Albistea entzun

Gasteizko jaiak

«Jaiak gasteiztarron topagune dira»

Kazetari eta parrandazale moduan ezagutu ditu Fiestrasek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Bizitza osoan bi urtez baino ez du huts egin, eta datozen guztiez «gozatzeko asmoa» daukala iragarri du.
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2022ko abuztuak 10 - Gasteiz

Gasteizko jaiak amaitu badira ere, Joseba Fiestras kazetariak (Gasteiz, 1968) nekez ahaztuko ditu. Urteetan, hainbat komunikabidetan eman du Gasteizko jaien berri, baina beti jakin izan du lan egiten, eta, aldi berean, jaiez gozatzen. Barre artean, festei buruz dituen hainbat oroitzapen goxo aipatu ditu: «Zalantzarik gabe, denek ondo pasatzeko moduko festak dira».

Zenbatetan aritu zara jaien berri ematen?

Hogei urte baino gehiago daramatzat Gasteizko jaien berri ematen. Adibidez, Zeledonen jaitsiera behin baino gehiagotan eman dut irratirako. Horrez gain, prentsarako eta telebistarako egin dut lan. Zeledonen jaitsieraren berri eman nuen lehen aldian, hamabost egun neramatzan irrati batean bekadun.

Kazetari moduan, beraz, oroitzapen politen bat izango duzu.

Oro har, denak oso oroitzapen onak dira. Hala ere, Zeledonen jaitsieraren berri eman nuen lehen urtea gogoratzen dut bereziki; ni eta bekaduna zen lagun bat parrandan joan baikinen ondoren. Hurrengo goizean, lorik egin gabe agertu ginen lanera. Arduragabekeria izugarria izan zen, badakit, eta ez dut berriz egin. Baina hori bai, primeran pasatu genuen. Horretaz gain, gainera, blusa eta neskekin momentu ederrak bizi izan ditut.

Eta une gogorren bat?

Egia esan, gogorrik ez. Hala ere, oroitzen naiz lehen urte hartan, Zeledonen jaitsieran nengoela, lehendakaria bertaratu zela. Erredakziotik berarekin hitz egiteko eskatu zidaten. Nik ez nituen protokoloak errespetatu, eta haren bizkartzain batek ukondokada bat eman zidan. Anekdota hori ez zait sekula ahaztuko.

Harritu al zinen pregoilari izatea eskaini zizutenean?

Egia esan, asko harritu ninduen eskaini zidatenean. Deitu nindutenean, pregoilaria aurkezteko prentsaurrekoaren berri emateko eskatu zidatela uste nuen hasieran; gauza bera gertatu zitzaidan duela urte batzuk Urrezko Zeledon saria eman emango zidatela esan zidatenean. Ohartu nintzenean eskaintzen ari zirena jaietako pregoilari izatea zela, sekulako ilusioa egin zidan. Halere, erantzukizun izugarria ere bada. Ez dakit merezi izan dudan ala ez, baina ohorea izan da niretzat.

Zer da festetako gauzarik garrantzitsuena?

Giro ona egotea, zalantzarik gabe. Jaiak gasteiztarron topagune dira. Horregatik, garrantzitsua da desberdintasunak alde batera uztea, eta mundu guztiak gozatzea: denek ondo pasatzeko moduko festak ditugu. Harro esaten dut beti arabarra eta Gasteizkoa naizela. Horregatik, hain zuzen, jaiak oso garrantzitsuak dira niretzat. Bizitza osoan bi aldiz baino ez dut huts egin festetan, eta datozen guztiez gozatzeko asmoa daukat.

2009tik, Gasteizen urtero ospatu den FesTVal telebistaren jaialdiaren zuzendaria ere bazara.

Zinemaldi bat egiten hasi ginen, eta jaialdi horren sei aldi egin genituen. Ondoren, bi urtez egon ginen ezer antolatu gabe; izan ere, konturatu ginen zinemaldi asko zeudela. Horregatik, zerbait berezia antolatu behar genuen Gasteizen, besteengandik bereiziko gintuena. Asko pentsatu ondoren, telebistaren jaialdi bat antolatzea bururatu zitzaidan. Oraindik ez dut sinesten urtero izaten duen arrakasta.

Telebistazale amorratua izan zara beti, ez?

Bai, haurra nintzenetik: existitzen ziren bi kateen programazio osoa nekien. Egun, kazetari moduan ere telebistan lan egitea da gehien gustatzen zaidana, nahiz eta gutxien lan egin dudan euskarria izan. Betidanik gustatu izan zait kameraren aurrean jartzea.

Nori eskertzen diozu aurtengo pregoilaria izatea?

Guztiei. Badakit ezin naizela jende guztiaren gustukoa izan. Batzuentzat atsegina izango naiz, beste batzuentzat ez, ordea. Hala ere, eskerrik asko guztiei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geu elkartearen herri bazkaria, atzo, Landatxon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Loratzen jarraitzeko

Edurne Begiristain

Geu elkartearen 30. urtemuga ospatzeko, egun osoko jaia egin dute Gasteizen. Elkarteko kideen ustez, «mugarri» bat ezarri da euskarak hiriburuan dituen erronkei heltzeko.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Dena dut gogoan: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen»

Amaia Igartua Aristondo

Ederto gogoratzen ditu Basabek 1936ko gerran eta frankismoan bizi izandakoak: hegazkin bonbardatzaileak, italiarrak, beldurra eta gosea; egur eta ikatz bila joan behar izatea txikitan, amari ezer ez faltatzeko. «Bizitza osoan eraman behar da hori».
 ©BERRIA

Hamaikak telebista adimendunetarako bere aplikazioa estreinatu du

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hamaikaren digitalizazioan «beste jauzi bat» da aplikazioa. Ostiralean jarri zuten eskuragarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Etxenausia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...