ATZEKOZ AURRERA. Gani Mirzo. Musikaria

«Herri kurdua betidanik egon izan da zapaldua; oraindik ere bai»

Estatu Islamikoaren jazarpenetik bizirik atera ziren emakume yazidiei laguntza eskaintzeko asmoz, Mirzok elkartasun kontzertu bat emango du Bilborocken, Ibrahim Keivorekin batera.

GANI MIRZO.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Kurdistan atzean utzi, eta Bartzelonara joan behar izan zuen Gani Mirzok (Qamixli, Kurdistan, 1968), musika ikasketak egitera. Ekialdeko zein Mendebaldeko musikak uztartuz, musika kurduaren, flamenkoaren eta jazzaren arteko fusioa egiten du. Dignity Road, duintasunaren bidea izeneko kontzertu solidarioaren harira, bihar Bilborocken egongo da, Ibrahim Keivo artistarekin. Estatu Islamikoaren jazarpenetik bizirik irten, eta Duhok hiriburuko iheslari eremuan dauden emakume kurdu yazidiei laguntzeko emango dute kontzertua.

Egun, zer egoeratan daude emakume kurdu horiek?

Egia esan, oso egoera zailean daude. 2014az geroztik, 5.000 emakumetik gora bahitu, eta beste hainbat hil ditu Estatu Islamikoak. Gainera, emakume horietako asko esklabo sexual gisa erabili dituzte, eta torturatuak izan dira. Horietako batzuek ihes egitea lortu dute, baina askok euren buruaz beste egin dute, egoera jasangaitza zelako.

Psikologikoki laguntza ematea funtsezkoa da, beraz.

Zalantzarik gabe. Emakume horiek oso gaizki pasatu dute, asko sufritu dute, eta, ondorioz, arreta psikologikoa eman behar zaie.

Zer da biharko kontzertuaren bidez lortu nahi duzuena?

Gure asmoa dirua biltzea da, Estatu Islamikoaren jazarpenetik askatutako emakume kurduei laguntzeko. Era horretara, arreta psikologikoa jasotzeko aukera izango dute. Gainera, emakume horiei ahotsa eman nahi diegu, hemengo herritarrek bizi duten egoera uler dezaten, eta kontzientzia har dezaten.

Mirzo Music Foundation elkarteko sortzailea ere bazara. Zer egiten duzue bertan?

Gerraren eta integrismo islamiarraren biktima diren herritarrei itxaropena ematen diegu. Hau da, musikaren eta artearen bitartez, bonba hotsak ahaztea eta irribarre egitea lortu nahi dugu. Azken finean, barrenak askatzeko eta jasandako zorigaitza sendatzeko modu bat da. 2018an, esaterako, musika tresnak biltzeko kanpaina bat jarri genuen abian, eta egun, musika klaseak jasotzeko zentroa ere badute.

Txikitatik erakarri izan zaitu musikak, baina ez da bide erraza izan. Zer zailtasun izan zenituen?

Nire herrian zailtasun ugari izan nituen. Kulturalki oso aurreratuta bageunden ere, kultura kurdua baztertu egiten zen. Hortaz, Alepora joan nintzen, eta bertan amaitu nituen musika ikasketak. Itzultzerakoan, nik egindako musika erakutsi nahi izan nien herritarrei, baina ez zidaten baimenik eman. Asko sufritu nuen, eta horregatik irten behar izan nuen nire herritik: musika kurdua askatasunez egin eta mundura zabaldu ahal izateko.

Musika kurdua jazzarekin eta flamenkoarekin uztartzen duzu. Zer dute komunean hiru estiloek?

Antzekotasun asko dituzte; finean, jatorriarekin baitu zerikusia. Esklaboek Ameriketara eramandako Afrikako erritmoetatik abiatzen da jazza. Flamenkoa, berriz, ijitoen musikaren eta musika andaluziarraren arteko nahasketa bat da. Hiru kultura horietatik garrantzitsuena bat-batekotasuna da, unean uneko sorkuntza.

Jaiotzez kurdua bazara ere, Bartzelonan bizi zara egun. Nola daramazu Kurdistango egoera?

Egunero-egunero irakurtzen ditut nire herriko albisteak. Sufrimendu handiarekin bizi dut bertako egoera, nire herriak sufritzen badu, nik ere min hori pairatzen dudalako. Egia da azken urteotan hainbat eskubide lortu ditugula, baina horren ondorioz, jende asko hil da.

Kurduen egoera zapalduta dago?

Herri kurdua betidanik egon izan da zapaldua, eta oraindik ere, begi bistatik kendu nahi gaituzte. Hala ere, gure herriaren erresistentziarako gaitasunean sinesten dut, eta zapalduta egon arren, ziur nago aurrera egitea lortuko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.