ATZEKOZ AURRERA. Cecilia Buil. Izotz eskalatzailea

«Lagun bat hiltzen ikustea tokatu zait»

Vital Fundazioak eta Gazteiz Mendi Taldeak antolatutako mendiko ikus-entzunezko jaurdunaldietan egon da Buil Gasteizen. 'HuEllas on Ice' proiektuaren aurrerapena ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek.

Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Gazteiz Mendi Taldeak Vital Fundazioarekin batera antolatutakomendiko ikus-entzunezko jardunaldietara gonbidatu dute Cecilia Buil (Huesca, Espainia, 1974) izotz eskalatzailea. Klima aldaketak eta ikasi beharrak bultzaturik, eskalada bide berriak ireki ditu munduko hainbat txokotan, 2014tik HuEllas on Ice proiektuaren harira. Aurki emango dio amaiera proiektuari, eta proiektuaren izen bereko dokumental batean bilduko du esperientzia.

Zer da proiektuarekin helarazi nahi duzuna?

Hainbat gauza kontatu nahi izan ditut. Batetik, eskalatzailea naizenetik egin behar izan dudan ibilbidea azaldu nahi nuen. Izan ere, eskalatzeko pareta berriak bilatzean, konturatu naiz haietan eskalatu ahal izateko teknika berriak ikasi behar izan ditudala, egokitu behar izan naizela. Horregatik esaten dut beharrak bultzatu ninduela izotzean eskalatzen ikastera. Hasieran ez zitzaidan batere gustatzen, oso gogorra egin zitzaidan, baina denborarekin disfrutatzen hasi nintzen. Lan handia egin behar izan dut horretarako; hori da beste mezuetako bat: lan eginez edozer lor daitekeela.

Eta klima aldaketak ere eragina izango zuen, ezta?

Hori da, sei kontinenteetan izan gara izotz eskalada bide berriak irekitzen eta, toki batzuetan klima aldaketaren eraginez, nahi genuen guztia egiterik ez dugu izan .

Adibidez, non?

Zeelanda Berrian. Hango klima epela da, hemengoaren antzekoa, eta ur jauzi batzuetako izotza ez zen behar adina finkoa, eskalatzeko modukoa.

Urte hauetan egon zareten toki guztietatik, zeinekin geratuko zinateke?

Toki ikusgarri asko ikusi ditugu. Bakarra esan beharko banu, Turkiako ur jauziak esango nuke. Izotz eskaladako jaialdi batera gonbidatu gintuzten behin, eta, benetan, ez genuen espero halako ur jauzi eta paraje izozturik. Turkia entzutean, normalean Istanbul, eremu «europarra» eta lehorra datozkizu burura. Gu Georgiako muga inguruan ibili ginen, eta bide ikaragarri politak irekitzea lortu genuen.

Zer alde dago eskaladaren eta izotz eskaladaren artean?

Izotz eskalada fisikoki gogorragoa da, baina alderik handiena faktore psikologikoan dago. Gure esku ez dauden alderdi asko hartu behar dira kontuan: izotz paretak urtero modu desberdinean sortzen dira, tenperatura, izotzaren egoera... eta horrek eragin handia du han goian.

Egoera gogorrik bizi izan al duzu?

Zoritxarrez, bai. Lagun bat hiltzen ikustea tokatu zait. Hutsegite txiki batengatik estropezu egin, eta izotza labainkor zegoenez, erori eta hil egin zen. Nik ere sustoak izan ditut, baina ez hain larriak.

Bizitzeko adina ematen al du eskaladak?

Nik baietz esango dizut. Egia da zorte handia izan dudala hasieratik, eta beti izan dudala nire proiektuak aurrera eramateko babesa eta bizitzeko nahikoa. Hala ere, nahiko ezegonkorra da, ez baitakizu hurrengo urtean zer egingo duzun, eta, horrenbestez, dirua ere kolokan geratzen da. Gainera, lesio handi bat sufritzeko arriskua dago. Nire kasuan, denboraldi batez utzi behar izan nuen, baina nire markaren babesa izan nuen. Azken lau urteetan, gainera, gidari moduan nabil.

Emakume izateagatik entzungo zenituen komentarioak...

Bai, noski, entzun ditut. Ohikoa da oraindik ere, eta, egunero entzuten den zerbait ez den arren, badaude emakume izateagatik mespretxatu nautenak. Gidari aritu naizenean entzun behar izan ditut, adibidez, «eta zerbait gertatzen bada,zuk salbatuko nauzu?», eta antzekoak.

Proiektua bukatzear zaude; besterik ba al duzu buruan?

Noski, eskalada da nire lanbidea, eta beti ari naiz beste zerbait egiteko gogoz. Ezin hori ukatu, gorputzak eskatzen dit. Hala ere, airean dauden ideiak baino ez dira oraindik, eta ezin dut ezer aurreratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.