopean. 1.50en aldea zuen tropelarekin. 60 kilometrora zegoen helmuga.

Errepideak zabaltzera egin zuen gero, eta barealdia izan zen oilarren multzoan, berriz ere aldapa gogorrenak kateatu aurretik. Bien bitartean, joari eutsi zion Rodriguezek, eta lau minutura handitu zuen aldea. Igoerak hurbildu ahala, aurrekoak gerturatu egin zitzaizkion , eta 2.45eko aldearekin hasi zen Opellora igotzen. Atzean, Thomasek jarraitzen zuen gurditik tiraka. Azkenerako, 50 kilometro inguru egin zituen uztarripean. Ez da ohikoa Tourra irabazi duen norbait talde lanean horren eskuzabal aritzea. Ozekako lehen maldetan moteldu zuen erritmoa, eta, berehala, Tao Geogheganek hartu zion lekukoa. Festarako gogoz zeuden Ineosekoak. Liderren txandak berandu gabe iritsi behar zuen.

Eta hala izan zen: Adam Yatesek erritmo aldaketa egin zuen gainetik bi kilometrora. Batzuen arrapostua berehalakoa izan zen, baina Roglicek metro batzuk utzi zituen. Tartea nahieran itxi zuen gero. Gehiago kosta zitzaion Bilbaori. «Krisialdia» eduki zuen, gero helmugan azaldu zuenez. Ineoseko liderrak ez zeuden geldi egoteko, eta Dani Martinezek ere astindua eman zion zuhaitzari. Segidan, beste oldarraldi bat egin zuen Yatesek. Igoerako azken aldapan zeuden, eta ingelesaren eraso gogorrak bistaratu egin zuen hainbaten ahuldadea. Larri ibili zen Izagirre, baita Evenepoel ere. Asko hobetu ezean, flandriarra ez dago Roglicekin maldan gora lehiatzeko moduan.

Saiatuenak jaso du saria

Rodriguez 20 segundo eskaseko abantailarekin igaro zen mendate gainetik. Atzo bildutako puntu sortari esker, mendiko sailkapenean lider jarri zen. 24 kilometro zeuden handik helmugara, eta hautagaien multzoak berehala irentsi zuen. Horiek horrela, hamasei txirrindulari gelditu ziren lasterketa buruan, eta Bilbaok soka tenkatu zuen maldan behera. Zoru bustiarekin triskantza eragin zitekeen atzoko jaitsieretan, baina eguzkipean aritu ziren berriz ere. Evenepoel izan zen hori gehien eskertu zutenetako bat, eta taldetik ospa egiteko pare bat saiakera egin zituen. Vlasov ere saiatu zen. Fite lotu zituzten, zer gerta ere.

Helmugatik lau kilometrora zegoen azken koska, eta berriz ere lasterketa puskatzen saiatu zen Bibao. Tarterik zabaldu ez, eta beste eraso bat egin zuen 2,5 kilometroren faltan. Itxura batean, ez zuen bere burua gai ikusten esprintean irabazteko. Alaphilippek, ordea, konfiantza osoa zuen, bezperan nagusitu ondoren. Evenepoelek garaipenaren atarian jarri zuen berriz ere, baina gurpilera itsatsi zitzaion Bilbao, eta erdi-erditik aurrera eginda, menderatu egin zuen Quick Stepekoa. Gernikarraren kemena ez zen alferrikakoa izan. Izagirrek, berriz, zortzigarren egin zuen, eta postu bat igo sailkapen nagusian: zazpigarren dago orain, lehen postutik 20 segundora.

Beste etapa gorabeheratsu bat jokatuko da gaur, Gasteiz eta Zamudio artean. 186 kilometroko saioa izango da, eta Vivero, Jata, Urruztimendi eta Ganguren igoko dituzte. Azken horrek helmugatik 20 kilometrora du gaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.