ATZEKOZ AURRERA. Adriana Bilbao Zarraonandia. Flamenko dantzaria

«Bizimodu flamenkoa ez da zertan izan lore bat jarri eta txaloak jotzea»

Dotorearen, soilaren eta sotilaren konbinazio «indartsu eta sutsuak» erakarri zuten Adriana Bilbao flamenkora. Mugimenduekin hasi zen ez abestiekin, ohikoa denaren kontra. Estetikak harrapatzen du gaur.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ez du leinurik atzetik. Izerdia eta lanaren emaitza da Adriana Bilbao Zarraonandiaren flamenkoa (Bilbo, 1988). Dantza konpainia bat sortu zuen 2019an, eta, ordutik, hiru obra produzitu ditu: Burdina, Éclat eta Zarra. 2020tik sorkuntza fabrika bat garatzen ari da, artisten sinergiarako gunea izateko asmoarekin.

Euskal Herrian estigma berezirik sumatu duzu flamenkoaren inguruan?

Gero eta gehiago programatzen da flamenkoa. Jende asko ari da animatzen, ez bakarrik ikustera, baita klaseak hartzera ere. Afizio handiagoa dago orain.

Nondik jaso zenuen flamenkoarekiko grina eta pasioa?

Amarengandik. Berak ere txikitatik dantzatu izan zuen Bilbon, eta ni11 urte ingururekin hasi nintzen dantzan amarekin. Hark sortu zidan jakin-mina, eta 17 urterekin erabaki nuen segitzea.

Flamenkoan transmisiorako kate garrantzitsua da familia, ezta?

Gure familia ez da izan tradizio flamenkoduna. Kasualitatez harrapatuko zuen amak, eta berak transmititu zidan niri.

Egia da flamenkoa badela ahozko tradizioa duen artea. Eta ez pentsa asko dagoenik dokumentatua. Teoria eta historia ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi igaro denez, oso gutxi dago idatzita, egia denik edo zehatz konfirmatua dagoenik behintzat.

Dantzari askorentzat, flamenkoa bizitza ulertzeko modua da, ez da dantza soila.

Esaera bat da, eta jende askok erabiltzen du, baina bakoitzak nahieran ulertu behar du flamenkoa.

Bizimodu flamenkoa eramateak ez duelako zertan izan lore bat buruan jarri eta txaloak jotzea. Flamenkoa izan daiteke izaera irmoa duen pertsona bat, oso markatua duena eta ideia argiak dituena.

Alboratu egin zaituzte noizbait flamenkoa dantzatzen duzulako?

Ez. Ni beti errespetatu naute. Urte luzez egon naiz Madrilen eta Sevillan [Espainia] ikasten, lanean eta bizitzen. Hor jende oldea dago, mundu osoko jatorria duena, eta alderantziz: ni izan naiz hurbilenekoa sarritan. Askotan galdetu izan didate ea zergatik nabilen honetan bilbotarra izanik, baina ezjakintasunarekin lotu izan dut. Badagoelako oraindik jendea uste duena flamenkoa soilik izan daitekeela andaluziarren edo ijitoen kontua.

Eclat ikuskizunean modari egin diozu erreferentzia. Janzkera izan da abiapuntua?

Dantza ikuskizun bat da, jantzitegia oinarri duena. Asko zaintzen dut estetika, janzkera eta eszenografia. Arroparen kontua garrantzitsua iruditzen zait, funtsezkoenetik hasita: egunerokoan erabiltzen ditugunak. Hortik abiatu dut saioa.

Ibilbide bat irudikatu dut, iazko mendeko moda zibila ardatz: nola aldatu den janzteko modua, eta zer lotura duen horrek mugimendu sozialekin. XX. mendea asaldura handikoa izan zelako, eta horrek ezinbestez eragina izan zuelako gizartearen identitatean eta izaeran.

Zarra obra zure aitaita Telmo Zarraonandia futbolariari eskainia da. Nola orekatu dituzu dantza, futbola eta sentimenduak?

Konplikatuena enfokea izan zen. Futbola lotu behar nuelako dantzarekin. Eta gehitu nahi izan nion hunkiberatasuna, baina galdu gabe kirolak berariaz duen indarra eta izaera.

Bitxia zaizu gainontzekoek Athleticeko mito bat ikusten duten lekuan, zuk aitaita ikustea?

Bai, asko, eta horregatik nabarmendu nahi izan dugu hori ikuskizunean. Zarrak berezkoa zuen grina hori ere ageri da, hori delako jendeak ezagutzen zuena.

Nik etxean ezagutu nuenez, beharra neukan une intimoagoren bat sartzeko, elkartuko gintuena. Aitaitaren eta bilobaren harremana azalduko zuena. Hori bihurtu da obraren une hunkigarriena, niretzat beharrezkoa zen oholtzan hori sentitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.