ATZEKOZ AURRERA. Udane Hernaez. Donostiako Lilatoiaren antolatzailea

«Lilatoiak lasterketa izena du, baina ez da lasterketa bat»

Talde oparoetan ematen dute izena emakume askok Lilatoian, eta talde giro hori izaten du, oro har, probak berak. Hernaezek uste du horrek berezia egiten duela. Igandean egingo dute lasterketa, Donostian.

GORKA RUBIO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako lasterketa bat izango zen Lilatoia hastapenetan, orain dela 30 urte; Donostiakoak baino ez ziren izango, agian, aurreneko aldian bildu ziren 140 andreak; baina hedatu egin da, eta jada ez da hiriko lasterketa bat bakarrik, Udane Hernaez Atletico San Sebastian klubeko kide eta antolatzailearen irudiko (Andoain, Gipuzkoa, 1997), beste hiri eta herrietatik ere mordoka joaten baitira korrikalariak. 6.000 inguru batuko dira aurten, igande honetan. Ordubete izango dute lasterketa bukatzeko, eta, ondoren, beste hiru orduz gozatu ahalko dute Lila Poteaz, trikitilarien doinuak lagun.

Askok agendan markatua duten ekitaldia da Lilatoia.

Batzuek esaten dute prestatzen ari direla ere. Bost kilometroko lasterketa da, baina ongi egin nahi dute. Batzuk marka egiteko asmoz doaz. Baina gehiago da festa egun bat: 6.000 pertsona bilduko dira helburu berarekin. Gustura zaude berdin pentsatzen duten pertsonekin: badakizu ez zarela kritikatua izango, ez 10 minutuan bukatuta, ez 40 minutuan. Lasterketa izena du, baina ez da lasterketa bat.

Zerbait bereziagoa da, ezta?

Bai, jende asko joaten da emakumeen eskubideak aldarrikatzera. Iaz, lehenengo Lilatoitik korrika egiten duen emakume batekin egon nintzen, albiste bat egiteko, eta aipatu zidan hasieran kritikak jasotzen zituztela gizonen partetik, baina orain ez direla hainbeste entzuten. Esan zidan aurreko urtean gizonak animatzen ikusi zituela, eta asko gustatu zitzaiola.

Beraz, gizonek egiten dioten harrera aldatu da?

Denetarik dago. Beti daude kritikak, baina gutxitu egin dira. Kritikatzen dute berdintasuna nahi badugu ea zergatik ezin duten korrika egin emakumeek eta gizonek batera; hori betikoa da. Nire ustez, aldatu egingo da urteekin, baina oraindik asko falta da.

Emakumeontzat erosoagoa izateko egiten da ez-mistoa, ez da hala?

Denak emakumeak izanik, erosoago sentituko dira, bai; gizonak markarik onenak egitera joango lirateke, eta agian emakume batzuk ez lirateke hain eroso sentituko.

Beste berezitasun bat aipatzeko: emakume batzuek taldean ematen dute izena Lilatoian. Esaterako, Ondarroatik (Bizkaia) 114 laguneko talde batek eman du izena. Ohikoa da?

Bai, eta gero eta gehiagok ematen dute izena taldeka, ikastolaren eta, batez ere, emakumeen etxeen bidez. Emakumeen etxeetatik deitzen dute gehien izena emateko.

Eta beste kirol probetan ohikoa al da hori?

Ohikoa da taldean izena ematea, baina hamar edo hogeiko taldeetan. Ehun baino gehiagokoak ez ditut asko ikusi.

Talde giro hori igarriko da lasterketan bertan...

Bai. Giro oso polita egoten da, eta jendea gogoz doa. Politena da ikustea nola sentitzen diren helmugara heltzean. Mundu guztiak besarkatzen du elkar, elkar ezagutu gabe! Bukatutakoan, beste guztiak animatzen aritzen dira.

Zer lorpen izan ditu Lilatoiak 30 urtean?

Jendeak Lilatoia entzuten duenean, badaki zer lasterketa den, zertarako den; jendeak itxaron egiten du. Behobia esaten duzunean bezala. Duela 30 urte 140 emakume atera ziren, eta aurten jada 6.000 dira.

Orokorrean, gaur egun zein leku dute emakumeek atletismoan?

Klubeko atletismo sailekoek diote azken urteetan maila nahiko berdindu dela. Guk badugu atleta bat, Lorea Ibarzabal, Espainiako txapelduna izan dena bigarren urtez. Baina ez zaio hainbeste oihartzun ematen oraindik. Gizonezkoek irabazi eta egunkarietan agertzen dira; orain, baina, ez da ezer agertu. Emakumeen atletismoak badu tokia, baina oraindik ez zaio garrantzirik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.