ATZEKOZ AURRERA. Begoña Egaña. Lesbosen egondako boluntarioa

«Janaria banatzeko unea da gogorrena»

Errefuxiatuentzako otorduak prestatzen aritu da Egaña Lesbosen. Barruak astindu dizkio bizipenak, eta lanean jarraitzen du: sarezko poltsak egiten hasi da, han banatutako plastikozkoak ordezkatzeko.

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Zarautz
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Begoña Egañak (Zumaia, Gipuzkoa, 1953) ezagunak ditu sukaldea eta zaintza lanak: gozotegi batean aritu zen, baita adinekoekin ere. Iaz erretiratu zen, baina ez du lanerako nekerik: Greziako Lesbosen egon da hiru astez, errefuxiatuentzako janaria prestatzen; 1.500 otordu egunero. Hotz Zarautzen bidez hartu du parte Zaporeak-en proiektuan. Bi elkarteen lana eskertu du.

Nolaz joan zara Lesbosera?

Azken urteetan Lourdesera [Okzitania] joan naiz gaixoei laguntzera. Zarauzko lagun bat ere joaten da; haren alabari galdetu nion ama gogotsu al zegoen. Segur aski ez zela joango esan zidan, Lesboserako izena eman zuela. Gogoa piztu zitzaidan, eta izena eman nuen nik ere. Laguntzeko asmoarekin joan naiz, eta asko ikasi dut.

Izan al zenuen beldurrik?

Ez, aurretik Afrikan ere egonda nago, Kongon eta Tanzanian. Antzuolako [Gipuzkoa] Anelkar elkartearen bidez joan nintzen, ura eta eskola jartzeko proiektu batean. Azkenekoz, duela sei urte; hilabete egon nintzen orduan.

Zein zen zuen lana Lesbosen?

Zazpi-zortzi lagun aritzen ginen sukaldean; Euskal Herrikoak ginen denok. Otorduak prestatzen genituen lehenengo, eta 15:00 aldera bazkaltzen genuen. Atsedenaldi labur bat egin, eta janaria ontziratzen genuen. Furgonetan sartu, sukaldea garbitu eta 19:45ean ateratzen ginen banatzera.

Nolakoa zen banaketa?

Greziar batek utzitako inguru batera joaten ginen janaria banatzera; errefuxiatuen bi ilara egoten ziren, baina norainokoak! Edadeko andreak, umeak, haurdun zeuden emakumeak... «Ni janaria ematera joan naiz, baina ni ere izan naiteke horietako bat», pentsatu nuen lehenengo egunean.

Nolako harremana zenuten errefuxiatuekin?

Harreman gutxi genuen. Hiruren artean osatzen genuen poltsa: batekontzia sartzen zuen, besteak ogia, eta besteak fruta eta koilara — horrek ematen zien poltsa errefuxiatuei—. Eskerrak ematen zizkizuten euren hizkuntzan; ez dakit poza edo pena ematen zidan horrek, baina barrua mugitzen zitzaidan.

Zer da gogorrena?

Janaria banatzeko unea da gogorrena. Lehenengo eguna oso gogorra egin zitzaidan. Eskerrak ogia sartzea tokatu zitzaidan; frutena tokatu izan balitzait, ez nuen bukatuko; eskura ematen diezu, eta aurpegiak ikusten dituzu. Azken egunean, ez nintzen joan banaketara, ez nintzen gauza sentitzen.

Nondik iristen da janaria?

Han frutak, barazkiak eta haragia bakarrik erosten dira. Beste dena hemendik iristen da. Ematen dugun dena heltzen da.

Atseden egunik izan al zenuten?

Bi egun eduki genituen. Batean, txalekoen zabortegira joan ginen; paterak, txalekoak, umeen jostailuak, arropak, zapatak... guztiak mendialde batera eramaten dituzte, eta han daude pilatuta. Sinestezina da.

Aita Mari ontzikoekin egon zineten han, ezta?

Sukaldaria eta biok joan ginen. Bi lagun zeuden, eta dena erakutsi ziguten: hogei pertsona sartzen diren sei-zortzi depositu ditu, manta termikoekin prestatuta. Anbulatorio txiki bat ere badu, berri-berria, bi ohatilarekin. Geldirik zegoen ontzia, baimenik gabe. Ni itzuli bezperan, patera batean zortzi hil ziren, eta ume bat desagertu, lurretik bi milia eta erdira. Hona itzuli, eta Aita Mari bueltan zetorrela jakin nuen; ezin nuen sinetsi.

Itzuli zara Lesbostik, eta hemen ere lanean jarraitzen duzu.

Suminduta etorri naiz plastikoaren erabilerarekin. Egunero plastikozko 1.500 poltsa eta koilara erabiltzen dira; horri irtenbide bat eman behar zaio. Hotz Zarautzeko kide batek esan zigunez, Getarian [Gipuzkoa], itsasoko sarea dute, eta ez dakite zer egin horrekin. Sarea berrerabiliz, poltsak egiteko asmoa dugu, plastikozkoak ordezkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.