ATZEKOZ AURRERA. Hodei Vicario, 'Denso'. Musika ekoizlea

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.

BERRIA.
unai etxenausia
Arrasate
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Musika ekoizlea da Hodei Vicario Denso (Arrasate, Gipuzkoa, 1999). Musika oinarriak sortzen ditu, eta mundu mailako hainbat artistarekin lan egiteko aukera izan du. Datorren urtean, ordea, inguruko artistekin egindako lanak kaleratuko ditu.

Gaur egun, esan daiteke musika ekoizle profesionala zarela, baina noiz hasi zinen sortzen?

Duela bost urte, ordenagailu bat erosi nuen Ikus-entzunezko ikasketak egiteko, eta orduan hasi nintzen musika ekoizten. Egunero sortzen dut ordutik.

Zerk inspiratu zintuen? Noiz bihurtu zinen Denso?

Ez dakit, kar-kar. Rap amerikarra entzun izan dut beti. Hasieran, Queensbeats izenpean ateratzen nituen baseak. Izenak New Yorkeko Queensbridge auzoari egiten dio erreferentzia, hango rap kantari amerikar asko entzuten bainituen. Youtubeko kanal batean, nire musika ekoizpenak jartzen hasi nintzen, eta, pixkanaka, gauza berriak egiten hasi nintzen. Hasieran, ez nuen espero ekoizle profesionala izatea; gustatzen zitzaidalako hasi nintzen sortzen. Youtuben oso ezaguna egin zen kanta bateko oinarria egin nuen, mugarri bat izan zen. Hortik bizi nintekeela pentsatu nuen, eta bide berriak ireki nahi nituen.

Zeintzuk dira bide hoiek?

Hasieran, oinarriak egiten nituen bakarrik. Denbora batera, inguruko musikariak grabatzen hasi nintzen, eta, horri esker, gehiago sartu nintzen nahasketa eta soinu munduan.

Aipatu duzu mugarri bat izan zenuela. Noiz eta zein izan zen?

2018an, T&K artista argentinarrak nire oinarri bat erabili zuen musika-saio batean, haren gainean abesteko. Gaur egun abesti horrek 5,6 milioi entzunaldi ditu. Orduan jakin nuen pasio bat baino gehiago izan zitekeela, eta modu profesionalean sor nezakeela musika.

Konplexua da trap edo rap oinarri bat sortzea?

Ez dago jarraibide finkorik, hainbat modutan sor daiteke. Askotan, oinarri bat sortu eta abeslariari horren gainean abestea proposatzen diot; beste askotan, berriz, artistak, abeslariak ideia bat dauka, eta horren arabera sortzen dut musika. Baliteke artistak existitzen den kanta batekin sampling-a egin nahi izatea, adibidez.

Soinuak Internetetik hartzen dituzu, edo zuk grabatzen dituzu?

Honetan hasi nintzenean, sampling-a egiten nuen abestiekin. Halere, gero sortzen hasi nintzen. Gaur egun, nireak dira ekoizten ditudan ia melodia guztiak.

Zenbat denbora behar da oinarri bat hutsetik sortzeko?

Bost eta 24 ordu artean. Baina sekula ez da jakiten. Normalean, abesti politenak azkar bururatzen zaizkidanak direla uste dut; ideia on bati esker sortzen ditudanak.

Inguruko artistekin egindako musika proiektuak ere badituzu.

Mutiko eta Tatta artistekin, eta Etxepe kolektiboarekin ari naiz lanean. Etxepek disko bat aterako du urtarrilean, eta Mutikok eta biok otsailean aterako den mixtape bat sortu dugu. Ondoren, denok elkartuko gara, eta bira bat egingo dugu Euskal Herriko areto mitikoetan: Jimmy Jazz, Dabadaba, Bilboko Kafe Antzokia... Tattarekin beste disko bat grabatzen ari naiz, baina ez dakit noiz aterako dugun.

Musika estudio profesional bat ireki nahi duzu, ezta?

Estudio propio bat ireki nahi dut datorren urtean. Etxean grabatu dut orain arte, baina gehiago profesionalizatzeko garaia iritsi dela uste dut. Apustu bat da, baina Arrasate eta inguruko herrietan artista itzelak daude, eta badakit elkarrekin gauza oso onak sor ditzakegula. Potentzial handia dago, esploratu gabeko eremua delako. Duela urte batzuk ez genuen gaztetxeetan ere jotzen, baina hori aldatu egin da.

80ko hamarkadan punkarekin gertatu zena ari da gertatzen musika urbanoarekin?

Arrasaten beti sortu da musika asko. Hemen sortu ziren Rip, Des-Kontrol... Orain gure garaia da.

Baloratzen al da musika ekoizleen lana?

Gero eta gehiago, artista askori esker. Ez dugu itzalpean bakarrik lan egiten; musika ekoizleok artistak ere bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.