Ikerketa beltz eta maldatsu baten jazoera

Alfontso Gartziandia idazleak bere lehenengo liburua argitaratu du. Eleberri beltz bat da, eta Iruñean girotutako istorio bat kontatzen du

Nagore Arin.
Donostia
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Alfontso Gartziandiaren lehen liburua da Itsu kolpeka, baina ez literaturarekin duen lehenengo kontaktua: ibilbide luzea egin du irakurle moduan. «Nire lehen eleberria da; orain arte irakurlea baino ez naiz izan, eta, hasiera batean, saiakera irakurle soila», adierazi du. Euskaraz irakurtzeko joera falta, eta horrek sortzen zion ezinegona abiapuntu, Alberto Ladron Arana idazlearen liburu bat hartu zuen. Hala, saiakera ugari irakurtzetik eleberri euskaldun eta beltz bat irakurtzeko hautua egin zuen; baita gustatu ere. «Saiakera albo batera utzi nuen, eleberri beltzen irakurle sutsua bihurtu arte», aitortu du. Orduan otu zitzaion liburu bat idazteko ideia: «Egun batean, eleberri bat irakurtzen bukatu berri, ideia batek zeharkatu zuen nire burua: Zergatik ez zuk zerbait idatzi?».

Pentsatu bezain laster baztertu zuen ideia hori: «Argi nuen hori noizbait gertatzekotan istorio bat esku artean izatean soilik egingo nuela». Pausa hartzea erabaki zuen, ordu hartan hutsetik idazten hasteko burutazioa zokoratuta. «Lehenik, nire gabeziak orekatu nahi nituen; ni ez nintzen idazlea, irakurlea nintzen, eta, hain justu, irakurri ahala konturatu nintzen idazteak ofizioa duela atzetik, eta artea ere bai», nabarmendu du.

Mugarri izan zen sentimendu hori, horren ostean dena aldatu baitzen: «Irakurtzen nuen oro, entzuten, ikusten eta bizitzen nituen gauza oro, eleberrirako osagai posibletzat ikusten nituen, hala balizko pertsonaiak, nola balizko egoerak, detaileak eta testuinguruak, batzuetan nahita eta besteetan oharkabean». Jolas bat bilakatu zen idazlearentzat, egoera horiek guztiak elkarren artean konbinatzeko eta trama ugariak osatzeko jolas moduko bat. «Horrela, egun batean ideia batekin esnatu nintzen, niretzat baliozkoa eta ona izan zitekeen ideia batekin, hots: hilketa bat, protagonista bat, eta horiekbiak harilkatu zitzakeen trama bat».

Hala dio liburuaren sinopsiak: «Iruñeko kale aberatsetan eta aldiri ez hain dotoreetan, astebeteko tartean, Urkori egindako enkargu bereziak eragingo duen xake partida tragiko bat jokatuko da, eta biak, Urko eta Nadia, izanen dira, aldi berean, jokalari eta pieza. Eta, xakean, bizitzan bezala, ezinbestekoa da aukera egitea». Urko eta Nadia, Nadia eta Urko; horiek dira eleberriaren pertsonaia nagusiak. «Gazte harro bat» balitz bezala definitu duidazleak Urko Etxeberria: «Ez da galtzaile peto bat, baina ozta-ozta gogoratzen da noiz gozatu zuen azken garaipena. Ikerlari izan nahi luke, baina gazte garaiko aurrekari penalek bidea ixten diote. Nola edo hala aurrera ateratzen du bizimodua, ikertzaile azpikontratatu baten morroi gisa, aitak maiz leporatzen dizkionak saihesten saiatzen den bitartean». Nadia, bestalde, Urkoren bidean gurutzatuko da, bi pertsonaien istorioak harilkatu arte: «Nadiari gaztaroa lapurtu zioten, bere jaioterrian bertan aurrenik, bizitza berri baten bila ihesbide zuen urruneko lurralde batean gero. Partida pobrea jokatzeko karta eskasak banatu dizkio bizitzak, eta, jakina denez, zaila da karta eskasekin jokaldi onik egitea».

Hamar eguneko istorioa

Urkoren motibazio aldakorrek eta jarduera kaotikoek inspiratu zuten eleberriaren izenburua: Itsu kolpeka. Lan prozesuari dagokionez, hasiera eta amaiera erraz egin zituela adierazi du Gartziandiak: «Hasiera egina nuen, eta amaiera ere bururatu zitzaidan, eta idatzi egin nuen. Hala, hasiera eta amaiera idatzirik, haiek ezin uztartu eman nuen denbora bat, haiek ezin bildu, modu egokia bilatu nahian». Hori gaindituta, hamar eguneko istorio bat josi zuen, idazlearen arabera, asetzeko moduko istorio bat: «Bederatzi egun dira elkarren jarraian, larunbatean dei bat jaso eta hurrengo larunbatera arte, eta haien ostean, egun solte bat. Hamar egun, Urkoren bizitza xurga zezakeen zurrunbilo bat sortzeko».

Pluraltasuna islatzen ere saiatu da liburuan: «Agertzen diren pertsonak jatorri ugarikoak dira, jatorri sozial desberdina dute, eta horrek errealitate asko azaltzeko balio izan dit. Paisaia ere askotarikoa da; adibidez, Urkoren pertsonaia Etxabakoitz auzoan bizi da, Iruñean dagoen auzo baztertu batean, hain zuzen».

Gartziandiaren lehen eleberria genero beltzekoa izatea goraipatu du Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak. Haren esanetan, «erronka bat jarri zion bere buruari, erronka gogor samar bat: ez du aukeratu idazle berri batek normalean aukeratzen dituen gaiak, alegia, egunerokotasunarekin loturiko gaiak. Genero literatura egitea aukeratu du, genero literatura markatu bat, eredu beltza edo eredu kriminala, hain zuzen». Genero horretara makurtu ez dela ere azpimarratu du: «Ez da generoaren legeak hartu eta horiek betetzera mugatu, lepoa bihurritu dio nahi zuen puntura arte». Azkenik, Urko pertsonaia nagusiak egin dezakeen bideari egin dio erreferentzia editoreak: «Ez dakit ez ote gauden euskal literatura beltzean bidea egingo duen pertsonaia baten jaiotzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.