ATZEKOZ AURRERA. Ines Bengoa. Kontalaria

«Gozamenarekin ere lotu daiteke hotzikara»

Helduentzat ere badira ipuinak, eta erotikoak dira Bengoak kontatzen dituenak. Topikoak apurtzeko ariketa bat da 'Hotzikara, ipuin erotikoak' izeneko ikuskizuna: «Gai hauekin sekulako beldurrak daude oraindik».

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gozamen erotikoaren historia. Horixe da Hotzikara, ipuin erotikoak ikuskizuna, Ines Bengoak (Puerto de la Cruz, Kanariak, Espainia, 1973) azaldu duenez. Baina bada bilakaera pertsonal baten emaitza ere. Iosu Lizarraga akordeoilariarekin batera ondu du lana. Cintruenigon (Nafarroa) emango dute, urriaren 22an.

Hotzikarak nori?

Ikuskizunean kontatzen dut. Istorio baten protagonistak sentitzen duen hotzikarari buruz ari naiz, baina entzuten duenak ere sentitzen badu, gu pozik.

Hotzikarak nola?

Ez da beldurrezko hotzikara bat. Gorputzak modu gustagarrian ere senti dezake hotzikara. Normalean, beldurrarekin eta ikararekin lotzen dugu, baina pixka bat sakontzen badugu, gozamenarekin ere lotu daiteke hotzikara.

Erotismoak badauka generorik?

Ez dut uste. Gauza orokor bat dela esango nuke.

Baina orain arteko irakurketa egin da horretan ere gizonezkoaren ikuspegitik?

Bai, hori hala egin da. Gizona gauza guztien erdigunean egon delako. Emakumeok haren mundu ikuskeraren inguruan ibili gara beti, eta garai honetan geroz eta gehiago ari gara konturatzen, gizarte gisa, emakumearen ikuspuntua existitzen dela, eta emakumea naizen aldetik, nire ikuspuntutik kontatzen dut erotismoaren bilakaera hori.

Zer publiko motarekin egin duzu topo zure ikuskizunean?

Denetarik dago, herrien araberakoa izaten da. Konturatu naizena da ekitaldi kulturaletara gehien gerturatzen dena emakumezkoa dela, eta heldua. Nik horrekin ez nuen kontatzen. Haurrekin egin izan dut lana, batez ere. Helduentzako istorioak kontatzen hasi nintzenean, ez nuen uste publiko hori izango nuenik. Baina, era berean, pozik nago. Ikusten dut, eta ez nintzen kontziente horretaz, emakumeak zer- nolako garrantzia duen kulturak aurrera egin dezan.

Eta publiko horrek nola erreakzionatzen du?

Inoiz ez dakizu jendeak nola erreakzionatuko duen. Zer izango den barregarria, zer sakona... nik aukeratu ditudan istorioak aukeratu ditut niri barrua mugiarazten didatelako. Ez da askotan nik espero nuen erreakzioa, baina oso pozik nago izan dutenarekin. Gustura hartzen du jendeak.

Nondik nora sortu zen ideia?

Kontua da helduentzako istorioak ikusi nonahi egiten ditugula —pelikuletan, publizitatean...—, baina entzun, inon ez. Horri buruz hasi nintzen hausnartzen. Sexua, sexualitatea... Gauza bat da nik kontatzen dudana, eta bestea da entzule bakoitzak bere barruan egiten duen ariketa. Iruditu zitzaidan gauza polita, bitxia izan zitekeela, eta musikarekin lagunduta, are bereziagoa izango zela.

Topiko asko daude oraindik erotismoaren inguruan?

Bai, eta ikuskizun honetan badago asmo bat horiek apurtzeko. Nik neronek ere banituen nireak, eta apurtu behar izan ditut. Horiei buruz pentsatzen hasten zaren arte, ez zara jabetzen. Urtebeteko lana izan zen istorioak bilatu eta nire barneko garbiketa egitea.

Jarri behar izan diozu mugarik zeure buruari? Politikoki zuzenegiak gara?

Saioa saltzeko orduan, interesatuta dagoen norbaitek deitzen didanean, neure burua behartuta ikusten dut azaltzera errespetuz egindako saio bat dela. Gai hauekin sekulako beldurrak daude oraindik. Azaldu behar diot hori kontratatzen nauenari, eta saioa hasten dudanean ere, aurrea daukadan publikoaren arabera, neure burua behartuta ikusten dut esatera nolakoa izango den. Halako tentsio bat nabaritu izan dut giroan, helduak izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.