ATZEKOZ AURRERA. Sebas Velasco. Margolaria

«Memoriarako tresna oso potentea da artea»

'Na ovom mjestu, en este lugar...' liburua egin du Velascok, zazpi idazlerekin batera, Sarajevo ardatz hartuta: margolanak eta literatur testuak uztartu dituzte, lau hizkuntzatan; besteak beste, euskaraz.

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Mural dezente egin ditu, eta ilustratzailea ere bada, baina, batez ere, margolaria da Sebas Velasco Navarro (Burgos, Espainia, 1988). Donostian bizi da, eta han du estudioa, beste lau artistarekin batera. Azken hilabeteetan egindako lana aurkeztuko du gaur Donostiako Kaxilda liburu dendan, 19:00etan: Na ovom mjestu, en este lugar... Sarajevoko eraikin bati kasualitatez ateratako argazki batekin hasi zuen lana.

Skenderija kalea, 18. Plaka bat hantxe: «Leku honetan...». Historia latza duen plaka xume bat.

Sarajevora, Guillermo Velascoren etxera joan nintzenean hasi zen dena. Argazki batzuk atera nituen haren etxeko leihotik, eta parean du eraikin hori. Itzuleran, koadroa egin, eta informazioa bilatzeko eskatu nion lagunari. Ordura arte ez nekien ezer plakari buruz: hark aurkitu zuen, eta hala jakin genuen istorio osoa. Bigarren Mundu Gerran, nazien aliatua izan zen Kroazia, eta justu leku horretan kontzentrazio esparru bat zegoen. Plakan istorioaren zati bat kontatzen da, baina, izatez, oso luzea da: tristea, baina interesgarria.

Vjekoslav Luburic aipatzen du koadro horren testuak: asko hil ziren haren aginduz.

Bigarren Mundu Gerra betean, han gerra zibila izan zen: partisanoak alde batetik, eta faxistak eta beste batzuk beste aldetik. Partisanoek, komunistek irabazi zuten, eta Kroaziako faxista asko Espainiara joan ziren, Francoren babespean. Hango nagusia, Luburic [Maks Luburic edo Maks harakina ere esaten zioten], Valentzian bizi zen, uste dut gipuzkoar batekin ezkondu zela, eta, azkenean, beste kroaziar batek hil zuen hantxe.

Zazpi idazlerekin osatu duzu liburua: nola elkartu zarete?

Hasieran, lagunak testu bat idatzi zuen; bai koadroa eta bai testua Miamiko [AEB] erakusketa batean jarri genituen. Asko gustatu zitzaigun nola gelditu zen, eta liburua egitea pentsatu genuen. Lagunaren ideia izan zen gainontzeko testuak beste idazle batzuei eskatzea.

Zer da Sarajevo zuretzat?

Gerraz harago, hiri postsozialista gisa oso interesgarria da: asko interesatzen zaizkit auzo sozialistak, eraikin handiak dituztenak. Igualak dira asko, baina oso galaktikoak dira: espaziontzi tankera ematen dieten ukituak dituzte. Horretaz gain, Sarajevok Austria-Hungariako Inperioaren arrasto asko ditu; erdiguneak Otomandar Inperioaren itxura dauka... Askotariko aztarnak ditu.

Oso errealistak dira zure lanak, argazkiak emateraino. Zergatik?

Beti gustatu izan zaizkit joera horretan mugitzen diren artistak: badaukat obsesio bat argitasun errealista bat lortzeko, eta ukitu horren bila aritzen naiz, baina, aldi berean, pinturak presentzia izan dezan gustatzen zait.

Kamerarekin joaten zara leku guztietara, ezta?

Bai, bai. Koadernoak ere eramaten ditut margotzeko. Baina jada oporrak ez dira opor izaten niretzat: beti begiratzen dut arretaz, beti inspirazio bila. Automatikoki ateratzen da: ezinezkoa da txipa kentzea.

Uste duzu arteak balio duela memoriarako?

Bai: tresna oso potentea dela esango nuke, gainera. Liburuko irudi gehienak gaur egungoak dira, baina badago koadro bat komunismoaren garaiko argazki batean inspiratua; lagunaren koinatak eman zidan argazki hori. Tiradera batean ahaztuta zegoen, eta pinturaren bidez berreskuratu dugu.

Artearen munduak ez dirudi oso erraza, baina dezente ibili zara nazioartean zure lanak erakusten.

Muralak egiteak gehiago bidaiatzeko aukera eman dit, eta badut kuriositatea interesatzen zaizkidan lekuak bilatzeko. Zortea ere izan dut: nire laguna Sarajevora joan zen, beste bat Alemaniara, beste bat Ingalaterrara... Tristea da, alde batetik, lan faltagatik joan zirelako, baina, beste alde batetik, polita da hainbeste lekutan etxe bat izateko aukera edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.