ATZEKOZ AURRERA

Eskaileran, osasun publikorantz

Pentsio duinak, erietxe publiko bat eta Alde Zaharreko bizilagunen eskaerak aldarrikatu ditu Kabi Alai elkarteak Tolosako inauterietako txupinazoan. Antxon Elosegi izan da Kabi Alai Kuttuna.

Tolosako Plaza Zaharra, jendez lepo, suziria botatzear zeudela. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Tolosa
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Herriak nahi duena, osasun publikoa!». Hogei bat lagunen ahotsetik irtendako oihuak dira, Tolosako (Gipuzkoa) Plaza Zaharrean. Bi ilaratan antolatuta daude, eta jendearen artetik aurrerantz doaz, talde bakoitzak burdinazko eskailera bana daramala. Osasun langileen jantziak, baserritarren txapelak, maskarak eta zezenen belarriak dituzte soinean, eta balkoian dauden alkate eta udal ordezkari mozorrotuen hitzaldia eten nahian ari dira, aldarria behin eta berriz errepikatuz. Kabi Alai elkarteko kideak dira, urtero bezala txupinazoaren aurreko antzerkia egiten. Atzo eguerdian hasi ziren inauteriak, aldarrikapenak eta umorea lagun.

Inauteriei ongietorria ematen hasiak ziren udaletxeko balkoitik Kabi Alaiko kideek gorpuztutako udal ordezkariak, eta protestariak heldu dira orduantxe: «Baina zer gertatzen da? Nor zarete zuek?», galdetu diete, harrituta. «Aldarrikapen batzuk dauzkagu!», erantzun diete, eskailerak balkoi azpian jarri bitartean.

Behetik gora begira hasi dira udalari egin nahi dizkioten eskaerak zerrendatzen: etxebizitza berriak egin beharrean erietxe publiko bat egitea eskatu dute, eta pentsiodunen pentsioak 1.070 eurokoak izatea, besteak beste. Udal ordezkariek, ordea, aurre egin diete, eta alde egiteko eskatu: «Zer uste duzue, hona adar batzuekin etorri eta nahi duzuen guztia emango dizuegula?».

Protestariek, hori ikusita, «goazen gora!» esan, eta erasora jo dute. Udal ordezkariak, izututa, presaka sartu dira udaletxe barrura. Balkoia eurenganatu, eta hiru pankarta zintzilikatu dituzte orduan: «Sagardui, iruzurrik ez! Osasun publikoa orain!» dio nagusiak, eta «SOS Alde Zaharra» beste bik. Txalo zaparrada bat jaso dute ordainetan, Plaza Zaharra bete duten tolosarrek emana.

Zalaparta eta ke artean egon ostean, protestarietako batek hartu du hitza balkoitik, eta umorera jo du, Antton Telleria tolosarrak antzezten duen Enekoach pertsonaia imitatuz: «Gaizki pasa duzue, ezta? Ba, lasai, zuek lasai hartu arnasa».

Aldarrikapenak egin eta udalak eskaerak beteko dituela hitzeman ondoren hasi dira inauteriak: Antxon Elosegi izendatu dute Kabi Alai Kuttuna, eta bera arduratu da suziria botatzeaz. Inauterien alde egindako lana eskertu diote keinu horrekin. Horren atzetik hasi da festa: txaranga doinuen atzetik joan dira tolosarrak, kalez kale.

Jendea, gogotsu

Ohiturari jarraituz, txilabak jantzita eta txistorra pintxoak janez itxaron dute tolosarrek txupinazoa iritsi arteko tartean. Tantaz tanta joan da Plaza Zaharra betez, mosaiko koloretsua bihurtu arte. Haizea Hondarzabalek eta Maddi Zubiak aitortu dute «urduri» daudela, egun bereziak baitira inauteriak: «Urte osoan egoten gara Tolosako inauterien zain», azaldu dute. Igandean eta asteartean, kuadrillako lagunekin mozorrotuko dira, cowboyz; astelehenean, berriz, ikastolako aisialdi taldearekin, euskal mitologiaz.

Maddi Goia, Uxue Duha eta Ixaba Olano, berriz, plazako lehen lerroan egon dira zain txupinazoaren hasiera iritsi bitartean. Duela aste batzuk erabaki bezala, Stitch pertsonaiaz mozorrotuko dira aurten: «Egunero aterako gara; zezenak ikustera joango gara, eta ondo pasatzera. Lagunekin denbora pasatzea da kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.