TXAPELA BURUAN. Jean Cristophe Estoup. AEBetan bizi den baionarra

«Beti sentitzen naiz oporretan bezala»

Lau urte daramatza Estoupek San Frantziskon lanean, eta, oraingoz, ez du Euskal Herrira itzultzeko asmorik. Familia eratu du bertan eta hiriak egunero zerbait berria topatzeko aukera eman dio.

BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Lan eskaintza batek eraman zuen Jean Cristophe Estoup (Baiona,1982) Amerikako Estatu Batuetara. Herbehereetan bi urte eman ostean, San Frantziskora lekualdatzeko aukera eskaini zioten, eta birritan pentsatu gabe onartu zuen. Lau urte daramatza han, eta hiriko bizimoduarekin «benetan pozik» dagoela nabarmendu du. Familia ere sortu du, eta batzuetan «herrimina» izan arren, ez du Euskal Herrira bueltatzea buruan.

Munduko hiririk famatuenetarikoa da San Frantzisko, nolakoa da bertan bizitzea?

Europarekin konparatuta, oso desberdina da dena; beraz, beti sentitzen naiz oporretan bezala. Merkatura noanean, produktuak ezberdinak dira; kaleak beste era batera eraikita daude, eraikinak... Oso bestelakoa da. Gainera, hau izan da niretzat inoiz zapaldu dudan hiririk handiena eta, alde horretatik ere, hemen ezagutu dut metropoliko bizimodua.

Zer da gehien atsegin duzuna?

Dena deskubritzeko dago hemen: tokiak, ibilbideak, jatetxeak... Astero zerbait berria probatzeko edo ikusteko aukera duzu; benetan atsegina da hori. Kultur aniztasuna ere sekulakoa da, eta horrek aberastasun handia ematen dio hiriari. Dena nahasten da hemen, ingelesez melting pot esaten zaio fenomeno horri, eta oso berezia da.

Mugikortasunari dagokionez, erraza da hiritik ibiltzea?

Bai, hori da San Frantziskok duen beste abantailetako bat. Oinez edota garraio publikoz erraz mugitu zaitezke, eta, beraz, ez da zertan autoa erabili. Izan ere, hiriak hiru sarbide ditu soilik, eta, horregatik, auto ilarak sortzen dira maiz bertan. Asteburuetan, berriz, jendeak kanpora joateko ohitura handia du. Oso ohikoa da autoa hartu eta hiru edo lau orduko bidaia egitea nonbaitera joateko: mendietara, hondartzara... Jendeak leku batetik bestera mugitzeko joera handia du.

Topatu duzunak bat egiten du aurretik zenuen ideiarekin?

Ezagutzen nituen Amerikako Estatu Batuak lehenagotik ere. Hego Karolinan lanean ibili nintzen, eta Kalifornian oporretan; horregatik, ez nuen birritan pentsatu hara itzultzeko aukera sortu zitzaidanean. Bi estatuek ez dute batere antzik. Nik Kalifornia maite nuen, batez ere bere naturagatik. Sekulako natura parkeak ditu: Yosemite, Arroila Handia, Sekuoia. Horretaz gain basamortuak daude, eta hondartzetan ere sekulako bizitza dago. Animaliak ere ikus daitezke.

San Frantzisko bera ere historia handia duen hiria da, ezta?

Bai, erabat. Esate baterako, hippyen mugimendua hemen jaio zen, eta egun ere nabaritu daitezke horren aztarnak hirian. Era berean, Silicon Valleyren bihotza ere bada San Frantzisko, eta, beraz, gaur egun, teknologiak pisu handia dauka bertan. Bi gauza horiek nahasten dira hemen, eta, horri kultur aniztasuna gehituz gero, bada lehen aipatutako melting pot fenomeno hori sortzen da.

Ez duzu inoiz herriminik sentitzen?

Bueno, gertatzen ari den osasun krisiarekin, esaterako, piztu zait sentimendu hori. Hala ere, oso gustura bizi naiz hemen. Ezkondu egin naiz, seme bat izan dugu, eta asko gustatzen zaigu bertako bizimodua. Gainera, ni Euskal Herrikoa eta emaztea Txinakoa izanik, antzeko distantziara geratzen zaigu bioi herria. Egia da lagunen, familiaren eta hizkuntzaren falta sumatzen dela, baina, nahiz eta ondo jakin non dauden nire erroak, bizimodu paregabea topatu dut San Frantziskon.

Nola bizi izan duzu zuk osasun krisia?

AEBetan, toki bakoitzean era batera kudeatu da. San Frantziskon, martxoan hasi ginen etxetik lan egiten, eta, horregatik, osasun arloan, egoera ez da beste toki batzuetan bezain larria. Ekonomikoki, ordea, oso egoera latza bizi dugu. Nik etxetik jarraitzen dut lanean, eta alde horretatik zortea dut; izan ere, jende askok lana galdu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.