Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Mikel Zuza. Historialaria, idazlea eta liburuzaina

«Argi dut ez nukeela Erdi Aroan bizi nahi»

Historia eta literatura uztartu zalea da Zuza. Uste du gertakari historikoak lanabes onak direla literaturarako: «Nafarroako historiak aukera asko ematen ditu, ia ez baita hitz egin horretaz».
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2022ko ekainak 22 - Iruñea

Liburu artean lan egiten du Mikel Zuzak (Iruñea, 1970), liburuzaina baita. Baita historialaria eta idazlea ere, eta biak uztartu ohi ditu bere eskuekin idatzitako liburuetan. Fikziotik abiatuta egin du askotan, historia zientifikora bueltatuta azkena: En recta línea (Pamiela, 2022). Aitortu du Nafarroako historia dela «errazen» ateratzen zaion gaia.

Zergatik Nafarroako historia?

Aitak Iruñean barrena eramaten ninduen, eta Nafarroako Museoan sartzen ginen, katedralean... Nafarroako historia lehen ez zen ia deus ikasten institutuan, eta unibertsitatean hautazkoa zen. Maite nuen, eta bibliografia handituz joan nintzen, azkenean nire ekarpena egiteraino.

Iraganean preso sentitu izan zara?

Preso ez. Asko maite dudan arren, oso argi dut ez nukeela Erdi Aroan bizi nahi. Bisitan joan eta itzultzerik banu, hori bai. Ez nago harrapatuta, baina tarteka ez dit inporta monolaborantza uzteak.

Batzuek ez dute historia maite.

Pena handia ematen dit nafar bati bere historiak bost axola izateak. Inguruan monumentuak eta iraganeko kontuak ditugu; ez badituzu ezagutzen, edozer konta diezazukete. Lurralde askok ez duten iragana du Nafarroak; harro egon liteke hartaz.

Ezezagutzak dakar interesik eza?

Ikastetxearen edo irakaslearen interesaren arabera ikasiko da gehiago edo gutxiago, baina uste dut beharrezkoa litzatekeela gai hau gehiago lantzea. Iruñean katedralera edo Kontu Ganberara joan beharko lukete ikasle guziek.

Historia eta fikzioa nola ezkontzen dira?

Lotuta sentitu nintzen historialari gisa: gertakariak ikasten dituzu, eta hori da gertatu dena. Literaturara pasatu nintzen, betiere historian oinarrituta. Ehunka kontakizun ditut gertakari historikoetatik abiatuta. Kontakizunetan nahi dudana idatz dezaket, historia ez baita asko ezagutzen; baina, historia idaztean, beldur pixka bat dut, norbaitek asmatua dela pentsa ote dezakeen.

Zer harreman duzu Vianako Printzearekin?

Estua. Historia zientifikora bueltatzera bultzatu ninduen bere biografia idaztean. Paueko artxiboetan, haren etsai agaramontarrek haren kontra egindako 87 kexa bildu nituen. Pertsonaia bere aitaren menpeko gisa aurkeztu ohi da, soilik kultura maite zuela, baina aitari aurre egin zion. Printzeak Nafarroako errege-erreginen kronika idatzi zuen; beti esan da ez zuela bukatu, baina aitarekin izandako borrokak idatzi zituen; galdu zen, baina. Aitak Haroko kondearen alabarekin ezkontzera behartu nahi izan zuen, eta gorteen aurrean bere burua defendatu zuen esanez ez zela ohikoa Frantziako hamabi pareak baino beheragoko leinuekin ezkontzea. Hortik atera da oraingo liburua.

Geroz eta gehiago idazten da Nafarroako historiaz?

Nafarroako historiak aukera asko ematen ditu, ia ez baita hitz egin horretaz. Aurrekariak Arturo Campion eta Iturralde Suit dira; ondoren, salbuespenak salbuespen, gutxi. Orain ari gara batzuk, bakoitza bere maneran. Nahiago ditut irudimenezko kontakizunak. Eleberri historikoak hori du: idatz dezakezu gertatu den gauza bati buruz edo gertatu ez arren gerta zitekeen zerbaiti buruz, betiere zentzuz.

Zergatik oroitu behar da Amaiurko guduaren 500. urteurrena?

Garrantzi handia du, hori baita gure Alamoko gudua: texastarrak Mexikoko armadari eusten saiatu zireneko westerna. Amaiur guzion historia da. Memoria tokiez aritzen garenean, azken egun urteez aritzen gara, Gerra Zibilaz-eta. Hori oso garrantzitsua da, ezkutuan izan delako, baina atzerago ere egin beharko genuke: Noain (1521), Oibar (1451), Atapuerca (1054)... edo Orreaga.

Zer ekarpen egin diezaioke historiak etorkizunari?

Zuhaitzak hazten dira sustraiak ongi erroturik badituzte, eta sustraiak, guretzat, iragana ezagutzea da. Hau ez da monarkia edo errepublika kontu bat, hau historia da, eta zuri ere badagokizu, seguruenik 1200. urtean gertatu zenak oraindik ere eragiten dizulako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sekulako giroa izan zen atzo Ondarroan, eguerditik hasita. ©URTZI URKIZU

'Azule', txingor euritan aurrera

Urtzi Urkizu

Bi urtez derrigorrez eten ostean, Zapato Azule jaia egin dute Ondarroan. Giro aparta izan da kaleetan, Dinamartxakoei ongietorria eman diete eta pentsiodunak omendu dituzte.
Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Edorta Agirre. / ©Gorka Rubio, Foku

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Miren Garate, Gipuzkoako Hitza

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Niretzat, bertsoa terapia da; arazoren bat edukiz gero, bertsotan heltzen diot»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

40 urte igaro dira Arabako lehen bertso eskola sortu zutenetik, eta Lopez izan zen sortzaileetako bat. Ordutik, alboan izan du bertsoa, eta, eginiko lana eskertzeko, aurten berari eman diote Arabako bertsolari txapeldunari txapela jartzeko aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.