ATZEKOZ AURRERA. Luis Javier R. Barron. Lactiker taldeko ikertzaile nagusia

«Artzainaren figura desagertzen ari da»

Idiazabal jatorri izeneko gaztaren ekoizpenaren hainbat alderdi aztertu ditu Lactiker ikerketa taldeak. Gaztandegi txikiekin eta jatorri izenarekin egiten dute lan, eta 25 urtetik gorako ibilbidea dute.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Idiazabalgo gaztaren ekoizpena eta teknologia hobetzeko lanean ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Lactiker ikerketa taldea. Tartean Luis Javier Rodriguez Barron (Gasteiz, 1962) taldeko ikertzaile nagusia ere. Haien asmoa da kalitate eta segurtasun handiko produktua lortzeko behar den informazioa helaraztea ekoizpen sektoreari. Gaztandegi txikiekin eta jatorri izenarekin egiten dute lan, eta, oraingo honetan, Idiazabalgo gaztaren etorkizuna eta artzaintzaren beherakada izan dituzte ikergai.

Kalitate eta segurtasun handiko produktu bat lortzeko bidean, hainbat ikerketa egiten ari zarete. Zein da zuen helburua?

Gure asmoa Idiazabalgo gazta hobetzea da, eta, hori lortzeko, eremu horretan sakontzen saiatzen gara: arazoei irtenbideak aurkitzen dizkiegu, ekoizteko bideak hobetzen ditugu... Hau da, gaztaren munduan lan egiten duten horiei gure ezagutza zientifikoa helaraztea da asmo nagusia.

25 urte baino gehiago daramatzazue Idiazabalgo gaztaren hainbat alderdi aztertzen. Nolako bilakaera izan du hasieratik gaur egunera?

Gazta hori, betidanik, modu tradizionalean ekoitzi izan da. Hortaz, urte hauetan guztietan bilakaera bat izan du, eta hobekuntzak izan dira hainbat alorretan. Besteak beste, zentzumen eta nutrizio kalitateari dagokionez. Oraindik ere, tradizioak leku handia du, baina hobekuntza asko egin dira.

Idiazabalgo gaztaren ezaugarri sentsorialak ere aztertu dituzue. Desberdintasun sentsorialak daude gazta batetik bestera?

Bai, noski. Jatorri izen bakarra dago: Idiazabal. Hala ere, gaztandegi bakoitzak bere zigilu propioa ematen dio gaztari: batzuek testura gogorragoa dute, beste batzuk bigunagoak dira... Aniztasun handia dago jatorri deitura bakarraren barruan. Ekoizle bakoitzak bere erara lan egiteko joera du; hau da, askotariko usain, zapore eta testura ñabardurak daude ekoizlearen arabera.

Artisau gaztandegi txikiekin aritu zarete lanean. Nola moldatu zarete?

Euskal Herriko hainbat txokotako ekoizleekin oso harreman estua dugu, elkarrekin lan egiten dugulako. Gaztandegi bakoitzak ekoizpen modu desberdinak ditu, eta gure lana horren inguruko ikerketak egitea da. Elkarlanean aritzen gara: guk gaztagileengandik ikasten dugu, eta haiek, gugandik.

Orokorrean, artzaintza sistema behera egiten ari da. Euskal Herrian ere hala gertatzen da?

Urte hauetan konturatu gara nekazaritza munduan gero eta gazte gutxiago dagoela. Hau da, pixkanaka, artzainaren figura desagertzen ari dela: lan gogorra da, eta gizartean ez zaio merezi duen aitortza egiten. Hortaz, ez da belaunaldien arteko ordezkatzerik izaten, eta bertan behera geratzen ari da. Larratzen diren ardien esnetik ez datorren gazta eginez gero, Idiazabalgo gaztak berezko dituen ezaugarriak galtzeko arriskua dago.

Hala ere, badaude artzaintzatik bizi diren gazteak ere.

Bai, badaude salbuespenak. Kasu batzuetan, gazteek nekazaritza munduaren aldeko apustua egin dute, eta hori pozgarria da.

Idiazabalgo gaztaren ekoizpenakba al du etorkizunik?

Idiazabalgo gazta oso ondo baloratuta dago Euskal Herrian. Gainera, argi dago oso kalitate oneko gazta dela, eta, Lactikerren bitartez, ebidentzia horiek erakusten saiatzen gara.

Herritar gisa, zer egin dezakegu gaztandegi txikiak laguntzeko?

Gaztandegi txikiek handien aurka lehiatu behar dute etengabe. Hortaz, garrantzitsuena da bezeroek gaztandegien lana baloratzea eta beraien produktuak erostea.

Oraintxe ba al duzue beste ikerketarik esku artean?

Bai, guk ikertzen jarraitzen dugu. Orain, esaterako, gaztaren hartzidura prozesuan lanean gabiltza. Hala ere, bestelako ikerketa batzuk ere baditugu esku artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.