Gasteizko jaiak

«Urrezko Zeledon izateko, jaiak sentitu behar dira»

Mariajo Otxoak eta Jesus Mari Alegriak jasoko dute Urrezko Zeledon saria aurten, hiriari eta jaiei egindako ekarpenagatik. Senideei eta urteetan alboan izan dituztenei eskaini diete saria.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Mariajo Otxoa (Gasteiz, 1962) tabernariak eta Jesus Mari Alegria, Pinttu (Araia, Araba, 1949) musikariak jasoko dute Urrezko Zeledon saria. Irailaren 18an egingo dute saria emateko ekitaldia, orduan izendatuko dituzte 2021eko Urrezko Zeledon. Ilusio handia egin die izendapenak, aitortu dutenez, baina «umiltasun handiz» jasoko dute saria: «Sari hau ez da gurea, guztiona da».

Zer da zuentzat Urrezko Zeledon saria jaso izana?

MARIAJO OTXOA: Nire familia guztiak urteetan egindako lanari eskerrak emateko modu bat iruditu zait. La Union taberna sortu zuen nire amona Maria Telleriari, bertan lan egin dutenei, gaur egun lanean gaudenoi... Halaber, sari hau gure tabernara etorri diren guztientzako da; haiek ere familia bilakatu baitira.

JESUS MARI ALEGRIA: Txikitatik bizi izan naiz giro oso zeledonzalean. Nire aitak Zeledon margotzen zuen hura dorretik jaitsi aurretik; asko inplikatzen zen. Beraz, sari hau jasotzea berari zor diot.

Zer lotura du musikak Gasteizko jaiekin? Eta ostalaritzak?

ALEGRIA: Zeharo lotuta daude. Ezin dut imajinatu musikarik gabeko festarik. [Musika] Jaien soinu banda dela uste dut. Santiago egunean zein Gasteizko festetan argi geratu da txarangen indarra zeinen handia den. Musikari horiek guztiak izugarriak dira, ezinbestekoak.

OTXOA: Jaiak hasten direnean ostalaritza bikoizten da. Orduan, [ostalaritza] musika eta jendearekin nahasten da; eta tabernariok festa askoz gehiago bizitzeko aukera dugu.

ALEGRIA: Gasteizko festetan ostalaritzak giroan jartzen gaitu...

OTXOA: ...eta musika beharrezkoa da.

Inoiz huts egin duzu Gasteizko jaietan?

OTXOA: Koronabirusarengatik bertan behera geratu diren jaietan izan ezik, beti egon naiz Gasteizko festetan. Familia kontuengatik noizbait itxi behar izan dugu, baina Gasteizen egon gara, taberna itxita egon arren.

ALEGRIA: Nik, Francori esker, hiru urteko Erasmusa egin nuen Frantzian. Orduan soilik huts egin nuen.

Nola gozatzen dituzue jaiak gehiago, lehen edo orain?

ALEGRIA: Gozatzeko bi modu oso desberdin dira. Lehen, etengabe gaupasak egiten nituen, eta, orain, kontzertuak, giroa eta eguna gehiago aprobetxatzen ditut. Jatea bezala da jaia bizitzea: lehen, azkar eta presaka jaten nuen; eta, orain, astiroago baina gauzak behar bezala dastatuz.

OTXOA: Nik beti gozatzen dut asko; nahiz eta lanean egon.

Zein da jaietan inoiz huts egiten ez duzuen ekitaldia?

ALEGRIA: Orain, beharbada, kontzertuak eta bazkariak. Umetan, feriara eramaten ninduten, baina, gaur egun, beste abiadura batean gozatzen dut jaiez.

OTXOA: Nik ere beste erritmo batera bizi ditut jaiak orain. Dantza Plazan eta zezensuzkoak asko gustatzen zaizkit, adibidez. Nola edo hala, urtero saiatzen naiz jaien erraietaraino sartzen eta haietaz ahal bezainbeste gozatzen.

Hurrengo urtean saria zuek ematerik izango bazenute, nori emango zeniokete?

OTXOA: Hori bai galdera zaila! Erantzun zuk, Pinttu.

ALEGRIA: Saria jasotzeko pertsona duina izan beharra gehiegi iruditzen zait. Nik pertsona soil bati emango nioke. Betiere, Gasteiz eta Zeledon maite baditu. Gasteizko festak emozioz jositako jaiak dira; eta Urrezko Zeledon saria emozio horiek sentitzeko gai denak jaso beharko luke.

Mezuren bat bidali nahiko zenukete Urrezko Zeledon gisa?

OTXOA: Urtero jaiez gozatzeko; dudarik gabe.

ALEGRIA: Hori da Gasteizko festetako leloa: atera eta gozatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.