ATZEKOZ AURRERA

Kirgizistani ateratako distira

Itsaso Diego Jauregi-Arraburuk irabazi du BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa, Kirgizistanera egindako bidaia bat kontatuta. Bigarren saria Beatriz Arana Ortizentzat izan da.

Martxelo Otamendi, Itsaso Diego Jauregi-Arraburu, Beatriz Arana Ortiz eta Garo Azkue, atzo, BERRIA egunkariaren erredakzioan. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun

Txartatzea deitzen zaio metalari edo harriari distira ateratzeari. Ez du halako lustrerik Kirgizistanek, ez baita bidaiarien ohiko tokia. Horregatik jarri zion Itsaso Diego Jauregi-Arraburuk Txartatu gabeko ha(e)rribitxia izenburu intentzioz betea BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketara aurkeztutako lanari, eta distiraz irabazi du lehen saria.

 

Atzo egin zen sari banaketa, BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) egoitzan. Han izan ziren Garo Azkue Mendiak eta Herriak mendi gidarien elkarteko kidea, Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria, Itsaso Diego Jauregi-Arraburu irabazlea, eta Beatriz Arana Ortiz —bigarren saria irabazi du hark—. Mendiak eta Herriak elkartearen bidez, Cervino inguruan zeharkaldi bat egiteko aukera izango du lehen sarituak, eta Nafarroako landetxe batean egonaldi bat egitekoa bigarrenak.

«Pilulatan jaso nahi izan ditut ikusi eta entzundakoak, irudiak eta ahotsak. Elkarri helduriko ordeka eta gailurren segida delako Kirgizistan, eta horiek lekutzen dituzten ganadu talde eta pertsonak», abiatzen du bere kronika Diegok. Eta ederki eman ditu pilulak, ahoskatzeko ere zaila den herrialde horri buruz. «Lagun batek aspaldi eman zidan Kirgizistanen berri, eta ordutik neukan buruan joatea. Iaz sortu zen aukera, eta pentsatu nuen: 'Zergatik ez?'», azaldu du Diegok.

Hego Amerikara egindako bidaietan zailduagoa dago, eta «inoiz» joan gabekoa zen Asiako partera. «Sorpresa polit bat izan da: jendea, kultura, paisaia... nahasketa hori asko gustatu zait». Bakarrik abiatu zen Euskal Herritik, «plan jakin barik». Joan eta etorriko hegaldi bat, eta hilabete eta erdiko eten bat. «Behin hara iristean, motxilarekin, auto-stop eginez, zu bezala dabilen jendearen arrimura... egun batzuetan bakarrik, eta besteetan, beste bidaiari batzuekin».

Eguneroko baten gisara jaso ditu han bizitakoak, eta hangoen erretratu txikiak egin. «Hiri handiak ez daude asko; badaude guk ezagutzen ditugun ostatuak, bidaiari gehiago dituztenak, baina, herri txikietan-eta ostatu hartzeko, aukera zegoen familien etxeetan sartzeko, eta haien egunerokoa ezagutzeko».

Itsaso Diego lehen aldiz aurkeztu da lehiaketara. Bere bidaia guztietan hartzen ei ditu «oharrak», eta bazuen lehiaketaren berri: «Beste urte batzuetan ere kronikak irakurri izan ditut. Oraingoan denbora eta gogoa nuenez, saiatzea erabaki nuen, baina zozketa hor zegoela pentsatuz, ez irabazteko asmoz. Gustura egiten dudan ariketa bat da idaztea».

Beatriz Arana Ortizek ere bai. Bigarren aldiz aurkeztu da sariketara, eta bigarren saria irabazi du. Bost neska nafarrek Kretara (Grezia) egindako bidaia kontatu du. «Lagun bati izeba hil zitzaion Kretan, pandemia hasi aurretik. Bidaiaren xedea izan zen izebaren arrastoa aurkitzea: hura bizi izan zen etxea aurkitu, hura ezagutu zuen jendea ezagutu, eta haren hilobia ere topatu», azaldu du Aranak.

Pentagona jarri zion izena bere lanari: bost emakume zirelako bidaian —penta eta gona—. Bostak izeba Matilderen azken urtea berreraiki nahian: «Kate bat ginen, eta lotu egin ginen bidaian». Lana ez da bost eskutara idatzitakoa, hala ere. «Taldeak beti jakin izan du banuela idazteko asmoa. Elkarlan bat izan da. Nik pentsatuta neukan zer kontatu, baina iloba horrek gidatu ninduen idazketan. Hari esker ere sortu da lan hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.