ATZEKOZ AURRERA. Marian Gutierrez Ondarza. Gasteizko Segurtasun zinegotzia

«Tragoren bat hartzera ateratzen naizenean ere jagoten arituko naiz»

Gutierrezek aitortu du, duen ardura berriagatik, «zaila» izango zaiola jaiez aurreko urteetan bezala gozatzea. Hala eta guztiz ere, nabarmendu du saiatuko dela giroaz disfrutatzeko tarte bat izaten.

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi du Gasteizko Segurtasun zinegotzi karguan, eta, hasterako, erronka handia du aurretik. Marian Gutierrez Ondarza (Gasteiz, 1970) Gasteizko Jaietarako segurtasuna bermatzeko prestalanekin buru-belarri aritu da ordutik. Zeledonen jaitsieran pankartak debekatzeari buruzko eztabaida piztu aurretik xehatu ditu jaietara begirako aurreikuspenak.

Zer helburu nagusi duzu jaietan, Segurtasun zinegotzi gisa?

Lehenik eta behin, herritarren segurtasuna bermatzea dugu helburu, prebentzioaren ikuspuntutik. Guztiek jaiak normal bizi ahal izatea nahi dugu.

Zer egingo duzue horretarako?

Hirigunean zaintza lanak prestatu ditugu, jendeak egin dezan egin behar duena: jaiez disfrutatu, eta ondo pasatu. Alkohol eta droga kontrolak egingo ditugu, baimenik gabeko salerosketen kontrola... eta arreta berezia jarriko dugu eraso matxisten aurka. Horrez gain, jaietan Ertzaintzarekin protokolo bat dugu, segurtasuna bermatzeko.

Aurten, berrikuntza gisa, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren postuak polizia etxe berean kokatu duzue, Olagibel kalean. Zergatik?

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, iaz, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean. Lankidetza hobetzea zen helburua. Horren barruan proposatu zen neurri hori: jaietan bulego bateratua jartzea, salaketak hartzeko. Polizia etxe horren kokapena egokia da horretarako, hirigunean bertan, jende gehien egongo den lekuan.

Jaitsieraren aurretik beira ez sartzeko neurriei eutsi diezue.

Aurtengoa hirugarren urtea izan da, bai. Aurreko urteetako emaitzek agerian utzi dute erabaki ona dela. Aurretik, jaitsieretan, mozketen ondorioz 100 zauritu izaten ziren, eta, aurreko bi urteen artean,zauritu bakarra izan dugu.

Aurretik, zinegotzia izan zara, baina lehen urtea duzu segurtasun arduretan. Aurreko urtean bezala bizi izango duzu?

Argi dago ezetz... Aurrez, Ogasun zinegotzia izana naiz; beraz, pentsa zelako aldea egongo den! Orain, ikuspuntua oso ezberdina da.

Lehen urtea izanda, ezinegon berezirik sentitzen al duzu?

Ez nuke ezinegona esango. Prestatu dugun antolaketa eta plangintza ona da. Ezinegona barik... ez dakit nola deitu. Kezka apur bat, dena ondo atera dadin; istilu adierazgarririk gerta ez dadin nahi dut, eta, halakorik gertatuz gero, berehala erantzuteko gai izatea, eraginkor.

Segurtasun zinegotzi lanetan arituko zarenez, posible izango duzu jaiez gozatzea, Marian Gutierrez herritar gisa?

Zaila da, zaila. Tragoren bat hartzera ateratzen naizenean ere begiratzen ariko naiz. Hala eta guztiz ere, karguarekin lotuta egongo ez diren tarteak izaten saiatuko naiz. Garrantzitsua da hori, eta jaietan ondo pasatzea gustuko dut. Ea gai naizen...

Jaietan bereziki gustuko duzun lekurik edo ekitaldirik ba al duzu?

Klasikoak esatea litzateke errazena: Zeledonen jaitsiera... Dena den, Mendizabalako feriara joatea oso gustuko dut. Semeak izatearen eragina izango da-edo, baina ohitura bihurtu dugu: behin baino gehiagotan joan, semea barraka guztietan sartzen ikusi...

Aurten joan al zara Mendizabalara?

Jaiak hasi baino lehen, bai. Seme txikia lagunekin joan zen, baina gero han elkartu ginen, eta buelta bat eman genuen. Senarrari eta bioi ere gustatzen zaigu plana: txurro batzuk, ardo zaharra barkilloarekin... Eta gero paseatzea, giroa ikustea... Oso ondo pasatzen dut.

Familiarekin bazkaririk?

Ez... zorionez! Bestela, agian, kozinatu beharko nukeen, eta... [barrez]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.