75. Musika Hamabostaldia

Folklorea eta erlijioa batuta

Easo abesbatzako kideek eta Kalakan taldeko musikariek entseatu egin dute, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan Arantzazun emango duten kontzerturako.

Xalbador Rallo zuzendariaren aholkuei kasu eginez pasatu zuten entsegua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ahots lodiz kantatzen duten hamasei gizonezko zirkuluan ibiltzen ari dira, eta perkusioak laguntzen die. Erdian daude danbor jotzaileak. Kalakan taldeko hiru kideek gogotsu astintzen dituzte makilak. Ikuskizun indartsua da oso. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Easo abesbatzak eta Kalakan taldeak kontzertua emango dute Arantzazun, abuztuaren 7an. Herenegun egin zuten lehen entsegua, Donostian.

Musika Hamabostaldiaren ekimenez sortu da kontzertua. «Kalakan taldea ekarri nahi zuten, eta Easo abesbatzak euskal folklorea asko landu du. Zerbait berria izango da. Kontzertu berezia prestatu dugu», esan du Santos Sarasola Easo abesbatzako lehendakariak.

Guztien artean hautatu dituzte abestiak, eta Arantzazuren bi aurpegiak erakutsi nahi izan dituzte; alderdi erlijiosoa eta alderdi euskalduna. Hala, erromesaldiarekin eta Arantzazuko Ama Birjinarekin lotutako zenbait abesti kantatuko dituzte: Salve Regina,Arantzazuko Ama eta Francisco Escuderoren Aita gurea, kasurako. Abesti folklorikoagoak ere entzun ahal izango dira; Kalakan-ekoek hautatako kantak tartean.

«Euskal festa bat egin nahi da, euskal kantu tradizionala Arantzazuko kantu erlijiosoekin eta elementu erritmikoekin nahastuz». Andoni Egañak bertsoekingidatuko du saioa, eta Ana Belen Garciak organoa joko du. Alboka eta akordeoia ere entzun ahal izango dira.

Easo abesbatza 1940an sortu zen, eta 11 talde dituzte abesbatzaren barnean. 2000. urtetik emakumeek ere kantatzen dute, eta Xalbador Rallo da egungo zuzendaria. Maila handiko orkestrekin jotakoak dira. «Datorren urtean 75 urte beteko ditu. Gizonen ahotsetan, grabeetan, tradizio handikoa da».

Basterretxeari omenaldia

Ipar Euskal Herriarekin lotura handia du abesbatzak; gainera, urtero lauzpabost kontzertu ematen baitituzte. «Gure jarraitzaile amorratuak dira han, eta kontzertuetara jende asko etortzen da». Kalakan taldeko musikariekin duten harreman ona azpimarratu du Sarasolak. «Madonnarekin oihartzun handia hartu zuten, baina oso jende arrunta eta xehea da».

Jose Antonio Etxenike Musika Hamabostaldiko zuzendari laguntzaileak esan du Nestor Basterretxea artista gogoratzeko baliatuko dutela aurtengo kontzertua; uztailaren 12an hil zen hura. Arantzazuko ekitaldia egitarauan finkatuta dagoela gaineratu du, eta lekuaren sinbolismoaz mintzatu da: «Betidanik izan da abangoardiaren isla santutegia, eta Kalakan-ek ere badu abangoardiaren izpiritu hori». Musika eta santutegia eskutik helduta egon dira, gainera, historikoki. Tomas Garbizu eta Francisco Escudero musikagileek, esaterako, obrak egin zituzten Arantzazu gaitzat hartuta, eta, egun, han dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako musika artxiborik onenetako bat.

Errepertorioa berriz jo ondotik, gustura geratu dira entseguarekin Kalakan-eko kideak. Jamixel Bereauk kontatu du hasi aurretik zalantzak sortzen zizkiola bi munduak lotzen asmatuko zuten, baina entseguaren ondotik lasai geratu dela. «Hango akustikarekin gauza politak irtengo dira. Nik uste dut azkenean leku beretik gatozela guztiak, euskal kultura eta kantu tradizionaletik».

Musika Hamabostaldian jotakoak dira, baina ez daude ohituta abesbatzekin batera oholtzara igotzera. Lehen diskoan Parisko abesbatzarekin kolaboratu zuten, baina estudioa eta zuzenekoak ez dira gauza bera. «Abesbatza itsasontzi handi bat da, eta gu itsasontzi txiki bat gara. Guk malgutasun handiagoa dugu; abesbatzak dena idatzita behar izaten du. Xehetasun guztiak ongi lotu behar dira», dio Thierry Biskarik. Baietz esaten du buruarekin Xan Errotabeherek. Oso interesgarria iruditzen zaie egitasmoa, nolanahi ere.

Arantzazuko kontzertuaren ondotik, lanean jarraituko dute. Oreka TX-koekin Herritmo egiten ari dira, Erdi Aroko Carmina Burana-rekin proiektu bat osatu nahi dute, eta disko berria kaleratzeko asmoa dute urrirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.