ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Alvarez. Arabako ESIko neurofisiologoa

«Insomnioari garrantzi handiegia emateak arazoa betikotzen du»

Loak hartzeko ezintasuna bizitzaren edozein unetan ager daitekeela azaldu du Alvarezek. Kasu batzuetan kroniko ere bihurtzen da, baina sendabideak badaudela nabarmendu du neurofisiologoak.

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Loarekin lotutako hamaika ardatz landu berri dituzte Gasteizen, Loaren Espainiako Elkarteak antolatutako jardunaldietan. Besteak beste, insomnioa izan zuten hizpide: loak hartu nahi izan arren hori egin ezina. Ainhoa Alvarez Ruiz de Larrinagak (Barakaldo, Bizkaia, 1973), Arabako ESIko Loaren Unitateko neurofisiologoak, insomnioaren nondik norakoak azaldu zituen Europa jauregian, larunbatean.

Insomnioa sintoma bat da, edo gaixotasuna?

Bi aldeak ditu. Batetik, sintoma da, gaixotasun batzuen ondorioz agertzen baita. Ordea, sintoma horrek bizitza propioa har dezake, eta gaixotasun bihurtu: aste batzuk iraun dezake, edo kroniko bihurtu. Insomnioa arazo baten ondorioz ager daiteke, baina manten daiteke jatorrizko arazoa desagertu ondoren ere.

Insomnioak adin jakin batzuetan eragiten du gehien?

Edozein unetan ager daiteke. Loa asko aldatzen da pertsona baten bizitzan. Haurrek, oro har, hobeto egiten dute lo, baina horietan ere badaude insomnio kasuak. Bizitzaren joanarekin loa galduz goaz, eta adinekoak garenean ere errutinak galtzen ditugu. Bizitzan mugarri diren uneak daude: nerabezaroa; emakumeengan menopausia...

Estres eta antsietate kasuek gora egin dutela esan ohi da. Horrek insomnioan ere eragiten du?

Gero eta ardura eta eginbehar gehiago ditugu, eta, hori guztia egin ahal izateko, loari kentzen diogu tartea. Bestalde, led bidezko argiztapenarekin argi urdin gehiago jasotzen dugu, baita gailu elektronikoen pantailak begiratzean ere.

Zertan eragiten du argi urdinak?

Goizetan aktibatu egiten gaitu, baina iluntzean, melatonina askatzeko unea atzeratzen du. Hormona horrek logura eragiten digu. Beraz, ilundu eta gero loak hartzeko lan gehiago dugu, pantailen aurrean egotearen ondorioz. Ez naiz teknologiaren aurkakoa, baina konponbideak aurkitu behar ditugu: argi filtroak, argi gorriagoak... Konponbideak, ordea, arazoa gertatu eta gero heltzen ari dira.

Senda daiteke insomnioa, edo kudeatzen ikasi behar da?

Kronikoa oso konplexua da: bertan geratzen da, eta horrekin bizitzen ikasi behar da. Dena den, senda daiteke. Batzuetan itzul daiteke, baina senda daiteke. Horrez gain, kudeatzea badago, eta hori oso garrantzitsua da. Ondo bizitzea badago, insomnioa bizitzaren ardatza izan gabe.

Bizitzaren ardatza bihurtzen da?

Garrantzi handiegia ematen zaio, eta horrek arazoa betikotzen du. Loaren Unitatera datozenei adibide bat jartzen diet: pentsa dezatela jaio direla bi atzamarrekin esku batean. Bizitza normala egin ahalko lukete, moldaketa batzuekin. Insomnioarekin gauza bera gertatzen da, bai hori bizi duenarentzat, baita horren ingurukoentzat ere.

Ingurukoentzat?

Bi atzamar dituen horri goizero galdetuko zenioke: «Zer moduz zabiltza hiru atzamar gabe»?. Insomnioa duenari hori galdetu ohi zaio, egunero-egunero, eta horrek ez du laguntzen.

Nola egiten zaio aurre?

Helduengan modu bertsua da beti. Batetik, terapia kognitiboak eta konduktualak daude: loarekin lotutako ohiturak eta sinesmenak aldatzea. Horren bitartez, egoerak kudeatzeko tresnak lortzen dira. Hori erlaxazio neurriekin indar daiteke, edo loaren higienearekin. Bigarrena botikak dira: epe laburrean erabiltzea da egokiena, baina ez da asaldatu behar botika hartzeagatik, betiere medikuak aginduta bada.

Zer da loaren higienea?

Ohera joateko prestatzea da. Pertsona bat ez da pasatzen segituanesna egotetik loak hartzera. Bi ordu inguruko tartea behar dugu, batez beste. Gehien erlaxatzen duten gauzetako bat hitz egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.