KRITIKA. Antzerkia

Bernarda hil, alabak bizi

Agus Perez.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

'Andando. Lorca, 1936'

Konpainia: La Compagnie des Petits Champs. Testuak: Federico Garcia Lorca. Zuzendaritza, moldaketa eta itzulpenak: Daniel San Pedro.Lekua: Baionako antzokia. Eguna: Martxoak 13.

Bernarda Alba zendu da. Solemnitate handiz dator segizioa, intsentsu-ontzi handi batekin eta guzti. Aho eszeniko osoa tapatzen zuen mantelina erraldoiak ederki sinbolizatu du Bernardaren tirania pean eta mundutik aparte bizi izan diren emakume haien isolamendua. Altxatu egin dute mantelina, kirioak piztu dituzte, eszenan sartu da segizioa eta Galiziako botafumeiro eran altxatu eta kulunkatu dute intsentsu-ontzia, hilkutxaren aurrean. Denak doaz beltzez jantzita, eta airean dolu-kanpaiak entzuten dira.

Daniel San Pedro antzerki zuzendari eta itzultzailea (Merignac, Okzitania, 1966) aditutzat jo daiteke Lorcaren gaietan, eta Baionako antzokian estreinatu duen obra baino lehen egilearen beste bi antzezlan nagusiak eszenaratuak ditu, baina Yerma eta Noces de sang (Bodas de sangre jatorrizkoan) muntatu ostean beste bide batzuetatik ibili da oraingo honetan, eta horregatik ez dio lan honi La casa de Bernarda Alba zuzenean deitu. Bestetik, aipatzeko da haren hitzetan «espainolkeriarik gabe» landu duela Lorcaren legatua.

Izan ere, La Cuadra de Sevilla taldearen handitasuna gogoratu digun hasiera formal horren ostean, poetaren unibertso lirikoan murgildu da zuzendaria, eta Andando. Lorca, 1936 honetan Bernarda Albaren hiletaren ostean has zitekeen bizitza librea irudikatu nahi izan du, Lorcaren hainbat idazki, olerki eta gutun baliatuta eta jatorrizko pertsonaien banaketan aldaketa libreak eginez: orain sei emakume ikusiko ditugu bost alaba, amama eta Ponciaren ordez, eta Pepe el Romanoren figura —orduan ere ez zen eszenan agertzen— tramoiako kontuez arduratu den pertsonaia isil batek ordezkatu du, Pepe hark bezala emakumeen inguruan eta harien gaineko nolabaiteko eragina edukiz.

Aske dira orain emakumeak, eta apurka-apurka joango dira beren arropak eta soinekoak edertasuna eta koloreak hartzen, etxe hartako sapa eta nolabaiteko nagikeria giroan. Beltzez jarraituko du haietariko batek, eta faxisten alde jarri haiek hasi berri duten gerran; beste bat, ordea, miliziano egingo da, orduko emakume askok egin zuten bezala. Tarteko aukeretan, bat New Yorkera aldatuko da —Poeta en Nueva York gogoan—, eta gainontzekoek beste hautu batzuk egingo dituzte.

Esan bezala, egilearen testu hautaketak gidatu du emanaldia, eta testuak Pascal Sanglaren musikatze poetikoan eta antzezle-abeslarien ahots landuetan bilduta etorri dira, hiru musikarik interpretatuta, eta piano, biolin, laute, gitarra elektriko eta kontrabaxua lagun. Bide horretatik, kontzertu antzeztu batean egotearen inpresioa izan dugu batzuetan, eta besteetan, poema musikatuen emanaldi batean, betiere fineziaren eta edertasunaren lurraldeetatik irten gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.