ATZEKOZ AURRERA. Aitor Igiñitz. Bidaiaria

«Jendearen bidaiatzeko arrazoiak eta modua asko aldatu dira»

Hamasei urte igaro ditu Aitor Igiñitzek mundu osoko herrialdeetan bidaiatzen. 2006. urtean hasi zuen bere bidaia, eta 120.000 kilometrotik gora egin ditu abentura horretan.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Andoain
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bizikleta lagun duela iritsi da Aitor Igiñiz (Andoain, Gipuzkoa, 1977) elkarrizketara. Tandem ona osatzen dute Igiñitzek eta haren bizikletak, munduan zehar 120.000 kilometro baino gehiago eta dozenaka herrialde zeharkatu baitituzte. Andoainera itzuli da hilabete batzuetarako, eta etorkizuneko planak eginak ditu jada.

Non ibili zara azkenaldian?

Hego Amerikako hegoaldean izan naiz: Peru eta Bolivian, esaterako. Azken urteotan, hiru urteko bidaiak egiten ibili naiz.

Beti izan dira hiru urtekoak?

Lehen aldiz joan nintzenean, bost urteko bidaia bat egin nuen, baina konturatu nintzen bai gurasoentzat eta baita ingurukoentzat ere denbora gehiegi zela. Beraz, erabaki nuen gehienez hiru urte egingo nituela kanpoan. Bizikleta nagoen herrialdean utzi, eta pare bat hilabeterako itzultzen naiz.

Non uzten duzu bizikleta hainbeste denboran?

Jendea ezagutuz joaten naiz bidaietan, eta haien etxean uzten dut. Adibidez, behin Alaskatik [AEB] atera eta Mexikora iritsi nintzen. Bizikleta hango familia baten etxean utzita, Euskal Herrira etorri nintzen.

Hamasei urtean jende asko ezagutuko zenuen.

Bai, bidaiatzeak gizarte harremanetako master bat ematen dizula esaten dut nik. Jende oso aberatsarekin eta oso behartsuarekin egin dut topo, baita ikasketa asko dituztenekin ere, edo eskola bat zapaldu ez dutenekin ere.

Nolatan erabaki zenuen bidaia luzeak egiten hastea?

Betidanik izan dut bidaiatzeko grina, eta buruan bueltaka nuen urte bat edo bi bidaiatzera alde egitea. Beldurra ematen zidan: dena uzten duzu atzean, baina, azkenean, ausartu nintzen. Pentsatu nuen: «Pikutara dena! Joan egingo naiz!».

Zergatik bizikletan?

Bidaiatzea erabaki nuenean, ez nuen neure burua autobusez bidaiatzen ikusten. Oinez bidaiatzea ere ez zitzaidan oso ideia ona iruditzen. Bizikletan bidaiatzea iruditu zitzaidan aukerarik onena. Hamasei urteren ondoren, uste dut erabakirik onena izan zela. Gogorra da, baina merezi du.

Ezagutu duzu bizikletan bidaiatzen duen jende gehiago?

Hasi nintzenean, 2006an, jende gutxi zebilen, baina denbora luzeko bidaiak egiten zituzten. Urte hauetan guztietan, bidaiatzeko arrazoiak eta modua asko aldatu dira, Orain modan jarri da, eta jendeak sare sozialetan jartzeko bidaiatzen du, ez sentitzen edo behar duelako.

Bidaia luze bat egin behar duen baina ausartzen ez den bati zein aholku emango zenioke?

Beldur handia ematen duela, baina saiatzeagatik ez dela ezer galtzen. Joan, saiatu, eta disfrutatzen ez duela ikusten badu, beti dago aukera etxera itzultzeko. Askok uste dute hori porrot egitea dela, baina gogoa izan eta ez egitea da porrot egitea.

Erabaki duzu nora joango zaren hurrengo bidaian?

Bai, Nepalera joango naiz. Asko gustatzen zait herrialde hori. Udazken inguruan joango naiz, eta han geratuko naiz denbora batez. Bizikletarik gabe joango naiz, eta trekking irteerak antolatuko ditut Nepalen. Lehenengoa lagunentzat, baina irekita egongo dira nahi duen guztiarentzat.

Bizikleta uzteak ez dizu pena ematen?

Bai, baina egin beharra nuen aldaketa hori. Egia esan, ohituta nago aldaketetara.

Hemen zauden bitartean zer egingo duzu?

Hitzaldiak ematen ibiltzea da nire asmoa. Bisitatu ditudan herrialdeei buruz hitz egin, argazkiak erakutsi, anekdotak kontatu... horrelakoak egingo ditut. Azaroaren 7an, Hernanin izango naiz, baina hitzaldi gehiago egiteko prest nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.