ATZEKOZ AURRERA

Flamenko doinuetan urtuta

Flamenco on Fire jaialdiak lehenbiziko saioa eskaini du Vianan; egitasmoaren aperitifa. Sandra Carrasco eta Joni Jimenez aritu dira udaletxeko balkoitik flamenkoa lau haizeetara zabaltzen.

Sandra Carrasco abeslaria eta Joni Jimenez gitarra jotzailea, atzo, Vianako udaletxeko balkoian jotzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Viana
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Sutan zegoen plaza. Eguerdian eguzkiak bete-betean jotzen zuen Vianako Foruen plazan (Nafarroa). Plazaren erdigunean iturria bakar-bakarrik zen, ez zen giro eguzkitan paratzeko. Besoak, aurpegia eta zintzurra freskatzera baizik ez zen bildu jendea plaza erdira. Inguruak bai, inguruak beterik ziren; itzalpean, noski: batzuk terrazetan, abanikoak astintzen eta tragoak hartzen; besteak udaletxearen parean dagoen harrizko banku luzean, zain. Bozgorailuetatik flamenko doinuak, eta plazaren erdiko publizitate oihaletan jaialdiaren izena: Flamenco on Fire. Musika jaialdia abuztuaren 24an hasiko bada ere, atzo aperitifa izan zuten Vianan. Sandra Carrascorenak eta Joni Jimenezenak izan ziren lehen notak, eta ikusleak flamenkotan urtu zituzten.

Jendea denborarekin gerturatu zen plazara, tokia hartzera. Harrizko udaletxearen erdiko balkoia atondurik zegoen ordurako. Vianako bandera alde batera, Europako Batasunarena bestera, eta bi mastek oihal luze bati eusten zioten, balkoia eguzkitik babesteko. Lore zuri-gorriak alderik alde. Ezkilek 13:00ak zirela iragartzearekin batera grabatutako ahots batek egin zuen aurkezpena: «Ahots trebea, liriko eta sakona». Sandra Carrasco zen, eta eskerrak ematearekin batera bota zuen bere mezua: «Flamenkoa babestu behar dugu. Musikak gizakia osatu eta sendatzen du».

A cappella egin zuen lehenbizikoa: Nana de Alejandría. Plazan isiltasuna erabatekoa izan zen, eta lehenbiziko doinuari ekin bezain laster atera zituzten sakelakoak gehienek: ikuskizuna grabatu nahi zuten. «Olé!» oihuek eta txaloek iragarri zuten «ama eta neska guziei» zuzendutako kanta haren bukaera.

Bigarren abestirako «sekulako gitarra jotzaile bat» aurkeztu zuen abeslariak: Joni Jimenez. Malagueña interpretatu zuten elkarrekin, eta Carrascok txalo jotzen zuen parteetan publikoak ere lagundu zuen. Fandango bat ere jo zuten, eta jendeari hitzei erreparatzeko eskatu. Hogei minutuz aritu ziren; gauean zuten saio nagusia: Voces ikuskizuna.

Carrascok gozatu zuen balkoiko saioa: «Jendea emanaldiaren zain zegoen. Errespetua, isiltasuna eta presentzia zeuden. Han goitik publikoa sentitu dut, eta ederra izan da». Behekoak ere kontent; tartean, Dolores eta Rosa. «Herrian edozer egitea beti ongi da», lehenbizikoak. «Nafarroako kulturarekin alderatuta oso ezberdina da, baina oso ongi dago hau bultzatzea», bigarrenak. Rosak sevillanak egiten ditu: «Fandangoaren oso ezberdinak dira sevillanak, baina ederrak biak». Dolores aspaldi bizi da Vianan, baina Malagan (Espainia) sortu zen. Bederatzi urterekin utzi zuen sortetxea. «Asko gozatu dut kontzertuarekin. Musika den guzia zoragarria da», bota zuen.

Flamenkoa herrietan

Azken urteetan flamenko jaialdiaren barruan antolatu dute F on Fire zikloa, kontzertuak ez daitezen soilik Iruñean eta Tuteran (Nafarroa) izan. «Nafarroa osora eraman nahi dugu flamenkoa, eta leku ederretan kontzertuak eskaini», kontatu zuen Arturo Fernandez jaialdiko zuzendariak. Atzokoari nota ona paratu zion: «Artistikoki eta publiko kopuru aldetik arrakastatsua izan da». Plazan bildutako batzuk gaueko kontzerturako gogoz utzi zituen, behinik behin. Doloresek eta Rosak bazuten sarrera. Gainerakoek abuztuaren 24tik aurrera izanen dute flamenkoaz gozatzeko parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.