Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Imanol Suso. Malabarista eta Zirkozaurreko kidea

«Metronomoa asko erabiltzen dugu»

Zirku garaikidea egiten dute Zirkozaurren: musika eta erritmo zehatzekin egiten dituzte malabarak ikuskizunetan. «Malabaristak gorputza mugitzen du; beraz, halako dantzari bat da», esan du Susok.
MARISOL RAMIREZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko abuztuak 11 - Iruñea

Txikitatik paratu ditu pilotak airean dantzan, eta, gaur egun, malabarista eta esku joko, oreka eta akrobazien irakaslea da Imanol Suso (Bilbo, 1997). Zirkozaurre Bilboko zirku eskola eta laborategian aritzen da, eta, gaur, Kobr3 malabar ikuskizuna eskainiko du Gorka Pereira eta Pablo Caceres artistekin batera. Iruñean izanen da, 20:00etan, O-ko Andre Mariaren plazan.

Zergatik da kobrea ikuskizun honetako hari eroalea?

Horrela deitzen da gure eszenografia kobrez egina dagoelako. Errail batzuk dauzkagu: horiekin, aulkiak eta mahaiak konektatzen ditugu, eta malabarak egiten ditugu.

Zenbait diziplina landu dituzue, ez bakarrik malabarak, ezta?

Batez ere malabarak egiten ditugu; hori da gure hizkuntza eta komunikatzeko modua; baina akrobaziak eta Cir gurpila ere egingo ditugu. Zirku garaikidea egiten dugu.

Zer ezaugarri behar ditu zirkuak garaikide etiketa izateko?

Guk dantza pauso batzuk sartzen ditugu, musikarekin konektatzen ditugu... ez dira bakarrik malabarak. Batzuek esaten digute dantza egiten dugula malabarekin.

Pilota dantza da malabarismoa?

Malabaristak gorputza mugitzen du; beraz, malabarista halako dantzari bat da, bai.

Ez dituzue pieza soilak prestatzen; zenbait ikuskizun eskaintzen dituzue. Zergatik molde horretan?

Hiru ikuskizun nagusi ditugu: Kobr3, Vademekun eta Harreman. Ikuskizun horiek Zirkozaurreko laborategian sortu dira. Laborategia profesionalei zuzenduta dago, eta malabarak eta mugimendua ikertzen eta lantzen ditugu, bukaeran ikuskizun bat sortzeko.

Esan duzu malabarak direla zuen hizkuntza. Zer berezitasun ditu? Nola mintzo zarete?

Malabarak asko konektatzen ditugu musikarekin. Malabarek mugimendua daukate, baina erritmoa ere badira, eta erritmo hori musika bihur daiteke. Laborategian, asko erabiltzen dugu metronomoa, denak pultsu berean joateko malabarekin, eta trukoak denek batera egiteko. Kobr3 ikuskizunean, koreografia asko egiten ditugu denek batera. Dena doa zehatz-mehatz.

Sinkronizazioarekin batera, oreka garrantzitsua da?

Malabarak oso erraz jausten dira; orduan, bost edo zazpi pilotarekin ari bagara, jendea adi-adi egoten da. Guretzat jolas bat da. Publikoa harritzea eta gu horretan mantentzea: oreka hori aurkitu behar da.

Zirkuak irakatsi dizu ezer egunerokoan baliagarri zaizuna?

Batez ere, iraunkortasuna eta esfortzua. Ametsak eta nahi dituzun gauzak bete daitezke iraunkortasunaren eta esfortzuaren bidez. Zirkua zera da: egitea eta egitea; etengabe entseatzea. Egitea, jaustea, baina berriro hartu eta berriro egitea, lortu arte.

Zergatik itzuli da zirkua?

Zirkua karpan egiten zen, eta gaur egun kalera atera da: antzokietan ikus dezakegu, eta beste espazio batzuetan. Horrekin batera, zirku espazio eta eskola asko daude; beraz, jendeak probatu dezake, eta horrek interesa sortzen du.

Zirkozaurren zirku eskola duzue. Sumatu duzue jende gehiago animatzen dela?

Gurean, eskolak urtero betetzen dira, batez ere haurrentzako zirkua, oihalak eta trapezioa. Clown eta malabar eskolak betetzea gehiago kostatzen da, baina jende asko dator zirkua egitera. Ez da harritzekoa: kirola da, ondo pasatzen duzu, eta taldean egiten duzu lan.

Askotan, haurrei lotzen zaie zirkua. Helduentzat ere bada?

Oraindik kostatzen da hori ulertaraztea. Zirku klasikoa imajinatzen dugu, pailazoak eta abar, baina ez da hori bakarrik. Guk zirku garaikidea egiten dugula diogu, baina zirku klasikotik ikasi dugu; haiek dira gure erreferenteak. Hori alboratu gabe, zirkuari puntu freskoa ere eman behar diogu.

Badago zirkuan aritzeko ikasketa arauturik?

Euskal Herrian hainbat eskola daude, baina ez dago titulu ofiziala ateratzerik. Horregatik, artista asko kanpora joaten dira: Madrilera, Bartzelonara, Parisera... Euskal Herrian eskola ofizial bat falta da zirkua ikasteko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...