ATZEKOZ AURRERA

Itsasoari begira 125 urte

Lola Horcajo historialariak bisita bat gidatu du Miramar jauregian, eraikinak barnean duen historia erakusteko. Horrelako bisitak egingo dituzte bihartik aurrera, irailaren 16 arte.

Lola Horcajo historialaria, azalpenak ematen Miramar Jauregiko bisita gidatuan. JON URBE / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Lanbroa ari du Kontxako badian. Uztail amaiera izan arren, jertse lodiak dituzte paseatzen dabiltzanek. Ondarretako eta Kontxako hondartzak elkartzen diren muinoan dago Miramar jauregia. Lorez betetako jardinak inguratzen du: bertan daude, adibidez, arrosak, tulipak eta hortentsia arrosak. Lola Horcajo historialariak kolore hori jantzi du soinean: Miramar ingurura bildu diren bisitariei jauregia erakusteko ardura du. Horcajok bisita hasi aurretik nabarmendu du bertaratu direnek Donostiaren historia ere ezagutuko dutela Miramar jauregiaren historiaz gain. Historialariak adierazi duenez, «Gune hau garrantzitsua da donostiar guztientzat: hemen eraiki zuten Erdi Aroan hiriaren oinarriak ezarri zituen eraikina: Antiguako San Sebastian eliza». Mende batzuk geroago eraiki zuten Miramar jauregia, 1893an: 125 urte pasatu dira, eta hainbat istorio bildu ditu barnean. Maria Kristina erregeordeak aginduta hasi ziren eraikitzen.

Jauregiko sabaiak garaiera handikoak dira, eta zuriz pintaturik daude. Hormak kolore berekoak dira erdialdera arte; hortik behera, haritzezko oholez estalirik daude. Beheko solairuan daude harrera aretoak. Eskailerak igo, eta bertan daude logelak. Zerbitzarien gelak, azkenik, ganbaran daude. Bisita beheko solairuan da. Miramar jauregia hutsik dago: ez dago altzaririk barruan. Horcajok azaldu duenez, «altzariak berreskuratzeko lanean ari da udala». Hala ere, duela mende bateko hainbat argazki daude eraikinean: jauregia altzariz hornituta erakusten dute.

Jauregiaren sarreran daude «errespetuzko bi gela», Horcajoren hitzetan. Bisitariek berokiak eta aterkiak uzten zituzten bertan. Korridorean aurrera egin eta eskuin aldean dago Maria Kristinaren bulegoa. Horma zuriak ditu, baita leiho erraldoiak ere, denak lorategiari begira. Bulegoaren kanpoan dago atondoa. Bertan, harri zurizko tximinia handi bat dago. Musika gela jauregiko lekurik ederrenetakoa da: Kontxako badiaren argitasuna sartzen da leihoetatik. Garai batean, hainbat musikari izan ziren bertan: Isaac Albeniz eta Pablo Sarasate, esaterako. Beste aldean dago, lorategiari begira, liburutegia eta kapera biltzen dituen gela. Haritzezko oholek estaltzen dituzte liburutegiko paretak. Kaperako hormak, bestalde, lis loreen irudiek betetzen dituzte. Korridorearen amaieran daude billar gela eta jangela. Billar gela fumoir edo erretzeko gela modura erabiltzen zuten. Bestalde, jangela begiratokia ere bada: aurrean du itsasoa.

Hormen atzeko historia

Horrelako bisita gidatuak egingo dituzte bihartik irailaren 16a arte Miramar jauregian. Bertara biltzen direnek aukera izango dute Miramar jauregiaren historia ezagutzeko. Gainera, hainbat informazio taula jarri dituzte jauregiaren inguruan eta barruan: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Ernesto Gascok, Donostiako alkateordeak eta turismo zinegotziak, adierazi duenez, egitasmoaren helburua da «Miramar jauregia baliabide turistiko gisa indartzea eta turismo eredu jasangarria bultzatzea». Gaineratu duenez, «Gipuzkoar askok dakite Miramar jauregian udako ikastaroak egiten direla eta abuztuan Eusko Jaurlaritzaren kontseilua egingo dutela. Gutxi dira, bestalde, jauregiko hormen atzean ezkutatzen den 125 urteko historia ezagutzen dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.